Iñaki Aldabalde: "Arazoa Ez Da Droga, Pertsona Eta Gizartea Baizik"


1986ko apirilaren 13an
Iñaki Aldabalde ir elkarrizketa
Hezkuntza Integrala Eta Egituren Aldaketa Proposatzen Ditu Konponbide Bezala
Iñaki Aldabalde: "Arazoa Ez Da Droga, Pertsona Eta Gizartea Baizik"
Urte asko dira Iñaki Aldabalde drogazaleen artean lanean dabilela. 50 urte dauzka eta primeran ikusi dugu gazteen artean, Donostian "Gizakia Helburu" programak daukan harrera etxean. Drogodependentziari buruzko ihardunaldi batzuk ospatu berri dira Donostian eta hor ere parte hartu du. Esatea dago, Gipuzkoa mailan, gai hau hurbilenetik segitu duen pertsonetako bat dugula. Bere historia jorraitzea drogak gure artean daraman historia segitzea bezalakoa da.
ERANTZUNA: Duela zortzi urte, hogei urtez kanpoan egon ondoren, atentzioa deitu zidan jende multzo bat-ikusi nuen hemen. Sikiatrikora joan nintzen eta gazte batzuk ikusi nituen han. "Toxikomanoak" zirela zioten, "drogadiktoak". Beste guziekin batera nahasturik zeuden sikiatrikoan. Eragin handia izan zuen horrek nigan eta gazte haiekin hitzegiten hasi nintzen. Gazte jendea zen hura. Sufritzen ari zen gazte jende bat. Ikara eta beldurra zeukaten. Pertsonak ziren.
GALDERA: Eta hor enrroilatzen hasi zinen...
ERANTZUNA:Pisu bat bilatu eta sei zazpi gazterekin jarri nintzen bizitzen. Urte batzuk pasa beraiekin eta konturatu nintzen gizarteak egiten dituen sailkaketen artean, mozkorrak, putak, homosexualak, presoak, eroak beste sail berri bat sortua zegoela, eta oso erraza zela gizarteak multzo berri hau ere sailkatzea eta hor uztea. Horiekin bizitzen ezagutu nuen urte horietan drogaren mundua eta drogaren azpian dagoena. Beraiek kriston pirulak montatzen zizkidaten. Detenitzen zituzten. Komisariara joan behar izaten nuen. Kontatzen zidaten nola poliziak eta goardia zibilek droga eskaintzen zieten. Zer nolako txantaiak egiten dizkieten. Amsterdam, Thailandia eta horrelakoetara bidaiak egiten hasten ziren mutikoak eta polizia ezikusiarena egiten. Lau bost urte horietan garbi ikusi nuen interes handiak zeudela droga Euskal Herrian sartzeko.
GALDERA: Nola izan da drogaren sarrera hau?
ERANTZUNA: Duela urte asko sartzea zeukan drogak hemen, eta ez zen sartu. Franco hil, eta herri hau ilusioz beterik hasten denean herri bat izan nahian, zast!, eta orduan sartzen da droga. Gero krisisa etorriko da, eta interes ekonomikoa ere sortuko da. Ondo bizi izan den hainbat eta hainbat familiak diru iturri erraz bezala aurkituko du droga. Interes politiko eta ekonomikoak zeudela droga sartzeko, garbi ikusi nuen. Baina interes politiko eta ekonomiko horiezaz gain demanda handi bat ere bazegoela konturatu nintzen. Oferta bazegoen, baina gazte jendearen parte handi batek "zerbait" behar zuen mundu honetan sentitzen zuen hutsunea betetzeko. Borrokan aritutako jende bat ere droga kontsumatzen hasiko da. Gizarte berri baten alde politikoki, sozialki... borrokan aritutako gazte batzuk konturatzen dira oso zaila dela, eta droga kontsumitzen hasten dira. Frustrazioa dator. Frustrazioa ilusio bat izan duen jendearentzat, ze ondoren beste gazte jende sail bat etorriko da bizitzeko ere ilusiorik izango ez duena. Eta hor ere sartu egingo da droga. Droga pertsona ez dagoen tokira sartzen da.
GALDERA: Dagoneko topiko xamarra bada ere, gazte bat nola sartzen da horretan?
ERANTZUNA: Hogei hogeita bost urteko gaztea, hainbeste galderekin inguruan, hainbeste folloiekin, hain gogo gutxirekin ezertarako... planteatzen hasten da ea zertarako bizi beste berrogei urtetan. Dena gaizki dauka eta bestalde zoriona nahi du. Zorion hori artifizialki bilatuko du. Oso ondo aprobetxatuko dute hori hortik dirua atera nahi duten lau putakumek eta heroina edo koka sartuko dute negozio bat bezala. Eta horrela ulertu behar ditugu: kontsumo beste produkto bat bezala. Alkohola, kotxea edo telebista bezala. Kontsumo gizartearen beste produkto bat bezala. Demanda handia daukana eta oso erraza dena dirua egiteko.
Orduan hasten zara konturatzen arazoa ez dela droga, eta konponbidea ez dela gizarteak ematen duena. Soluzioa ez da klinika edo gartzela. Gizarteak gaixo edo delinkuente gisara tratatzen ditu pertsona hauek eta planteamendu okerra da. Egia da heroinaren ondorioz gaixotasunak harrapatzen direla eta jende bat hil ere egiten dela. Egia da heroina lortzeko jende. honek lapurretan egiten duela. Baina hori ondorio bat da. Gramuak 20.000 pezeta balio duen produkto bat da heroina. Planteatu behar duk diru hori nola atera. Eta pertsona hori gauza da bere ama ere akabatzeko dirua eta heroina lortzeko.
Beldur pertsonala eta kolektiboa bizi duen gizarte izutu batetan bizi gara. Baldintza ezin hobeak daude droga nahi izateko. Hori horrela dagoen bitartean metodo sanitario eta errepresiboak ez dira inondik inorako soluzio.
GALDERA: Beste metodo batzurekin ere hasi zineten duela urte batzu?
ERANTZUNA: Urte batzuk pasa eta jendea droga utzi nahian hasten da. Gaizki dago. Zerbait egiten hasi nahi du. Orduan "baserri"en esperientziari eman zitzaion hasiera. Berastegin aurrena, Jaizkibelen, Orioko Aian... zerbait egin nahi genuen eta beti gaizki ateratzen zitzaigun. Ondo hasten zen eta gero porrot egiten zuen. Ondo hasi eta porrot. Beti gauza bera.
Orduan hasi ginen elkarteak sortzen. AGIPAD aurrena, dirua zuen jendearekin, nahiko elkarte itxia. D.E.E. gero, erreibindikatiboago eta borrokalariagoa, baina beti ere hildo asistentzialista batetan.
Esperientzia guzti hauetan izan genuen pekatu hori: oso paternalista eta asistentzialista izan ohi gara. "Drogazale gaixoa, lagundu behar dugu"... planteamendu horrekin ez nintzen inoiz gustora sentitu. Arazoa zen beste irtenbiderik ez zegoela. Hemendik atera beharra zegoen eta kanpora joan ikastera. EEBBetan 50-60 daramatzate arazo honekin eta zenbait konponbide ezberdin ere asmatu izan dituzte.
GALDERA: Italian izan zinen orduan...
ERANTZUNA: Duela lau bat urte ezagutu genuen Italian programa berri bat. Hura ikusi eta berehala konturatu nintzen hura zela behar genuena. Pertsona bilatzen zuen programa bat zen. Droga aipatu ere egiten ez zuen programa bat. "Proyecto Hombre" delakoa zen eta berez EEBBetatik zetorren, toxikomano ohiek lantzen zituzten komunitateetatik. Elkarri laguntzea zen proiektuaren mamia. Arazoa ikusteko beste ikusmira bat eskaini zigun programa honek: arazoa ez da droga, arazoa pertsona da.
Hori ezagutu nuenean Diputazioa eta Jaurlaritza jakinaren gainean jarri nituen. Ordurarte ez ziguten laguntza handirik eskaini, baina jakinaren gainean jarri nituen. Kasualitate batez ordea, Setien gotzaiak, Italian bertan programa berbera ezagutu eta erabat konbentziturik gelditu zen berarekin. Eleizak proiektu hau aurrera ateratzea erabaki zuen. Neretzat, proiektua martxan jartzeko bidea izan zen. Gazte batzuk aukeratu eta Italiara joaten hasi ginen orduan...
GALDERA: Entzun izan dudanez programa bera zure haragitan pasa izan duzu oso osorik, eta ez omen da oso samurra. Ze diferentzia dago hemen egiten zenuten tratamendu haren eta «Gizakia helburu» programako horren artean?
ERANTZUNA: Hemen baserrietan eta egiten genuena asistentzia modura egiten genuen. Gu onak ginen, drogazaleak gaiztoak, gaixoak... laguntzera gindoazen. Oker genbiltzan. Proiektu hau pertsonak birreraikitzera doa. Horregatik guk Italian egin duguna ez da izan ikastaro tekniko bat. Krisis batetan murgildu gareneko garai bat izan da. Begira, nik berrogeita hamar urte dauzkat. Orduan, nere buruaren aurrean jarri eta hasi "Iñaki, nik modu batetara eraiki diat nire bizimodua. Iñaki, horrelakoa haiz". Toxikomanoak ere bere imajina sortzen du. Bere buruarekiko muntaia eginik dauka. Italiako horretan aldiz, behera erori zitzaizkigun eskema guztiak. Konturatzen haiz bizitzan zehar sortutako hire irudi horrezaz. Konturatzen haiz ondo ibili haizela irudi horrekin, baina tranpa egin dioala heure buruari. Benetan ez haizela ondratua izan hire buruarekin. Orduan bizi oso baten historia birplanteatzen duk. Nik ezin diot eskatu mutiko bati, "bera" izaten has dadin, heroinaren mundua utz dezan, ez dadin gehiago txuta, baldin eta ni ez banaiz ahalegintzen beste heroina batzuk, beste zaldi batzuk, beste dependentzia batzuk uzten. Absurdoa duk! Orduan, nire bizitza kuestionatu eta birplanteatu behar diat. Ispiluaren aurrean larru gorritan gelditu behar nauk. "Iñaki, hau, hau eta hau da. Hau duk Iñakiren kaka guzia! Hauek dira bere kontradizioak... Eta hauek dira Iñakiren gauza onak!". Txarra eta ona zer den ikusi eta orduan hasiko naiz saiatzen gero eta kaka gutxiago izaten eta alde onak baloratzen. Sorpresa handiak eramaten dituk, onak eta txarrak. Hori da nere buruarekin egin beharrekoa horixe delako gero aurrean jarriko zaidan gaztearekin egin beharko dudana. Heroina-koka-diruaren zurrunbiloaren erdian bizi den gazte horrek, gizarte osoari putamierda bat dela entzuten dioneko gazte horrek, guzti hori desmontatu behar du nor den ezagutu ahal izateko.
GALDERA: Pertsonari buruz hitzegin dugu, baina testuinguru honetan badago beste faktore bat, hau ere oso eraginkorra dena: familia.
ERANTZUNA: Familiak huts egin du, porrot egin du. Toxikomano bat egiten joan da. Drogazale baten amak bere semearen argazkia erakusten didanean hondartzan futbolean jokatzen, sendo, fuerte, eder... eta gero orain daukan semeari begiratzen dionean "monstruo" bat eginda... esaten diot hori ez dela bere semea. Ikusi beharra dago jaio denetik zer pasa zaion. Heziketak porrot egin du.
Semea, bost urte izan bitartean jostailu bat da bere gurasoentzat. Hortik aurrera, ikastolan etabar, behar batzuk hasten zaizkio sortzen. Behar material hutsak. Eta haur hori arazoak izaten hasten da. Helduak dio: "Horrek arazoak? Arazoak nik dauzkat!". Eta gezurra da. Haurrak ere bere arazoak ditu. Aita lanean ikusten du. Ama ere lanean. Ez ditu entenditzen. Hor gelditzen da erdian. Futbolera doa eta entrenadoreak partidua irabaztea besterik ez du nahi, ingelesera joan eta ingelesa ikasi dezan besterik ez du nahi irakasleak, eskolara joan eta konpetitiboki ikastea... mutiko hori frustrazioz betetzen hasten da beste bat adina ez dela konturatzean, putamierda bat dela pentsatzen hasten da.
Inor ez da arduratzen haur horretaz hamabost urte dauzkan bitartean. Eta hamabost urterekin, zer? Ba, gizondu egin dela haur hori, heldu egin dela. Egun batez, beste pertsona bat ikusi dute gurasoek. Hamar urte pasa dira eta ez dira konturatu ere egin. Zerbait egin behar dutela pentsatzen hasten dira, baina hamabost urtetako bizitza bat dago han eta arazo asko sortu dira han barruan. Komunikatu nahian hasten dira orduan gurasoak, eta gazte horiek paso egiten dute. Urte asko pasa ditu semeak komunikatu nahian eta gurasoek ez diote kasorik egin. Orain dauzkan arazoetarako konturatzen da gurasoek ez diotela ulertu ere egiten. Bakardade ikaragarri bat dauka adin horretako gazteak.
Prebentzioak hortik hasi behar du. Hezketa prozesu baten birplanteaketa osoa da. Familia, irakaskuntza... dena sartzen da hor. Hezketa integrala behar da, askatzailea... iraultza oso bat. Egiturak aldatu behar dira, bestela alperrik ari gara. "Gutxiago ikusten da" esaten dizute, eta gezurra da. Gizarteak ezkutatu egiten du arazoa, asumitu.
GALDERA: "Gizakia helburu" programaz duela urtebete, martxoan, argitaratu genuen erreportaia bat ARGIAn. Hara jo dezake irakurleak interesik badu. Dagoneko hirugarren fasea ere martxan dago. Ikusten al da baserrietako esperientzia haietan baino emaitza hobeagorik?
ERANTZUNA: Ezin da konparatu ere egin. Jende honetan ez da iada drogarik sartuko. Pertsonak ikusten dituzu. Bizitzeko gogoz ikusten dituzu. Kalean bizi dira. Bere kolegekin. Hor ez da droga sartzen. Baserrietan berriz zer egiten zen? Lanaren oinarrituz hezitzen zen mutikoa. Kalean ordea lanik ez badu gero? Astebetera hasi da berriro txutatzen. Bizitzari aurre egiten erakutsi behar zaio pertsona horri. "Patriarca"n ere hiru edo lau urte pasatzen ditu batek drogatu gabe. Gero kalera atera eta berriz engantxatzen da. Arazoa ez da droga uztea, arazoa kalean bizitzea da.
Heziketa sistema osoa aldatu behar dela uste dugu. Programa hau rupturista da... Horregatik uste dugu kakan barruan gehien sarturik egon den pertsonak orduan eta errekurtso gehiago dauzkala gero borrokan egiteko eta sistema hori aldatzen joateko.
GALDERA: Asko ari gara hitzegiten pertsonaz. Sozial mailan zer pentsatu duzue?
ERANTZUNA: Kontutan hartu hiru urte daramatzagula tingladu hau martxan jartzen. Ehun lagun baino gehiago daude hemen eta hamabi monitore guztientzat. Lan handia da, zerbait martxan jartzea delako. Hori martxan jartzen zentratu gara orain arte. Hitzaldietan eta solasaldietan filosofia hau zabaltzen ahalegindu gara. Baina ez guk nahi adina. Gure asmoa da hirugarren fase hau ere martxan dagoelarik prebentzioa eta trafikoa bezalako beste gai batzuri gehiago lotzea. Nik behintzat hori nahi dut. ASKAGINTZAra dedikatu gehiago. Eta programa hau beste arlo batzutan ere martxan jarri. Alkoholismoaren gaian, irakaskuntzan... sektore gehienetara eraman hemen dagoen filosofia hau. Sistemari interesatu egiten zaio drogaren alde ala kontra ager gaitezen. Drogari buruz hitzegin dezagun. Drogazaleak "sendatu" eta horrela planteatzea gaia. Guk ezin dugu joku horretan erori. Eskema hori apurtu egin behar dugu. Arazoa pertsonak bizi dituen kontradizioak direla. Gizartea frakaso bat dela. Gure borroka gure herria hezitzea izango da. Erakustea zer gertatzen den pertsona baten barruan, auzo batean... Zer gertatzen den droga ikusten deneko herri batean. Droga ikusten dela, baina hori izeberg baten punta baino ez dela, azpian kontradizio mordo bat dagoela eta agertarazi behar direla. 2.000. urtera begira ari gara lanean.
GALDERA: Gauza bat da pertsona egitea, birregitea... baina gauza da ze pertsona proiektu egiten den... Ze Setien gotzaiak izan dezakeen proiektua edota ASKAGINTZAn dabilen jendeak izan dezakena ez dut uste bat ere berdinak izango direnik...
ERANTZUNA: Noski, gai politiko bat duk horixe. Garbi esango diat. Hau martxan jartzean sentitu izan banintz interes zehatzen batengatik manipulatuta segituan bidaliko nikek popatik hartzera. Eliza izan edo HB izan. Neretzat pertsona dago lehendabizi. Setienekin gauza gehienetan bat etortzen ez banaiz ere gai honetan ondradu jokatu du: askatasun osoa eman dit. Horrezaz kanpo nik garbi daukat ez dela gizabanakoa birregin behar den bakarra, baizik eta gizarte osoaren egiturak direla aldatu beharreko.
Joxe MOLLARRI
27-31

GaiezGizarteaDrogaDesintoxika
PertsonaiazALDABALDE1
EgileezMOLLARRI1Gizartea

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude