Euskararen Eguna: asmo zabal baten lehen urratsa


1985eko apirilaren 28an
EKB (Euskarazko Kulturaren Batzarra)ko kideei elkarrizketa
Euskarazko Kulturaren Batzarreak antolatuta, maiatzaren 3an
Euskararen Eguna: asmo zabal baten lehen urratsa
Prentsaurreko bat eskaini zuten joan zen ostiralean EKBren bozaramaileek Donostiako Udaletxean. Bertan "Euskararen Plangintzaren Oinarriak", liburua eta maiatzaren 3an ospatuko den "Euskararen Eguna" aurkeztu zituzten. Egunkariek ekarri zuten prentsaurreko horren berri. ARGIAk, EKBko prentsa-komunikabideak saileko partaide bezala, bere bultzadatxoa eman nahi dio egun honi. Hona hamen egun horri buruz dauden berriak.
A.–"Euskararen Eguna" zergatik maiatzaren 3an?
EKB–Alde batetik urtean zehar izango diren sailetako beste ekintza guztien aurkezpen moduko bat izan nahi duelako. Hau da, urtean zehar izaten dira beste «Euskararen Egunak». «Kilometroak», «Korrika», «Herri Urratsak», «Nafarroa Oinez»... etabarrak ere «Euskararen Egunak» dira nolabait esatearren. Ikastolen edo Alfabetatze Euskalduntzearen arazoen zabaltzetik abiatuz euskararen aldarrikatze osora iragaten dira. Maiatzaren 3an guztien eskakizunak batera egiteko aukera ikusi dugu.
A.–Beste ekintza horiekiko diferentziak nabarmenak dira. Ez da konzentrazio handirik toki batean izango. Herritara eta auzotara jo duzue bertan taldeak koordinatu daitezen eta koordinaketak urtean zehar iraun dezan...
EKB.–Beste ezberdintasun bat ere aipatuko genizuke. «Korrika», «Ibilaldia» eta sailetako ekintza normalek euskararen aldeko kanpaina egiteaz gain dirua biltzeko sortuak dira. "Euskararen Eguna" berriz ez da izango euskararen alde dirua biltzeko. Kontzientziatze lana egin nahi dugu. Euskadiko hiritarren jaberazpena euskararen egoerarekiko. Piztu egin behar dira kontzientziak.
A.–Kontzientziatze lan hori nola ikusten duzue?
EKB.–Gauza bat garbia da, zenbait udaletxek eta diputazioren batek egindako kanpaina soil batzutaz aparte Euskadiko aginteek ez dute lan seriorik egin alor honetan. Datu batzuk badaude eta hor esaten da Euskal Herriko biztanlegoaren hiru laurdenak baino gehiago direla euskararen aldeko jarrera daukatenak. Jarrera hori daukan jendea euskara ikastera bultzatzeko kanpaina handiak egin beharrak daude. Ez bakarrik iragarkiak eta publizitatea eginez.
A.–Nola?
EKB.–Herri osoa horretan inplikatuz. Euskalduna euskara erabiltzera bultzatu behar da. Eta euskaldun kontzientziatua beste hiritarrekiko eragile izatera. Hauek dira aurrena lotu behar direnak. Euskara erabiltzera bultzatu eta lagun erdaldunak euskara ikastera lagundu. Euskaldun bakoitzak lau lagun erdaldun euskaldundu beharko lituzke egoerari buelta emateko.
A.–Ez dirudi hain zalla ez?
EKB.– Ez dirudi baina hala da. Normalean Euskal Herriko bizteanleen laurdena estimatzen da euskaldun bezala. Euskaldun erdara dakigunak ez ahaztu hau. Erdaldunetaz hitzegiten dugunean erdaldun hutsak dira. Euskaldunak ez gara euskaldun hutsak. Euskaldun elebidunen laurden horretatik eguneroko bizitzan «benetan» euskaraz bizi direnak oso oso gutxi dira. Zenbait herritan euskararen erabilerarekiko egin diren inkestak ikusi eta harrituta geldituko ginateke emaitzekin. Uste baino askoz ere gutxiago erabiltzen da euskara.
A.–Eta...
EKB.–Eta, hain euskaldun "praktikante" gutxi izanda ez dela hain erraza bakoitzak lau erdaldun euskalduntzea. Horregatik diogu euskaldunen artean ere ikaragarrizko lana egin beharra dagoela euskararen premia sortzea euskaldunen esku dagoela aditzera emateko.
A.–Proposatzen duzuena, pertsona konkretuen egin beharraz aparte, talde, elkarte eta dagoeneko martxan danden erakundeen esku geratuko da. Nolako erantzuna izan du EKBren koordinaketa asmo honek?
EKB.–Jakina den bezala bi urte dira lanean hasi ginenetik. Hamalau bat sail euskararen arloan lanean dabiltzanak sartzen dira EKBn. Bi urte hauetan ikusi dena da asmoa ezaguna bilakatu dela. Hasieran sail bakoitzeko lagun batzu besterik ez ziren izan asmo honekin hasitakoak. Gaur egun sail bakoitzeko erakunde batzuk badira lanean ari direnak eta ideia honegatik apustu egin dutenak. Esan beharra daukagu irekita gaudela edozein kultur elkarte edo erakunde gurekin lanean hartzeko duela gutxi argitaratu dugun «Euskararen Plangintzaren Oinarriak» izeneko dossierrean aipatzen diren puntuak onartuz gero.
A.–Dossierra aipatu duzue. «Euskararen Egunerako» hartu duzuen leloa eta dossier horren izenburua bide beretik doaz: Euskararen Plangintza dute oinarri.
EKB.– Oinarri baino gehiago esango genuke helburu. Epe motzerako helburu alegia. Plangintza tresna bat da, euskararen berreskurapenerako ezinbesteko lanabesa. Urteak dira Euskal Herria berreuskalduntzeko plangintza baten beharra ikusi eta eskatzen hasi zenetik.
A. - «Euskara Greban» hartan eta «Euskararen Normalizazioaren aldeko manifestaldia»n plangintza zen eskatzen zena... Bi urte joan dira.
EKB.–Gehiago ere bai. Plangintzaren beharrari ez dio inork oraingoz erantzun. Espero zen Komunitate Autonomoko agintariek lan serio bat egingo zutela baina ez da horrela gertatu.
A.– Dena dela Euskararen Plangintza serio batek Komunitate Autonomoaren markoa gainditu beharko luke ez?
EKB.–Bai noski! Horregatik eskatzen dugu Komunitate Autonomoa, Nafarroa eta Ipar Euskadiko probintzietako aginteak bildu daitezen, beste zenbait gauzen artean, amankomunean daukaten gai batean, hau da, euskararen etorkizunean. Aginte horiek dira plangintza egin dezaketenak eta hori bete dadin baldintzak jarri ditzaketenak. Beraiek darabilkite hiritar guztiok ordaintzen dugun dirua. Beraiek dira plangintzarako behar diren azterketa zehatzak antola ditzaketenak. Beraiena da erantzunkizunik nagusiena. Ezin ahaztuko dugu ordea euskalgintzan diharduten indar guztien hitza.
A.–Hitz hori da nolabait «Euskararen Planginizarako Oinarriak» dossierrean bildu duzuena.
EKB.– Dossierrean bere jarrera agertzen du EKBk euskararen eta euskal kulturaren plangintzaren aurrean. Herri mugimendutik abiatuz plangintza horren oinarriak eta ardatzak zehaztu nahi ditu, zehazki aitortuz, ordea, ez duela bere eginkizuna plangintza hori gorpuztea, eginkizun hori administrazio publikoei dagokielako.
A.–Dossierra «Jakin» aldizkarian argitaratu duzue monografia gisa...
EKB.–Eta separata gisa beste tirada extra bat. «Jakin»eko harpidedunetaz aparte tirada aparteko bat egin dugu sailez sail banatzeko liburua. Dagoeneko badakigu zenbait sailetan erabilia dutela eta oso baliagarria suertatu zaiela. «Euskararen Egunean» ére zabalduko dira sail bakoitzaren bitartez.
A.–Ideia hanek zabaltzeko liburua baino zerbait gehixeago beharko da...
EKB.–Horretarako antolatu dugu «Euskararen Eguna». Egun horren inguruan artikulu, mahainguru, hitzaldi eta beste mila ekintza informatibo antolatuko direlako erreibindikazio eta festa girokoen ondoan. Tripatiko bat ere atera dugu auzo eta herritan banatzeko. Esfortzu handi bat egiten ari gara medio urri batzuri etekin handiena ateratzeko. Kontutan hartu EKBn integratzen diren euskal erakunde eta elkarte denak defizitarioak direla berez eta ez dela erraza dirua jartzea kanpaina bat antolatzeko. Esan beharra dago gainera, Euskararen Plangintza bezala, euskararen aldeko kontzientziatze kanpainak aginteek finantziatu beharko lituzketela.
A. - «Euskararen Egunaren» prestaketa nola izan da?
EKB.–Lehendabizi nolakoa nahi genuen ikusi behar zen. Modu bat bilatu beharra zegoen sail bakoitzak bere erreibindikazioak agertzeko eta guztien indarrak biltzeko. Euskal Herrian Euskaraz batek, Ikastola-Eskoletakoek bestetik, Unibertsitatekoek, Antzerkikoek, Alfabetatze Euskalduntze sailekoek... eskari eta ekintza ezberdinak proposatzen zituzten. Horregatik egokiena iruditu zitzaigun toki bakoitzean nahi zutena antolatzea. Kontutan hartu auzo eta herri bakoitzean lortu nahi dela EKB baten moduko bat martxan jartzea. Auzo eta herritan sail ezberdinetako jendea bilduko dituzten batzordeak nahi ditugu martxan jarri. Toki batzutan martxan daude dagoeneko eta indar handiagoz antolatuko dute «Euskararen Eguna». Beste batzutan berriz apalagotik hasi beharko dute baina azken finean asmo horren inguruan egin beharreko lana epe luze xamar bati begira pentsatu denez hasira bat izan daiteke «Euskararen Eguna».
A.– Egun horretan egingo diren ekintzak zeintzuk izango dira gutxigorabehera?
EKB.–Antolatzaile bakoitzak bere gisara eratu baldin baditu ere azken finean herri eta auzo gehienetan antzeko ekintzak antolatu dira. Maiatzaren 3a ostirala da. Lan eguna. Egun egokia ikastetxe, administrazio eta lantegietan ekintza mota batzuk antolatzeko. Bestalde ostiral ilunabarra festa girokoa izaten da toki guzitan. Hori dela eta izango da seguruenik antolakizunek erreibindikazio eta festa giroa bildu dituztela batera toki gehienetan. Jai giroko manifestaldiak, ikastetxe barruan egingo diren lehiaketa, auzoko denda eta tabernatan kartelak jartzea, errotulazio aldaketak, bizikleta martxak, jokoak, txarangak, berbenak, herri-afariak...
A.–Maiatzaren 3a izan arren zenbait tokitan beste egun batzutan ere ospatuko dela zabaldu da.
EKB.–Zenbait tokitan 3an, 4ean eta 5ean ospatuko dira «Euskararen Eguna» inguruko eginkizunak. Asteburu osoan ekintzak antolatzeko indarra ikusi duten tokitan hala izango da. Beste zenbait tokitan berriz baziren zenbait kanpaina antolatuta "Euskararen Eguna"rekin bat datozenak. «Udaberria Euskaraz», "Lehen Hitza Euskaraz" eta antzeko zenbait kanpaina antolaturik dira maiatzan zehar.
Joxe MOLLARRI
22-24


GaiezHizkuntzaEuskaraErakundeakEKB
GaiezHizkuntzaEuskaraEkitaldiakBesteak
GaiezKulturaKultur ErakEKB
EgileezMOLLARRI1Hizkuntza

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude