MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK


1985eko martxoaren 31n
Fernando Montenegro, Muskizeko zinegotziari elkarrizketa
Fernando Montenegrorekin berbetan
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Bizkaian badira bi lurralde (bakarra ote?) beste guztiek baino askoz ezezagunagoak eta baztertuagoak daudenak: Enkarterria eta Meatzeta. Lurralde horietan euskaltzalea eta abertzalea izateak zer suposatzen duen jakitearren Fernando Montenegro-rengana jo dugu, bere esperientziaren berri eman ziezagun. Muskiz-ko zinegotzia, euskaldunberria, AEK-ko irakaslea... inguru guztiz arrotz batetan, desertuko predikaria lez. Herri-bazkari batetan zarbitzatzen ari zela egin genizkion galderak, zeharo nekarturik zegoenean.
ARGIA.–Zuk bazenuen lan finko bat, eta krisialdi garai honetan nahiko suertea da berez. Zergatik ikasi zenuen euskara, lana utzi eta euskarazko klaseak ematen hasi AEKn?
FERNANDO MONTENEGRO. Nik betitik izan dut euskara ikasteko gogoa, zeren ikusten bait nuen abertzalea izateko lehenengo baldintza euskara jakitea zela. Euskararik jakin gabe erren bezala edo, ikusten nuen neure burua, adarrik gabeko enborraren moduan. Soldaduskatik etorri eta gero hotel batetan lanean hasi nintzen eta euskara ikasteko aukera topatu nuen. Aukera hori aprobetxatuz euskaltegian lau bat hilabete egin nituen ikastaro trinko batzu eginez, gero Gernika aldera joan nintzen hilabete batez. Gorriak pasa nituen batez ere baserriko jendeak bizkaieraz hitzegiten zuelako, gizonek batik bat. Eskerrak emakume batzu zeudela bertan alfabetatuak zirenak. Oinarrizko euskara lortutakoan planteatu nion neure buruari lana uztea. Zergatik? Ikusten nuelako nik ere zerbait aportatu behar nuela Euskal Herriak zeraman prozesuan. Bestalde, neukan lana aspergarria zen niretzat, eta zetorkidan oso ondo nire izaerarekin.
A.– Baina AEKn lanegitea berez guztiz mugida inestable batetan sartzea da oraingoz. Ez dago seguritate haundirik biharamonerako... nola erabaki zenuen AEKn sartzea?
F.M.–Baserrian zeharo giro aproposa aurkitu nuen eta bertan erabaki nuen AEKn klaseak eman behar nituela. Abisatu zidaten gogorra izango zela, baina halere erabaki nuen oso gustora egingo nuela ikusten nuelako. Eta gero ikusi nuen Muskiz-etik bertatik jendeak atera behar zuela euskarazko klaseak emateko gai zena. Beti egon gara kanpoko irakasleak inportatzen, behar hori ikusi egiten zen.
A.–Bizkaitarrontzat–eta euskaldunontzat ere–betidanik aipatu izan dira zenbait lurralde ahantzi edota ezezagun gisa aurkeztu ohi direnak: Erribera eta Errioxa esate batera. Dena dela, Erribera askotan entzuten da eta Errioxa ere nahiko ezaguna da eta ardeagatik besterik ez bada jende joan egiten da bertara. Dena dela, Enkarterria eta Meatzeta (zeren esan beharra dago Muskiz Meatzetan dagoena) badira beste herrialde baino askoz ezezagunagoak dira. Behintzat, gure irakurleentzat seguru baietz.
F.M.–Eskualde guztiz erdaldunak dira, guztiz. Hori hasteko, eta gero esan beharra dago ere Euskal Herrian zehar guztiz ezezagunak direla eta nik askotan frogatu dut hori: jendeak aurpegi arraroa ipintzen dizu, zeharka begiratzen zaitu, Meatzeta eta Enkarterria zer den eta non den ez dakitelarik.
A.–Ez al da utopia bat Meatzeta bezalako lurralde guztiz erdalduna euskaldundu nahi izatea?
F.M.–Oztopo mordo bat dago eskualde horretan euskara irakusteko; halere ez dut uste hemen euskara irakastea utopia bat denik. Oso gogorra da baina bi oinarritan finkatuz gero, asko errazten da lana: alde batetatik, AEKk erabiltzen duen metodo komunikatiboa, eta bestetik Ikas Elkartea, euskara ikastea ez bait da klase barrura mugatzen, kalean ere giroa sortuz ere baizik. Horretan gaude orain saiatzen, hori lortzen saiatzen.
A.–Baina Meatzeta eta Enkarterria euskaldantzea posible da?
F.M.–Nik uste dut baietz. Falta diren gauzen artean guk gehien ikusten duguna hauxe da: instituzioen aldetik dirua ez zaigula iristen eta borondate politiko haundirik ere ez dutela agertzen. Gure ustez Administrazioak dirua gastatu behar lukeela euskararen aldeko kanpaina nahiko haundiak eta erakargarriak antolatzen:
A.–Eta jendearen aldetik ikusten al da euskara ikasteko borondaterik?
F.M.–Nik uste dut baietz, jende gehiena euskararen alde dagoela. Gertatzen da euskararen aldeko kanpaina masiboak egitea falta dela. Muskizen ikusi zen: euskararen aldeko astean ere ikusi zen apur bat jendea euskararen alde dagoela baina bultzakada bat falta zaiola bigarren pausua emateko, ikastera bultzatzeko.
A.–Ikastolarik ba al da Meatzetan?
F.M.–Egon badago, Meatzetako herri gehienetan badago ikastola, Muskizen, Abanton... dena dela, erakusgarri gisa esan beharra dago seaskatik euskalduna hazi den lehen umeak hiru urte dituela, hori baino euskaldunzahar «zaharragorik» ez dagoela.
A.–Meatzeteko historiara pasatuz, Dolores Ibarburi «Pasionaria» bertakoa da izen bat aipatzeagatik; bestalde, garai batetan Bilboko klase altukoak Meatzetari sabela hastuz aberastu ziren. Zer geratzen da Meatzetan hain famatua izan zen langile-mugimendutik?
F. M.–Bai, egia da meatzak zabaldu zirenean, meatzarien mugimendu hori sortu zela, lehenengo grebak Meatzetan hasi zen eta esan liteke Bizkaiak geroztik eraman duen prozesua horretan oinarritua bilakatu dela, Meatzetatik irten zen aberastasunean alegia. Gertatu zen nahiko prozesu itsua izan zela, garai hartako buruzagi politikoek ez zuten jakin klase-kontzientziazioa eta nazio-askapena enbortzen edo uztartzen.
A.– Zein tamainateko izan da Meatzetako inmigrazioa?
F.M.–Meatzak zabaldu zirenetik etorkin asko eta asko etorri ohi ziren Meatzetara, eta horrek berebiziko inportantzia eduki du Meatzetako historia berrian. Asko integratu dira Euskadiko bizitzan baina aitortu beharra dago beste asko integratu barik geratu direla.
A.–Baina meatzen asuntua amaitu zen, ezta?
F.M.–Bai, garai batetan lurrari aberastasuna atera ondoren eta mementuz halako garatze ekonomiko bat gertatu ondoren, dena bertan behera jausi zen. Orduan, jendea hasi zen bestelako lantegietara joaten lanpostu bila: La Naval, Euskalduna, Babcock e.a. Ondoren, meatzetako esplotazioa eta gero, petrokimikaren industria heldu zen, Petronor munstroaren eskutik. Hori orain dela hamahiru urte, Muskizen bertan. Horrek aldaketa bat ekarri digu, hau da, betiko jentilismoa, entxufismoa, eta bait ere zatiketa... ahantzi gabe bizitzaren kostua normalean baino gehiago igoerazi duela.
A.–Zelako zatiketaz ari zara?
F.M.–Gu geu, Herri Batasuna bezala, konszienteak gara gaur egun Muskizen bi partetan banatua dagoela biztanlegoa: Petronoren alde eta Petronoren kontra. Petronoren alde daudenak dira entxufismoz bertan lan egitera sartzen direnak, eta besteok, Petronoren kontra gaudenok, entxufismo horretatik baztertuak geratu gara noski.
A.– Zenbaterainoko inportantzia dauka Petronorek zuen inguru horretan?
F.M.– Hor Petronoren historia kontatu behar litzateke, apur bat hori ulertzeko. Petronoren jabea Mexikotik etorritako entrepesa batek ekarri zuen baina atzean Ipar Ameriketako kapitala zegoen argi eta garbi, eta bestalde oso argigarria izan daiteke beren eraikuntza legearen kontra eta baimenik gabe egiten hasi zirela; lurrak erosteko ere baserritarrekin banan banan, engainatuz eta batzutan mahatxatuz egin izan zuten (batzuk ez zuten lurrik saldu baina). Eraikuntza prozesu guztia, esan bezala, legez kanpo egin zen, egintza kontsumatu gisa planteiatuz. Prozesu horren barruan «Katalitika» etorri zen, eta horrekin ere eztabaida batzu biztu ziren. Familien Elkartea hasi zen eztabaida hori muntatzen, baina Petronorrek oso ongi lotua zeukan eztabaida hori, jendeari ez bait zitzaion hitzegiten utzi. Gero PNVk ere agindu zuen ez ziola «Katalitika»ri onespenik nahiz baimenik emango. PNVk ez zuen bere hitza bete, eta baimen guztiak eman zizkion.
A.–Zeintzu dira «Katalitika»ri egiten zaizkion kritikak?
F.M.– Hasteko eta behin, beste inorekin ez kontatzea. Haiek hasi ziren haien kabuz eta kokalekua ere tokirik txarrenean aukeratu zuten. Beste alternatiba batzu ere bazeuden baina garestiagoak edo, omen ziren.
A.–Eta martxan jarriz gero zeintzu lirateke arrisku haundienak?
F.M.–Batez ere kutsadura, eta gero bestetik istripurik izateko arriskua. Izan ere, istripurik balego ez dago kontenplatua zein modutara konpondu behar litzatekeen asuntoa. Emerjentzia planik ez dago, hain zuzen ere ebakuatzeko aukerarik ez dagoelako.
A.–Istripua gertatzearen arriskua hain posible ikusten duzue?
F.M.–Ez da fikzio bat. Izan ere, duela hiru bat aste gas-ihesaldi bat egon zen eta San Julian de Muskiz auzuneko jendea bere ondorio guztiz nabarmenak jasan zituen: botaka, arnasestuka, kakarinak, e.a. Gau horretan bertan Petronorren inork ez zuen erantzunik eman, eta hurrengo goizean eman zen erantzunik: ez kezkatzeko, gas ihesaldia izan zela baina lasai egoteko. Jendeak ez zuen protesta publikorik egin, eta gaia lau egunetan ezkutua eduki zen. Hori ulertzeko kontutan hartu behar duzu familia gehienen superbizitzeko modua Petronoren laneginda lortzen dela, eta horrela argitzen da–adibidez–istripua gertatu eta geu handik hiru egunetara enteratu ginen. Horrekin har dezakezu ideia bat zelako giroa bizi den bertan.
A.–Beste industriarik ere bada inguru hartan?
F.M.–Bai, Ortuellan bada fluorrarekin dabilen lantegi bat, eta alde horretatik inguraturik gauzkate, baita kalteturik ere. Fluor lantegiarena duela hamabost urtetik dator, eta horrekin ere mugitu ere ez jendea.
A.–Zer dela eta, jendea hain gutxi mugitzea, «Katalitika»rekin esate batera?
F.M.–Egia da jendea ez dela batere kezkatzen horretan. Jende batek komentatu ere egiten du «Katalitika»k ez digula azken fmean kalterik egiten, tximinia luzea daukala eta kea Gallarta aldera edo eramango lukeela. Jarrera hori konprenitzeko kontutan hartu behar da «Katalitika» eraikitzen hasi zirenean, Petronorrekoek oso zuhurki eta maltzurki jokatu zutela: krisiaren gorrienean agindu zuten hiru mila bat lanpostu sortuko zituztela, eta horrelako aginduekin egoera honetan jendea itsutu egiten da, eta horren ondorioz jendea geldi-geldirik egon ohi da, isil-isilik.
44-46


GaiezHizkuntzaEuskaraAlfabetatzeAEKIrakasleak
PertsonaiazMONTENEGRO1

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-17 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-05-04 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

Eguneraketa berriak daude