Nafarroan Detentzio Bolada: Ezker Abertzalea Ito Beharra


2021eko uztailaren 28an
Simon Loiola eta Mikel Arbeloa, nafar abertzaleei elkarrizketa
Simon Loiola Eta Mikel Arbeloarekin
Nafarroan Detentzio Bolada: Ezker Abertzalea Ito Beharra
Bostehun detentziotik gora egin dituzte Policía Nacionalak eta Guardia Civilak Nafarroan urte honetan eta azken hilabete pare honetan horietako asko gainera. Hamar egun barruan pasa ondoren libre geratzen dira gehienak eta espetxetik ere fiantzapean ateratzen oso gutxi ez beste guztiak. Horien artean eraman zuten Simon Loiola ere, HBko liberatua, irten zenean berari egindako torturak salatuz prentsaurreko batean azalduko zena. Berarekin eta Mikel Arbeloa Lizarratarrarekin mintzatu gara Nafarroako abertzaletasunaren momentuaz.
ARGIA.–Ikustekoa da azken aldi honetan Nafarroan ematen ari diren egurra. Beste probintzietan ere bai, baina hemengoa deigarri behintzat egiten da.
Mikel Arbeloa.–Nafarroan azken urte honetan gertatu diren 500 detentzioez bi irakurketa egin daitezke, bat sakonagotik eta bestea epe laburrera.
Errepresio eraso honi sakonetik erreparatzen badiozu, ikusten duzu Erreformaren prozesua distortsionatzen duen elementu bat dagoela; prozesu hori ongi kokatu da Estatu mailan baina hemen ez du asentatzerik lortzen. Euskal Nazio Askapen Mugimendua da elementu hori. Nafarroan are eta ebidenteago da. Hemen ez dute lortzen sendotzerik Amejoramendua, inork botatu ez duena bestalde, erreferendumik ez da egin eta; eta erresistentzian parte hartzen duen sektorea gero eta zabalago eta indartsuagoa dela konturatzen dira bestalde. Eta egurra eman beharra daukate nola edo hala.
Bigarren irakurketa zera da: mugimendua zanpatzeko lanean, azken hilabete honetan batez ere, HB eta ETA erabat identifikatu nahi dituzte, detentzioak bezala HBren ez legeztatzea justifikatzeko.
A.–Uste al duzue ETA eta HB gauza bera bezala agertzea erdietsi dutela, Iruñean bezala herrietan?
M.A.–Jendeak badaki bakoitza zer den. UPNko jendeari gauza horiek esan beharrik ez dago, bost axola zaio. Orain, saio guzti hau gerra sikologikoaren eta gerra ideologikoaren adibide tipiko bat dela ukatzerik ez dago. Baina jendeak badaki ondo HB zer den herrietan ikusten du, Iruñean bezala Agoitzen edo Tuteran, eta badaki gure eta Erakunde Armatuaren artean ze kointzidentzia dauden. Estrategian bat gatozela baina organizazio aldetik ez dugula elkarrekin zer ikusirik, hori jendeari esplikatu beharrik ez daukazu.
Poliziaren eta Gobernuaren salakuntzak beren jokabidea zuritzeko bakarrik balio du, ez zait iruditzen jendearen eritzia aldatuko duenik. Nafarroan oso jende gutxi gara, bostehun mila nafartar, eta aurten bakarrik 500 detentziotik gora izan badira, detenitu horiek familiak eta koadrilak badituzte, jende askok ezagutzen du bakoitza, eta zertan ari den ongi daki. Torturarena noraino iristen den ere ongi ezagutzen du jendeak.
A.–Torturaren erabilera zabalarekin ez al dago jendea ximurtu dadin ahalegin bat? Egurra gero eta burutsuago ematen dute eta ondorioak kalkulatuko zituzten.
M.A.–Fisikoki agoantatzen badugu, eta ari gara agoantatzen, indartuak aterako gara errepresiotik. Berak aldiz gastatzen ari dira, sinesgarritasuna galtzen beren jendearen aurrean. Goebbels-en estiloko politika honekin gezurti ari dira geratzen-eta.
Jendea zimurtu? Alderantzizkoa gertatzen ari da hemen. Erreazio masokista bat dela esanen dizu norbaitek, baina garbi dago lehen botoa bakarrik ematen zuen hainbat eguneroko lanera inguratzen ari zaigula.
Simon Loiola.–Detentzioen protzentaiak.ere aztertzekoak dira. Urtarrilaren 1etik honuntza Iruñean bakarrik 400dik gora detenitu badituzte, Estatu Espainol mailan proportzioan 80.000 detenitu aterako lirateke, laurogei mila detenitu arrazoin politikoengatik.
Lehen aipatu du Mikelek HB kriminalizatzeko egiten duten ahalegina, Erreforma sendotzeko oztopo bat garelako. Hor badute puntu ahul bat, nazionalista deitzen diren alderdiak ere izorratzen dituena: Hego Euskal Herriaren batasun instituzionala. Hori da muturretara azaltzen diegun punturik gogorrenetako bat, torturarekin eta indar polizialek hemen jarraitzearekin batera. Errepresioak epe laburrera guri buruhauste haundiak sortzen dizkigu, noski, eta horrekin bultzada bat eman nahi diete sistema honen alde apostu egin duten indar politikoei, Estatutoarekin eta Amejoramenduarekin apostu egin dutenei. Guk aurrera egiten dugun neurrian haiek ahultzen bait dira. Hor ikusten duzu PNV Estatutoaren boskarren urtea hospatzeari uko eginaz.
A.–Beren basearen aurrean gezurti geratzen ari direla diozue gobernukoak. PSOE Nafarroan indarra galtzen ari dela esanal liteke ala hori ilusio haundiegia da?
M.A.–Gure informazioen arauera dakiguna da, botoen galeraz aparte, azken gertakariek sozialistei barruan arazoak sortu dizkietela. PSOEk Nafarroan dituen koadroek badakite tortura inongo txorakeria ez dela, etengabe ematen deia Gobernu Zibileko sotanoetan, eta alderdi barruan kristoak sortu dira. Horren adibide batzuk badira: Iruñeko udalean torturaren kontrako mozioak gurekin botatu dituztenean, edo sozialista batzuek gobernadorearekin hitz egitera joan direnean, edo beste hainbat kasutan.
Hauteskunde garaian erakutsitako karta guztiak gezurrezkoak direla azaldu dute, langabeziarekin hasi eta OTAN edo eta torturekin segituz, eta horrek ondorioak izanen ditu bototan. Hala ere esperantza haundiegiak ezin eduki genitzazke: badakigu gure gizartean ezerk indarrik badu komunikabideek dutela, eta horiek botoen ihesa frenatzen saiatuko dira.
A.–Bai, Suarezen botoak Felipe Gonzalezi joan zitzaizkionean ikusi zen bezala kristoren mirakuluak gertatu duitezke komunikabideen indarrez.
S.L.–Nafarroan PSOEk boste alderdi guztiek baino boto gehiago bildu zuen, baina arazo lokalei ere lotuak daude boto horiek. Erriberan, esate baterako, OTANetik ateratzea Bardearen desmilitarizazioarekin oso bat dator, eta Nafarroan gainera beste tiro poligono gehiago ere bada.
Hala ere Euskal Herri mailan gauza bat da eta Estatuan beste bat. Esan nahi dut, PSOE gero eta eskuinerago doan arren ez da ezkerretik alternatibarik ikusten. Baina laguntza internazionala ere aztertu behar da: laguntza horrek industri birmoldaketa eta euskal arazoa konpontzea eskatzen ditu. Eta bata bezala bestea gehiegi ari zaie kostatzen sozialistei. Multinazionalek jarritako baldintza eta epeak ezin dituzte bete, eta horrek estuasun haundietan jartzen ditu sozialistak. Agian horregatik ari dira errepresio aldetik hainbeste egur ematen.
A.–Nafarroak beste hiru probintzien aldean oso koadro ezberdina eskaintzen digu. Sozialisten eta eskuin espainolaren indarra, PNVren ahuldadea... Koadro hori aldatzen ari den susmorik. ba al da?
M.A.–Bi puntutan da funtsean ezberdin Nafarroa Hegoaldeko beste hiru probintzien aldean. Batetik PNVri han duen inplantazioa falta zaio hemen eta bestetik eskuin espainolak han ez duen indar espezifiko haundia du. Eta gero sozialistak eta gu gaude. Denborarekin Ezker Abertzalea gizendu egingo dela sinetsita gaude eta PSOE ahuldu eginen dela.
Eskuin espainolarekin zer gertatuko den? Hipotesi ezberdinak badira horretaz. UPN eta Nafarroako eskuin espainol osoak bi ezaugarri dituzte: kazike guztien interesak biltzen dituzte eta beren politikaren ardatz nagusia Nafarroa Hegoaldeko beste probintzietatik berezirik mantentzean datza. Erreforma gastatuz doan neurrian eskuin nafartarrak ere eboluzionatu egin beharko du.
Nafarroako eskuina PNVrekin tratu batera iristera behartua dagoela iruditzen zait pertsonalki. Horren froga bat PNVko aparatoaren eta Nafarroako UPN eta APkoen artean izandako negoziaketak dira. Hor daude ondorioak ere, PNVko jelkide nafartarrak espultsatzea eta beste.
A.–Eta hor eskuin nafartarraren bi blokeetan ere aldaketa batzuek gertatu beharko lukete.
M.A.–Esan dizudanari jarraituz, eskuinaren sektore batek uste du epe labur edo erdiko batera PNVrekin akordio batera iristera kondenatua dagoela, eta luzera begira Nafarroa gainerako Hego Euskal Herritik kanpo egotea ezin sostengatuko dela, jende horrek parte hartu nahi du PNV nagusi izango den eskuinaren projektuan.
Beste zati batek, aldiz, alderantzizko jarrera defenditzen du, Madrilgo «Comisión de Navarros en Madrid» eta holakoen ideia ultratara lerratuz. Pentsa, Sanchez Albornozen omeneko ekitaldi bat antolatu berria dute. UPNkoak kazikismo klasikoago batean kokatzen diren bezala, CPekoak askoz ere politikoagoak dira, zakurragoak. Eta gure informazioak egia badira, hauen kartaren bat badago PNVren eskuetan. jadanik entenimentu batzuetara iritsi direla alegia.
A.–Baina Madrildik hainbeste indar eta laguntza dutela, ez daukate beren jarrerak zertan aldaturik.
S.L.–Ikuspegi politiko ezberdinak bezala familia ekonomiko ezberdinen ordezkari ere badira bi bloke horiek. Baina bati zentralista izan ohi den eskuinak hemen ikusten du, tartean Ezker Abertzalearen indarra dagoelako noski, estatuto uniprobintzial baten biabilitaterik eza. Adibide pila batek erakutsi du hori, eta eskandalosoena gobernuburua aukeratzeko behar izan duten urtebetea izan da. Probintzia batentzako halako gainegitura gárestia mantentzeak ere kristoren kostuak ditu.
Horren aurrean eskuindar burutsuenek ikusten dute beste hiru probintzietan PNVk egiten duen lan egokia, bere interklasismoaren bidez base abertzale eta herrikoi asko familia ekonomikoekin lotutako kupula baten bidez kontrolatuz. Banaketa instituzionalagatik askoz ere zailagoa da holako zerbait Nafrroan egitea, eta arazo haundiagoak dituzte.
M.A.–PNV eta hemengo eskuin nafartarra Hego Euskal Herriaren konfigurazio asmo ezberdinak bereizten ditu. Eskuinak ongi daki ekonomi arazoetan ederki konpondu daitekeela PNVrekin erdi epe batera, Euska! Herri osoko egoerak jarraitu dezan joeraren arauera eta baita ere PNVri Nafarroan bidea isten dion neurrian, mantentzen duen indar hori izango duela biharko egunean Hego Euskal Herriko eskuin osoa elkartzean.
A.–PNV gora eta PNV behera ari zarete. Pentsa zitekeen Nafarroako espultsatuek istilu gehiago sortu behar zutela. Zertan geratuko da horiena?
M.A.–Aparte samarretik ikusi dugu hori egia esan. Nabarmena den bezala, espultsatutako jendeak kontrolatzen ditu Nafarroaki koadroak eta lejitimitate morala ere berek daukatela esan daiteke. Aparatoa berriz ari da bere bidea sendotu nahian, Iruña Buru Batzar berria eraikiz eta beste, baina arazo haundiak ditu.
Epe luzera, dena dela, irabazteko posibilitateak linea ofizialekoek dituzte. Besteek jarraituko dute, bai, baina hurrengo lejislaturan beste izen baten bila hasi beharko dute, eta asko espabilatzen ez badira hemendik bi urtetara, Nafarroako Parlamenturako bozketan, ez dute ezta puntuatu ere eginen. Zer ari dira lortzen horrela? Nafarroan PNV suntsitzea. Hori UPNkoek ere badakite eta ongi saiatzen dira espultsatuek Parlamentuan beren taldea eduki ahal izan ez dezaten
A.–Norbaitek esango lizueke ea horrek ez al duen posible egiten Nafarroa mailan PNV eta HB elkarrengana hurbiltzea.
M.A.–Hori erabat deskartatzekoa da, PNVk bere estrategia osoa zuzendu beharko luke. Gauza bat dago argi: ez dugu hitz egingo gaurkoa bezalako egoera bat onartzen duen jendearekin, gehiago, egoera honen errudunen artean dagoen jendearekin. Horiek sakondu dute Hego Euskal Herriaren zatiketa instituzionala. Estatutoa engainu bat dela onartzen ez duten bitartean, Ezker Abertzalekoek arrazoin genuela, hori gabe gezurretan. aritzea litzateke.
A.–Beste probintzietatik batek baino gehiagok ilusioak egin dituela esango nizueke. PNVk bere nafartarrak espultsatu baditu, nora joango dira? HBrentzat pagotxa.
S.L.–Baina oinarri politikoak ere hor daude. Euskal Herrian borroka batek irauten badu ez da PNVk borroka horri lagundu diolako izan, alderantziz, bera ere gaurko situazioaren errudun da. Estatutoarekin dena konpontzekoa zuten eta guri aldiz izugarrizko sakrifizioak, sakrifizio politikoak eta militanteen sakrifizioak, heriotzak ere bai, kostatu zaizkigu horren gezurra salatzea.
Gauza oso puntualetan bat etorri ahal izanen gara agian. baina oinarrizkoetan, Estatutoaren onartzearekin jarraitzen duen artean ez dugu zer hitzeginik. Euskadiko Ezkerrakoak bezala galtzak jaistea esan nahiko luke. Gure printzipioak ukatzea litzateke, Euskal Herriaren berreraikitzeari uko egitea.
Gurekin elkartzeak esan nahiko luke autodeterminazio eskubidea baldintza bezala ipintzea, ez aipatzen den erreferendum uniprobintzial bat, bateratze territoriala, indar polizialen kanporatzea... Baina edoiein abertzalek hori onartu badezake ere, familia ekonomikoek agintzen duten PNVn eta hortik ez dira pasako, noski.
A.–PNVk eta eskuin espainolak beren espazioak elkarren artean banatu dituztela aipatu izan da, hau da, Arabako Diputazioa Nafarroako Gobernuaren truke ematean ez direla erakundeak bakarrik trukatu, probinizia bakoitzean biek zituzten merkatuak banatu dituztela alegia.
M.A.–Ziur hola denik esatera ez nintzateke ausartuko, baina bai hori ulertzeko arrastoak badaudela, hemengo jelkideen hondoratzea ikusita.
Gauza bat da zalantzarik gabekoa dena dela: Nafarroako jelkideen krisia Baskongadetako PNVrena konpontzen denean argituko dela. Badirudi azken asteotan nolabaiteko akordiotara iritsi ote diren, baina sakoneko prolemek lehenean diraute. Lehertuko da krisia, eta orduan ikusiko dugu Nafarroako jelkideena ere nola geratuko den.
S.L.–Azken finean berek hartutako bidearen krisia da. Tratu bat egin zuten Madrilen: Estatutoa Ezker Abertzalea suntsitzearen truke. Deszentralizazio politiko, ekonomiko eta administratiboarekin Euskal nazio Askapen Mugimendua suntsitu behar zen. Baina PNVk bere partea bete ezin izan duen neurrian Madrildik ere laguntza gutxiago dute. Jakina, guk hemen jarraitzen dugun bitartean berek ere ez dute gaindituko beren barruko krisia.
A.–Nazio arazoarekin ari gara gora eta behera. Eta hau nazio kontzientziarekin lotua dago. Aurreraka doa Nafarroan kontzientzia hori ala ez?
M.A.–Hor nire ustez HB daukazu indikatibo moduan eta bere inguruan dabilen mugimendu osoa: AEKren gau-eskolak goraka ari dira, sozialisten eztropuz guztien gainetik, ikastoletan gero eta haur gehiago dabil eta abar. Nazio kontzientzia aurrera doa eta HB inguruko mugimendua da bultatzen ari duena argi eta garbi.
Gure mugimendu politikoaren mailan orain dela bi urte pentsatu ere egin ezin genuen herrietaraino iritsi gara, nazio kontzientzia ia erabat galdua zegoen herrietaraino.
A.–Zu Gipuzkoatik iritsia zara. Zure perspektibatik nola ikusten duzu?
S.L.–Beste indikadore batzuk ere badira, mobilizazioak esate baterako. Bizkaia eta Gipuzkoako HBn abanikoa zabalagoa da, sektore ezberdin askok hartzen dute parte. Nafarroan HBk biltzen dituen botoak abertzale eta independentistak dira. Zenbaitek espero zuen azken hauteskundeetan Nafarroatik hasiko zela HBren bukaera, baina erakutsi da sendotzen ari dela.
M.A.–Kontuan izan Baskongadetan euskaldun ofizialki zaretela eta hemen aldiz ofizialki ez gara euskaldun. Koska hori pasatzea zaila da, euskaldun izatea edo sentitzea bera ere arazo da. Horregatik hemen HB bozkatzen duenak Baskongadetan baino esfortzu haundiagoa egin behar du.
A.–Non esango zenukete dagoela ahulago nazio kontzientzia hori?
M.A.–Erriberan, dudarik gabe. Behetik gora zatozen neurrian kontzientzia hori ere haundiagotua aurkituko duzu.
Baina HBk bere konponente soziala ere badu, eta Nafarroan abertzale bozkatzen dutenek ezkertiar konponente sakonagoa dutela esanen nuke. Nazio kontzientzia ez da,hemen nazionalismo klasikotik sartzen, ezker abertzalearen bidetik baino. Eta hori asko da.
Horrela, industriarik gabeko nekazari lurraldeetan nazio kontzientzia ahulagoa da. Eskualde euskal hiztunetan ere nabarmena da hori: konparatu itzazu Baztan eta Sakana adibidez. Euskara, industriatze maila eta indize demografikoa dira abertzaletasunaren hiru baremoak.
Gaur egun gure erakundeak nafarroa osoan dande barreiatuak, merindade eta herri guztietan dago gure jendea. Baina ez jendea bakarrik: jende organizatua, lan egiten duena. Hori da garrantzizkoa. Hori da PNVk eduki ez duena.
Iñaki ZUBIONDO

ETA etaHB nahasiz Ezker Abertzalea kriminalizatu nahi dute sozialistek
Nafarroako abertzale ezkertiarrak nacionalismo klasikotik baino langile borroetatik datoz
«Nafarroako eskualde guztietan daukagu jende organizatua»
«Errepresioak PSOEko Jendearen artean sortu ditu tirabirak», dio Mikel Arbeloa Lizarrakoak.
11-14

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakHB
GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakAtxiloketakAtxiloketak
PertsonaiazLOIOLA1
PertsonaiazARBELOA1
EgileezUBIONDO1Politika

Azkenak
Zahartzaroak

Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara... [+]


Udan datorren buztingilea

Hego luze eta zorrotzak eta v formako urkila-itxuradun buztana duen hegazti hau ikustean badakigu Euskal Herrira uda heltzear dagoela. Bizkarraldea eta buztana beltzak ditu, distira urdinxkekin, papar gorria eta azpialdea, aldiz, zurixka. Euskaldunon sinesmenetan presentzia... [+]


2024-05-27 | Garazi Zabaleta
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran

Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa... [+]


Eguneraketa berriak daude