Zerbitzu publikoen defentsan eta kontrol sozialaren aurka mobilizatzeko deia Gasteizen

  • Elkarretaratzea deitu dute Gasteizko zenbait kolektibok larunbat honetarako, 13:00etan Andra Mari Zuriaren Plazan Kontrol sozial gutxiago. Zerbitzu Publiko gehiago lelopean.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko azaroaren 05ean - 15:50
Gazteen kriminalizazioaren aurka Amurrion egindako protesta bat
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zerbitzu publikoen defentsan eta poliziaren eta gizartearen kontrolaren aurka kalea hartzeko deia luzatu dute Gasteizko zenbait kolektibok. Elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan, azaroak 7, Andra Mari Zuriaren Plazan, eguerdiko 13:00etan.

Mobilizazioaren deitzaileek hamar neurri betetzea eskatu diete instituzio publikoei, besteak beste zerbitzu publikoak indartzea eta biltzeko eta antolatzeko eskubideak bermatzea. Herritarren “oinarrizko baliabideak” bermatzea ere exijitu dute, hala nola, ura, elikadura, argia, gasa eta etxebizitza.

Pertsona ororen erregularizazioa bermatzea ere galdegin diete instituzioei “atzerritarren legearekin amaituz”. Gainera, isolamendu egoerak ahalbidetzen duen indarkeria matxista eta LGTBIfobikoarekin amaitzeko baliabideak ere aldarrikatu dituzte.

Erakundeei erantzukizun politikoa hartzea ere exijitu diete, eta, horrekin lotuta, herritarren aurkako kriminalizazioa etetea.

“Orain, inoiz baino gehiago, defentsa eta babes sare kolektiboak beharrezkoak dira bizi dugun pandemia ekonomiko, sanitario eta sozialari aurre egiteko. Ezarri diren neurrien oinarria herriaren kontrola eta kriminalizazioa da. Honen aurrean, prebentzio, osasun eta gizarte neurriak eskatzen ditugu. Har ditzagun kaleak. Krisi honi aurre egiteko zerbitzu publikoak indartzea baita aukera bakarra” azaldu dute mobilizazioko deitzaileek.

Gasteizko herritar orori, eta bereziki eragile eta kolektibo sozialei luzatu diete larunbateko protestan parte hartzeko gonbita, uneoro osasun neurriak errespetatuko direla gogoraraziz.

 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude