Zenbatek jarraituko zuen larunbateko manifestazioa EITBn?

  • Preso politikoen aldeko manifestazioa. Zenbakiak: Gara-k 37.000 eta El Pais-ek 20.000); handia zen antza, El Correo-k ere “una de las más potentes que se recuerdan” zioen atzo. Gara-k dio 37.000 pertsona eta manifestazio handietan badu fidagarritasunik. Hala balitz, legez kanpoko ezker abertzalearen balizko 100.000 botoetatik herena baino gehiago han zegoen, Euskobarometroaren azken zenbakiak eta komunikabide nagusienen interpretazioei kasu eginez gero bederen. Hala balitz, etorkizunerako atera kontuak irmotasun horretatik.

    Mikel Garikoitz “Txeroki” lehena izatearen esanahia gehienok buruan ote duguna da, edo kasualitatea? Baina ez, hedabide nagusienek berriz ere desbideratu dute manifestazioaren mezua, Espainiako agintariek basatiki erabiltzen dituztela preso politikoen eskubideak helburu politikoak lortzeko. Esan liteke samur utzi dietela, baina bestela beste zerbait bilatuko zutela ere bai. Eskubide zanpaketa larriak zuzenbide estatuan eta moral arazo barik. Parot doktrina da erabilera horren paradigma. Barra-barra idatzi eta esan da guztiari buruz. Zenbat enteratu ote dira EITBri esker? Edo, beste barik, zenbat enteratu ote dira? Eta zenbatek joko du moraltzat zuzena, israeldarren gehienek Gazako inbasioa moduan?


2009ko urtarrilaren 7an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Larunbateko manifestazioaren irudia (www.gara.net)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

EITB. Nik batez ere irratia kontsumitzen dut, euskarazkoa nagusiki, baina baita erdarazkoa ere. Ez zait erraza egiten zergatik tregua garaietan etakide, talde armatuko kide, erakunde armatua edo gisakoak eta bestelako garaietan sarri edo ia beti –medioaren arabera– terrorista erabiltzen duten. Ez dut gustuko koherentzia eza hori, baina samurra ere ez da, badakit. BBC ingelesa –publikoa bera ere– bada eredu horretan: talde separatista eta listo. Eta Erresuma Batua da Europako Batasunean legedi antiterrorista zorrotzenetakoa duena. Bonba-autoaren ondoren aproposagoa akaso, baina adibide bat besterik ez da aipatutakoa. Asko daude, batzuek onak EITBrentzako eta beste asko txarrak.

Saio eta pertsona batzuk aipatzearren, sarri entzuten ditut Mezulariko Maite Artola eta hark biltzen dituenak; edo apurka bere lekua gero eta sendoago hartzen ari den Juan Cruz Lakastaren prentsa irakurketa; umetako esne-zopekin bat irensten nuen Mariano Ferrerren ahots sendo eta analisi zorrotzek bideratzen naute Morfeo Enera zenbaitzutan, orain Ganbaran; Joseba Arregi eta Xabier Barandiaranen berba borrokek goizetan Lasartera heltzen lagundu didate maiz; eta bazkari berantiarretako Kostaldeko Trena-ren euskal kantuen bilduma fin hori? Ez dut zerrendarekin jarraituko, baina badira perla gehiago ere. Telebista galduago daukat –denbora faltagatik batez ere, eta gantxoa ere gutxiago– baina Olentzeroren ondoren, zazpi urteko alabak grinaz erakutsi dit nola jolasten den Mihiluze mahai jolasean (ARGIAk eta EITBk koproduzioan argitaratutakoa).

ETB-3ri buruz? Ez dakit, Iruñean ez dugu ikusten, eta laster, modernitatearen paradoxak, ETBrik ere ez dugu ikusiko akaso. Eta orduan agian kalera aterako gara, ETB ikus dadin eskatuz, gure hiztun minoria sendotzeko garrantzitsua delakoan...

Normalak, logikoak eta bidezkoak diren gaitzespen eta errefuxapenetatik harago, analisi politikoan ideia pare sakon bezain zaharrak azpimarra litezke. Bat, oso gutxik ulertzen dute lehergailuarena, gutxiagok onartu, baita ETAren borroka armatua ulertzen dutenen artean ere. Bere jarduera ulertarazten ez duenak, berandu baino lehen jai du. Blokeo minoria ez da eraikitzailea Euskal Herriaren egungo egoera politikoan, erabat suntsitzailea baizik. Eta bigarren ideia nagusia aterabidearena da: elkarrizketa eta negoziazioa. Gero eta gaitzago jartzen zaigu mezu honen defendatzaileoi, baina gaitzespenak eta polizi bideek ez dute irtenbiderik erakutsi azken 50 urteetan eta ekarri ere ez dute ekarriko. Non ote dago egun balizko adostasunaren langa?


Azkenak
Eguneraketa berriak daude