Victor Goikoetxea: "Asko erakartzen nau jendearengan klik egiteak”

  • Victor Goikoetxea pintorea 1965. urtean jaio zen Urretxun (Gipuzkoa). Berak egindako mural handiek jendearen harridura sortzen dute. Duela gutxi Donostiako Aquariumeko sarreran olatuen indarra islatu zuen eta gaur egun Santurtziko Dorre etxerako lau mural egiten dabil. Mundu osoan ibili da margotzen eta arte mota horren teknikak ikasten, baina Hernanin (Gipuzkoa) aurkitu du bere lekua eta bertan du estudioa.


2010ko ekainaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Noiz hasi zinen margotzen?

Hamahiru urte nituenean ikasteari utzi eta obran margotzen hasi nintzen. 30 urte bete bitartean horretan aritu nintzen. Orduan, dena alde batera utzi eta Parisera joan nintzen pinturaren teknikak ikastera. 30 urtetik 40ra bitartean han aritu nintzen ikasten. Lana eta ikasketak uztartzen nituen. Denbora batez Parisen ikasten aritzen nintzen eta ondoren Euskal Herrira itzultzen nintzen lan egin eta hurrengo ikasturtea ordaintzeko diru pittin bat irabaztera.

Nola eta noiz jakin zenuen arteaz bizi nahi zenuela?

Kasualitate baten ondorioz izan zen. 22 urte nituenean bidaia batetik itzuli eta etxe ondoan zegoen pintura tailerrera joan nintzen. Bertan irakasle bat zegoen eta gaur izango balitz bezala oroitzen dut, txaketa pertxan utzi nuen eta irakasleak papera eta ikatz-marrazki bat eman zizkidan. Eta txaketa marrazteko eskatu zidan. Nik ez nekien nola margotzen zen eta irakasteko esan nion, baina berak bakarrik utzi ninduen paperaren aurrean. Bi orduren buruan itzuli zen eta ez zekiela ez noiz eta ez nola baina arteaz bizitzeko aukera izango nuela esan zidan. Hiru hilabete inguru eman nituen bertan, lan kontuengatik utzi behar izan arte. Halere, irakaslearen lagun izaten jarraitu nuen eta berak beti pintura ikastera animatzen ninduen. Frantziara joan behar nuela esan zidan eta horixe egin nuen.

Orduan, Frantzian ikasi zenuen? Zenbat denbora pasatzen zenuen margotzen?

Bai, Frantzian ikasi nuen. Institutu publiko eta pribatuak dauden han; Frantzian artea diplomatura kontsideratzen dute. Gainera, artea ikasi nahi duen edonor Paris aldera joaten da ikastera. Arte garaikidea, batez ere, New Yorken lantzen da baina pintura teknikak batez ere Frantzian. Bertan izan nintzen ni eta egunean 9-10 ordu inguru pasatzen nituen margotzen, baita asteburuetan ere. Lana oihal handitan egiten genuen, gutxienez 1,5 metroko altuera eta 2 metroko luzera zuen oihalean. Muralak egitean, margolan txiki bat tamaina handian nola geratuko den ikusteko gai izan behar du artistak.

Leku askotan egon zarela badakigu, non ikasi duzu gehien? Zein izan da bizitza profesionalean ekarpen handiena egin dizuna?

Egia da leku askotan egon naizela: Frantzian, Ingalaterran, Italian, Malagan, Bartzelonan, esaterako. Baina zalantzarik gabe, Frantzian ikasi nuen gehien. Zehatzago esanda, Bretainiako hegoaldean dagoen Guegan Institutuak irakatsi dit gehien. Bertan munduko irakasle onena, Jeannette Guegan, izan nuen eta asko irakatsi zidan. Institutu hartan urtean 10-12 ikasle izaten ziren gehienez, horrek esan nahi du diru asko balio zuela eta ez zutela edonor hartzen, beraz, bertan izan ginenek asko ikasi genuela uste dut. Urtebete pasa nuen institutu hartan. Denbora hori igarota, Gueganek esan zidan ez zuela niri gehiago erakusteko eta orduan egin behar nuela zailena: ikasi nuen guztia hartu eta nire bidea egin. Eta gaur egun esan dezaket arrazoi zuela, teknika guztia hartu eta zure bidea egitea da zailena. Bidea egitea berez asko kostatzen da eta niri gehiago kosta zitzaidan, mundu guztiak obretako pintore moduan ezagutzen ninduen eta horrek ez zidan batere lagundu hasiera batean.

Obra bat egiterakoan zer da garrantzitsuena?

Oso garrantzitsua da teknika jakitea, teknikarik gabe zer eginik ez dugulako. Baina hori ikasi egiten da, azkarrago edo mantsoago baina ikasten da. Horregatik, garrantzitsuena sorkuntza dela esan dezaket, hau da, ideiak sortzea. Hori duzu edo ez duzu, hori ezin da ikasi, Horregatik da garrantzitsuena, hori da pintoreak ezberdintzen gaituena. Badaude teknika oso ondo menperatzen duten pintoreak baina ideiak sortzea zaila suertatzen zaienak. Buruak azkar funtzionatu behar dizu ideiak sortzeko. Halere sorkuntza guztiz erlatiboa da.

Zure iritziz zein da pintore on bat?

Pintore on bat ordena, perspektiba eta plano ezberdinak, eta balio kromatikoa ikusteko gai dena da. Hau da, konposizio erregelak zein diren eta plano ezberdinen balioa zein den argi duena. Ordena oso garrantzitsua da pintura batean eta base on bat duenak abstrakzio bat ere ordenarekin egiten du. Gaur egun arte garaikidean aurkakoa ikusten dugu: gauza bat bestearen gainean ordenarik gabe jartzen duen margolari asko dago. Lehen esan bezala garrantzitsua da koadroaren ordena. Oreka mantendu behar dute koadroko elementuek, ni lanean ari naizen koadroan hori oso argi ikus daiteke, ezker eta eskuin aldeko elementuek oreka bat izan behar dute. Koadro bat koherentziarik gabe egiten duena ez da pintore ona.

Non sortzen zaizkizu ideiak?

Hemen, estudioan, ez. Edozein lekutan eta edozein unetan etor dakizuke ideia. Nik terapia moduko bat egiten dut: bizikletan egiten ditut bidaiak, eta hor sortzen zaizkit ideiak. Egunerokotasunetik aldenduta sentitzen naizenean, kezkarik ez dudanean, komunikabideek nigan eraginik ez dutenean, hau da, berezko ingurunetik urrun nagoenean sortzen zaizkit. Estres gabeko uneetan sortzen dira ideia gehienak, lasai zaudenean eta pentsatzea beste zereginik ez duzunean. Korrika egitera eta ibiltzera ere joaten naiz horretarako. Bakoitzak metodo bat du, hori da nirea. Obra bat egiten ari naizenean hurrengoan pentsatzen hasten naiz, hau da, margolana soilik falta denean hurrengoaren ideia sortzen hasten naiz.

Zer sortu nahi duzu ikuslearengan?

Niri gustatzen zaidana obrak ikuslea urduritzea, hunkitzea eta galderak sortzea da. Asko erakartzen nau jendearengan klik egiteak. Askotan eraikin edo erakusketa baten ondotik pasatzean ez dugu begiratu ere egiten. Nik kontrakoa sortu nahi dut, jendea ondotik pasa eta ikusi duenaren gainean pentsatuz denbora pasatzea. Badakit nire obrak ez zaizkiola mundu guztiari gustatuko eta gainera hori ez da nire helburua, norbaiti sentimenduak sortzean lortuko dut nire helburua. Dena den, geroz eta jende gehiagori gustatu, orduan eta hobeto.

Hernaniko kiosko batean zuhaitzak marraztu dituzu, hori zergatik?

Nire obra guztiek istorio bat kontatzen dute. Kioskoetan paperak saltzen dira eta paperak nondik datoz? Horregatik egin nituen zuhaitzak. Iratiko basoa neguan da lau pareta horiek azaltzen dutena. Gauza moderno bat egiten saiatu nintzen, gaur egungoa. Nire helburua ez zen kolore askorekin pastel moduko zerbait egitea. Helburua jendearengan sentimendu bat sortzea izan zen, ikusleari gustatzea edo ez gustatzea; ez nuen jendea hotz geratzerik nahi.

Nola eskatzen dizkizute lanak?

Guztiak enkargu bidez eskatzen dizkidate, bai pribatuak eta baita publikoak ere. Beraiek ideiaren gutxi gora beherakoak kontatzen dizkidate; non egongo den kokatua, zein helburu duen eta abar. Gero margolariak forma eman behar dio ideia horri. Hori niretzako erronka bat da, beraiek sortutako ideia txiki bat garatu eta nire egitea.

Zure koadro ezagunenetako bat Donostiako Aquariumean egin berri duzuna da, zergatik erabaki zenuen olatu hori egitea?

Koadroan Kantauri itsasoaren indarra islatu nahi izan nuen. Mundu osoan bakarrak eta gure herrian hain garrantzitsuak diren olatuek indarra islatzen dute. Enkargua egin zidatenean zer egin nezaken pentsatzen aritu nintzen. Kontxako badia egitea alde batera utzi nuen, marko zoragarri hori jada baduelako. Horregatik bigarren gauzari garrantzitsuenean zentratzea erabaki nuen, olatuetan. Gure itsasoa bezalakorik ez dago, munduan 100.000 itsaso egon arren gurea bakarra da eta horregatik saiatu nintzen hori islatzen. Kanpoan denbora asko pasatzen dugunok faltan botatzen ditugu zerua ilun eta itsasoa oso mugituta dauden egun horiek. Bestetik, nire ustez oso garrantzitsua da pintura jarriko den lekua, leku konkretuan egon behar du, lekuz aldatuz gero, testuingurua galdu eta ideiak berez duen guztia galtzen baitu. Nire ustez, toki paregabean dago margolan hori.

Azken obra zein da? Non ikusi ahal zango dugu? Eta noiz?

Azken obra Santurtziko (Bizkaia) udalak egindako eskaera da. Lau zati ditu. Batean Santurtzin hain ezaguna den portua ikus dezakegu, bestean baserria eta bertan bizi den familia euskalduna, hirugarrenean Bizkaiko meatzaritza islatu dut, eta laugarren paretan zer egin pentsatzen ari naiz orain, hiru koadroen elkarketa bat egin nahi dut bertan. Nire helburua ikuslea hara joan eta dena bat dela sentitzea da. Urtarrilerako Santurtziko Dorre etxean ikusi ahal izango duzuela uste dut. Ikusgarria izango dela iruditzen zait, pinturari material ezberdinak gehitu baitizkiot; egurra eta baserrietako materialak adibidez.

Galeriekin lan egiten al duzu?

Ez, nik ez ditut nire margolanak erakusketetan jartzen. Bi arrazoirengatik: batetik, nire obrak handiegiak dira museo batean jartzeko eta bestetik denak salduta daude. Nire bizitza osoan erakusketa gutxi egin ditut eta egin ditudanak atzerrian izan dira. Horren guztiaren ondorioz, nire lanak merkeagoak dira, galerietan %30, %40 edo %50 gehiago balio baitute. Galeria da diru horrekin geratzen dena, beraiek ere bizi behar izaten dute eta.

Zein pintore duzu gustuko?

Pintore asko ditut gustuko: Jose Ramon Amondarain, Jesus Mari Lazkano, Dario Urzay, Antonio Lopez, Eduardo Naranjo, Lucio Muñoz, Lucian Freud eta Francis Bacon.

Arteko beste adarrak ukitu dituzu?

Behin eskultura bat egin nuen brontzearekin Bartzelonarako. Baina ni pintorea naiz eta zehatzagoa izateko pintura figuratiboko muralista moduan definitzen dut neure burua. Halere, ez dakit non amaituko dudan. Duela bost urteko nire lanek ez dute oraingoekin zer ikusirik. Hori ona dela uste dut, eboluzionatzen joan naizenaren seinale baita. Ea etorkizunak zer digun prestatuta!


Azkenak
Eguneraketa berriak daude