Ukraina eta Europar Batasuna
akordiorako bidean

  • Ukraina Europar Batasunean sartu edo ez sartu eztabaida luzea gertatzen ari da azken hilabetean. Azaroaren amaieran, Ukrainako Gobernuak EBtik urrundu eta Errusiara gerturatzeko erabakia hartu zuen. Horrek herritarren artean gatazka handia sortu du eta duela hiru astetik protestak ugariak izan dira. Badirudi orain ados jarri direla akordio bat bilatu nahian.


2013ko abenduaren 13an - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Protesta ugariren ondoren Ukraina eta Europar Batasuna akordiorako bidean hasiko dira.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Azaroaren 28an Europako Batasuna Ekialdeko Lankidetzako sei herriekin goi bileretan ari zen Vilnan, Lituaniako hiriburuan. Batzar horien baitan, Ukrainak EBrekin sinatzekoa zuen elkartze ituna atzeratu eta Errusiaren babesera hurbiltzea erabaki zuen. Horrek herritarren zatiketa ekarri du, kalean istilu larriak sortu dira eta oposizioak zentsura mozioa aurkeztu du.

Merkataritza akordioaren sinadura bertan behera utzi ostean Ukrainako oposizioko jarraitzaileek protestak hasi zituzten Kieven. Manifestariek Independentzia plaza hartu zuten, eta Ukrainako Sindikatuen Etxean eta Kieveko Udaletxean sartu ziren. Egun batzuen ondoren istilu larriak lehertu ziren Poliziarekin eta dozenaka manifestari zauritu zituzten.

Ukrainako gobernua EBrekin negoziatzen hasi da baina oposizioa haserre dago eta hainbat eskari egin ditu. Besteren artean Gobernuaren dimisioa, manifestarien kontrako indarkeriaren erantzuleak epaitzea eta atxilotuak askatzea; tartean aurkitzen da Julia Timoxenko, lehen ministro ohia, botere gehiegikeriaz akusatuta preso dagoena.

Russian Today hedabidearen arabera, Ukraina eta Europako Batasuna akordio bidean jarri dira. Stefan Füle europar komisarioak azaldu duenez, Europak apustu handia egin du Ukraina EBko parte izan dadin, eta Errusiaren parte hartzerik gabe ekingo diote ituna sinatzeko prozesuari. Fülern hitzetan, “lehenik akordiora iristeko negoziazio bideari ekingo diogu. Ondoren, Ukraina lagunduko dugu Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) bat egin dezan. Eta azkenik, merkataritza mugak gainditu eta Ukraina merkatu askerako gune bihurtzen ahaleginduko gara”.

Ekialdeko herrialde horretako lehen ministro Sergey Arbuzovek aditzera eman duenez, Stefan Fülerekin negoaziatzen ari dira Kieven eta “Ukrainak, interes nazionalei erantzunez, laster sinatuko du EBrekin akordioa”. Ez dute data argirik zehaztu, baina 2014ko udaberrirako espero da akordio zehatza.


Ukraina kanalean gehiago
2025eko azaroaren 12
Higadura

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.