Irailaren 27an duela 45 urte hil zituzten Juan Paredes Manot "Txiki" zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra ETAko kideak; baita FRAPeko kide ziren Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz ere. Haien omenezko ekitaldiak egin dituzte beren sorterrietan.
Urola Kostako Hitzak egin du bai Zarauzko eta bai Azpeitiko Nuarbeko ekitaldien kronika. Amaia Urbieta Arruti kazetariak idatzi du Zarautzen, "Txiki"ren hilobiaren aurrean egindako omenaren berri. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu du ekitaldi hau eta elkarteko bozeramaile den Martxelo Alvarezek zera azpimarratu du: “Beharrezkoa da borrokalari hauen zilegitasuna aitortzea eta beren borroka oroitzea”. Frankismo garaiko azken fusilamenduak gogoan, memoria historikoaren lege berriaren zirriborroa mahai gainean dagoela ohartarazi du, baina mesfidati agertu da lege berriaren eraginkortasunarekiko. Ondoren Gure Boza zortzikoteak bertsoa eta abestiak kantatu ditu.
Angel Otaegi omentzeko ekitaldia egin dute Nuarben. Urola Kostako Hitzak azaldu duenez, Azpeitiko plazatik mendi martxa egin dute goizeko 8:30ean abiatuta. Eguerdian lore eskaintza egin diote Nuarbeko hilerrian dagoen Otaegiren hilobiari eta jarraian haren familiako kideak omendu dituzte Nuarbeko pilotalekuan.
2019ko iraila bukaeran, ARGIAn, Miel Anjel Elustondo kazetariak Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia Mikeli egin zion elkarrizketa: "Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria"
2017ko abenduan, Elustondok José Luis Sánchez-Bravo Sollaren arreba María Victoria elkarrizketatu zuen: "Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik"