“Tristurak eta pozak partekatzeko gune lasaia da umorea”

  • Ia hiru hamarkada daramatza Aiora Zulaika lasarte-oriarrak Pirritx pailazoa gorpuzten, eta haurrei eta familiei irri egiteko espazio goxo bat eskaintzen, errebeldiaz eta asmo eraldatzailez. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek “Maite zaitut” herri omenaldia jaso baino egun batzuk lehenago Aiora Zulaikarekin elkartu gara.


2025eko maiatzaren 16an - 09:56
Garazi Basterretxea Barea
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Irrigintzaren artisaua hitzak erabiltzen ditu Aiora Zulaika lasarte-oriarrak bere egitekoa definitzeko. Haurrei irri egiteko espazio goxo bat eskaini nahi die, bai oholtzan bai oholtzatik kanpo, errebeldiaz eta asmo eraldatzailez. Ia hiru hamarkada igaro dira lehen aldiz Pirritx gorpuztu zuenetik eta urte hauetan eroso sentitzen den eremu bat sortu du pailazoaren baitan. Irribarrez kontatu digu urte hauetan ez dela sekula bakarrik sentitu, zaintza talde handia izan duela inguruan, eta maitasun handia jaso dutela ikusleengandik, haur zein helduengandik. Zulaikak argi dauka Pirritx, Porrotx eta Marimotots herritik datozela eta herriarenak direla.

Bai Pirritx bai Zulaika musika eta euskara dira, euskal kantu, poema eta aho-korapiloen transmisore. Dena zor diote euskarari eta euskarak sentiarazten dien haize ufada goxoa partekatu nahi dute eurekin dagoen pertsona ororekin.

Oholtzara igo zinenean Pirritxek urte batzuk zeramatzan bertan dagoeneko. Nolakoa izan zen pailazoa gorpuzten hasi zineneko prozesu hori?

Pailazo taldean sartzerako lauzpabost urte baziren Pirritx bat bazegoela. Ni gonbidatu ninduten taldera, pertsonaia solteak egiten hasi nintzen eta behin sartuta Pirritxen haragitan, hasieran, inertziaz saiatzen nintzen beste hura imitatzen, baina oso clown desberdina geneukan lehenagoko Pirritxek, Ainhoa Beristainek, eta biok. Dinamismo eta mugimendu handiko clowna zen, eta nik, gorputzez eta fisikoki hain desberdina, sotilagoa nintzen, nolabait, buila gutxiago egiten nuen, zentzu guztietan. Ikaragarri gustatzen zitzaidan bere Pirritx, baina konturatu nintzen ez zela nire clowna. Kostatu zitzaidan eroso sentituko nintzen eremu bat topatzen, nire onena ateratzeko eta eroso sentitzeko. Antzerki hastapenak Lasarte-Oriako gaztetxean izan ziren, Mertxe Rodriguez, Marimotots, izan zen nire irakasle edo gidarietako bat. Taldean Bea Egizabal ere bazen. Norbere clownaren lanketa bilaketa prozesu etengabe bat da.

Pirritxen ahotsa ere sortuz joan zinen. Zelan sentitzen zara bi ahots horietatik hitz egitean edo abestean?

Pirritxen ahotsak magia ematen dit, superbotere bat. Finean, haurren erreferente bat da Pirritx. Musika irakaslea ere banaiz eta askotan ikasleek eskatzen didate Pirritx bezala hitz egiteko edo abesteko, eta oso polita da ikustea nola aldatzen zaien aurpegia. Oso eroso daukadan ahots bat da, hori ere ikasi egiten da. Gabonetan, adibidez, Izarorekin Pirritxen ahotsetik abestu nuen Kursaalean, baina Aiora bezala jantzita, senideekin ikusle nengoelako. Oso momentu hunkigarria izan zen. Publikoak Pirritx ikusi zuen, nahiz eta Aiora izan. Beti izan naiz oso kantaria, gustatzen zait abestea, gitarra hartuta, eta txistua jotzea. Gainera, hezkuntzan iruditzen zait gutxi abesten dugula, nire egitekoetako bat hezkuntzan da euskal abesti, olerki eta aho-korapiloen transmisio lana, emozioetatik. Zortea izan dut: amonek eta gurasoek abestu egin zidaten, eta magnetofoi batean jarri zizkidaten euskal kantak… baina denek ez dute zori hori eta gaur egungo gizarte kulturanitz honetan, nire ustez oso garrantzitsua da kantuz ematen diegun transmisio hori. Mina daukazunean, gaixo zaudenean, haserre zaudenean, behar bat daukazunean abestea oso garrantzitsua da. Baita ondo pasatzeko edota aldarrikatzeko. Horretan saiatzen naiz.

“Nire egitekoetako bat hezkuntzan da euskal abesti, olerki eta aho-korapiloen transmisio lana, emozioetatik”

 

Oholtzan Pirritx musika dela esan daiteke.

Bai. Baina egia da Porrotxek abesten duenean ere inor ez dela geratzen indiferente. Eta Marimok abesten duenean ere, nik begiak itxita imaginatzen dut neskatila bat zuhaitzera igota kantari. Beti izan gara inperfekzioaren lagunak eta hori aldarrikatu dugu, natura bera ere batzutan ez da perfektua gure begietara, pertsonak ere ez gara. Ikasleei ere esaten diet ez dagoela gaizki marrazten edo abesten duenik. Bakoitzak topatu behar du bere barruko abeslari edo margolaria, norbera eroso dagoden tokia. Oso barneratua daukagu modu batera egiten ez baditugu gauzak ez garela ondo ari, eta ez da horrela.

Virginia Imaz umoregileak esaten du emakumeok ez gaituztela “barregile” izateko hezi. Ez da gauza bera ere, adibidez, Porrotxek oholtza gainean puzkerra botatzea edo Pirritxek edo Marimototsek egitea. Zelan joan zarete pailazo bakoitzaren rolak berrikusten eta eraikitzen?

Hain justu puzkerraren ideiarekin abesti bat sortu genuen Joxean Ormazabalen olerki batekin. Esan genuen: “Ados, oso ondo, Porrotxek puzkerra botako du, baina baita Pirritxek eta Marimok ere. Bakoitzak bere puzkerra dauka”. Nork bere barrutik egiten du umorea eta generoa ere hor dago. Egoera asko emakume izatetik desberdin bizi dira eta umore desberdin bat egin daiteke begirada horretatik. Kanpotik jendarteak desberdin bizi izan du umorea, gizonak ala emakumeak egina bada. Emakumeak beti eduki du umorearekin lotura handia, asko sufritu baitu, eta umorea balsamo oso ona da, baina emakumeak egin du umorea emakume artean. Nik imaginatzen ditut Ondarruko saregileak euren artean, edota konserberatako langileak barrez… emakumeak bildu diren inguru horietan barre asko egin dute, baina plazan gutxiago. Gurean bidea ireki duenetako bat Virginia Imaz izan da, bide polita egin du eta beste batzuk, hausnartuago edo bat-batekoago, batzen joan gatzaizkio.

“Emakumeak beti eduki du umorearekin lotura handia, baina emakumeak egin du umorea emakume artean”

 

Argia aldizkariaren BTN saioan egin zizuten elkarrizketan aipatzen zenuen Euskal Herrian pailazo kultura handia dugula. Zer harreman uste duzu duela herri honek umorearekin?

Euskaldunok nahiko serio fama daukagu, baina sekulako tradizioa dugu pailazogintzan. Euskal pailazo asko daude eta ia guztiekin izan dugu harremana. Atzo zerrenda egin nuen, barka nazatela aipatu ez ditudanek: Txirri, Mirri eta Txiribiton; Kakax, Kokox eta Kirriki; Gari, Montxo eta Joselontxo; Korri, Salto eta Brinko; Potxin eta Patxin; Tomax; Txoronpio, Pantxi eta Pantxo; Kiki, Koko, Moko eta Flax; Takolo; Pirrutx; Poxpolo; Pontx; Motx; Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo; Zapotxin; Potx eta Lotx; Virginia Imaz; Bea Egizabal; Isabel Aisa; Kiti Cancel, Annarita Fiaschetti… Gizonezko gehiago izan dira oholtzan, gizonezkoak errezago igo dira irrigintzan jardutera. Zerrendari begira ikusten dut talde bakoitza elkarren osagarri garela, denon artean unibertso oso polita osatzen dugula. Pirritx, Porrotx eta Marimotosen abiapuntua eta helmuga Euskal Herria Euskal Irri izatea izan da, herri alai baten irudia munduratzea edo zabaltzea. Pailazogintza aditu batzuek esan dezakete diziplina artistikoa dela, nik nire burua konsideratzen dut irriaren artisau, nire egur zatia zizelkatzen. Ainhoa Ganak doktore-tesia egin zuen gure taldearen inguruan. Berak dio gurea pailazogintza sozio-hezitzailea dela: praktika pedagogiko komunitario, humanitario, errebeldea eta gizarte eta hezkuntza eremukoa. Hitz potoloak dira, baina, pentsatzen hasita, ongi barnebiltzen du nik egin nahi dudan hori, bai oholtzan, baita oholtzaz kanpo ere.

Zer sentitzen duzu eskaini diela zuen lanak euskal gizarteari?

Umorea babesleku bat da. “Euskara da gure territorio libre bakarra”, esaldiari gehituko nioke umorea ere badela territorio librea, edo hala bizi dut nik. Guk beti eduki dugu euskalgintza eta herrigintza erdigunean, herri baten beharretik abiatu zen gure taldea. Gure herrian haurren %80a gaztelaniaz matrikulatzen zen garai batetik gatoz. Argi geneukan zein zen iparra: euskara, dibertsioa eta baloreak, haurrekin eta haurrentzat. Nik uste dut saiatu garela geure koloreetako begietatik errealitatea iragazi eta konfiantza mezuak transmititzen: “sentitu, pentsatu, ekin”, Gorriti eskultoreak guri erakutsi zigun bezala.

Zailak iruditu zezaketen gaiei ere heldu diezue umoretik. Zelan lortu duzue gaiak oholtzaratzerako moduan asmatzea?

Geuk bizi izan ditugun edo ingurutik heldu zaizkigun gaiak eraman ditugu oholtzara. Mugarria izan zen, nire ustez, haur minbizia landu genuenean. Euskal Herriko bertsolari, sortzaile eta elkarte askorekin egin izan dugu lan eta nire ustez ondo inguratze hori klabea izan da. Gaien inguruan adituak diren edo barrutik bizi duten pertsona horiekin elkartzea. Umorea ez da barre algara bat bakarrik, umorea tristurak eta pozak partekatzeko gune lasaia ere bada. Marimotots parkeko neska da, gurekin geratu eta bere bidea egin du. Saio baterako sortu zen pertsonaia eta ikusi genuen aukera asko ematen zizkigula gai asko lantzeko; indar handia zeukan eta maitasun handia transmititzen zuen. Landu nahi izan dugun gai oro landu dugu, beste asko lantzeko daude. Errebeldiaz eta asmo eraldatzailez egin dugu.

Oso irudi esanguratsua izan zen Tourra Bidasoako mugatik igarotzean Gure Eskuk deitutako kalejira Santiago zubian. Frantziako polizia aurrean jarri zitzaizuen, baina Pirritxek ez zion txistua jotzeari utzi eta herritarrekin batera aurrera egin zenuten.

Elkarri begiratu eta aurrera jarraitzea erabaki genuen, geldiarazi gintuzten arte. Pailazoak eman dit gaitasuna hori egiteko. Pirritxek sentitzen du badela nor egoera horretan ere txistua jotzen egoteko. Aiorak ere bai, baina zailago egingo litzaidake. Pirritxek sentitzen du une hartan hor egon nahi duela eta gai da hor egoteko, nolabait, soperbotereak ditu, hegalak ditu aurrera segitzeko. Horrelako egoerak 30 urtetan pila bat suertatu zaizkigu eta, egun horretan bezala, inoiz ez gara bakarrik egon: herritik gatoz eta herriarenak gara. Herri omenaldia ere herritik jasoko dugu. Asko eman dugu, Pirritxek asko eskatu dit, baina asko, erruz jaso dugu ere. Eskerrak, inguruan zaintza talde potentea eta prestua izan dudan ni horrela ibili ahal izateko. Ama izan nintzenean, adibidez, seme zaharrenaren lehen hortza amamak deskubritu zuen, edo gaixorik zegoenean, sarri amama deitzen zuen. Jendartean zaintzaren pisu handia arindu digute aitona-amonek. Inoiz bueltatuko al diegu egindakoaren ordaina? Nik hiru seme izan ditut eta zaintza talde sendoa izan dut ni plazan nengoen bitartean. eta amatasunaren une batzuri ere uko egin behar izan diet (beste hainbat ama edo guraso titiriterok bezala). Beste modu bateko ama izan naiz eta inoiz barne konfliktoak ere eragin dizkit horrek. Oso eskertuta nago inguruan izandako familia eta lagunen zaintza taldearekin.

“Pirritx, Porrotx eta Marimotots herritik gatoz eta herriarenak gara. Herri omenaldia ere herritik jasoko dugu”

 

Pirritxek Pupu eta Lore izan zituenean ere taldean hezteko hautua egin zenuten. Zelan sortu zenuten Pirritxen amatasunaren errelatoa?

Guk ez ditugu sekula sailkatu pailazoen arteko harremanak. Marimotots elkartu zitzaigun, amona Josefina ere badago, baina ez gara anai-arreba, lehengusu, izeba-osaba… Zergatik definitu behar dugu dena? Nik Takolo, Pirritx eta Porrotxen garaian seme bat izan nuen eta duela 15 urte bikiez haurdun geratu nintzenean erabaki genuen hau ere oholtzara eramatea. Aiora haurdun dago, ba Pirritx ere bai. Pirritxen umeak dira, eta baita taldearenak erei. Amatasunak eskatzen ditu eskuak, eta beste batzuetan babesa negar egiteko, edo denbora lotarako… hau da, zaintza, inguru eroso eta goxo batean. Ez duzu harreman zehatz bat izan behar inguratzen zaituzten pertsona horiekin, soilik egon behar dute haurrak eta zu zaintzeko, babesteko eta laguntzeko prest, beste une batean zerorrek egingo duzun bezala. Pupuk, Lorek eta Pirritxek bazeukaten hori.

Amaren intxaurrak lanean heriotzaren gaia oholtzaratu zenutenean ere garrantzitsuak izan ziren zaintzak. Marimototsen ama hiltzean eta bere kanpoan eta barruan euria ari zuenean pailazoek babestu zuten eta euritan egon ahal izateko beharrezko tresnak eskaini zizkioten.

Oso polita izan zen ikuskizun hori. Gizarte moduan asko aldendu gara heriotzatik, bizitzatik beratik ere bai. Eta naturatik. Ez gara kontziente heriotza bizitzaren parte dela. Barneratu egin behar genuke, kulturalki ahaztu egin dugu, ez dugu pentsatu ere egin nahi horretan. Umoretik heriotza lantzea deserosoa izan daiteke, baina beharrezko ikusten genuen: hiltzen dira gure zaleen aiton-amonak, gurasoak, haurrak ere hiltzen dira… Askotan deitzen digute zaleren bati mezua bidaltzeko, norbait hil zaiolako. Zergatik ez landu heriotza? Naturalago sentituko bagenu eta heriotzaren inguruko emozioei hitzak jarriko bagenizkie dolua bera gogorra izanagatik samurrago eramango genuke eta zentzu bat topatuko genioke. Amonen amomen amomen garaiko dolmen eta kronletxak etortzen zaizkit burura, haien jakintzak eta naturarekiko atxikimendua. Beste modu batean bizi zuten heriotza, eta umezurtz gera gaitezke gaia lantzen ez badugu.

“Maite zaitut” kantak 20 urte bete ditu aurten eta emozioak adieraztearen garrantziaz aritu zarete. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (SUSA, 2021) liburuan agertzen den “familia-konstituzioa” etorri zait burura. Idazleak azaltzen duen bezala, familia askotan ez dago horretarako ohitura eta pertsona askorentzat ez da erreza izaten emozioak askatzeko hitzak aurkitzea.

Eider Rodriguezek dio, nolabait, 6 urtetik beherakoek errezago adierazten dituztela emozioak eta nik ere hori uste dut, hein handian. Askotan zaila da, baina doluan gaudenean bezala, sentimendu eta emozioei izena jarri eta ahozgoran esatea oso garrantitsua da. Horretan ari bagara, ariketa kontzientea ari gara egiten eta horrek asko laguntzen digu. Guk asko esan dugu “maite zaitut”, eta guri asko esan digute. Abesti horrek nolabait ireki zuen zerbait eta ez da gurea, bere bidea egin du. Romi izeneko neskato ijitoari duela 20 urte abestu genion kanta izan zen, eta leiho bat ireki du. Maiatzaren 3ko omenaldian esan digute: “maitatzen zekien herriari maite zaitut esaten erakutsi zenioten”. Niri ez zait iruditzen hainbesterako denik. “Maite zaitut” esaten bagenekien lehenagotik, akaso behar izan dugu eremu intimoago bat esateko. Abesti honek balio izan badigu ohartzeko euskaldunok ozen, alai, kantuz “maite zaitut” esaten badakigula, ba gu oso pozik.

Anita Maravillas titiritariek kontatu ziguten eurek aldarrikatzen dutela “aske bizitzeko eskubidea biolentziarik gabeko espazio batean”. Barre egiteko aukerak ere ez dira berdinak haur guztientzat. Zer eman nahi izan diezue urte hauetan aurrean izan dituzuen haurrei?

Eskubide hori bermatu egin behar da. Egoera askotan haurrei konfiantza eta itxaropen mezuak transmititzea oso zaila da, eta une gozo bat eskaini baino ezin dugu egin. Oso gizarte gaizto batean bizi gara, oso mundu aldrebesean, eta badaude umeak barrerako aukera gutxi daukatenak, bizitzeko ere aukera gutxi. Esaterako, 18.000 haur palestinar hil dira dagoeneko, zenbat gehiago hilko dira? Horrek bete beharko lituzke kaleak protestaz eta egin beharko genituzke greba orokorrak. Mundu guztian hainbat eta hainbat haurrek oso zaila daukate irribarrea. Eta irribarrea galtzen duen momentuan pertsona gaixotu egiten da. Mutilatzea bezala da. Era berean, askotan harritu gaitu hartzailearen indarrak, pentsatzen duzu norbait edo inguru bat alaitzera zoazela eta besteek ematen dizute indarra. Umorea bizitzan jarrera bat da, eraikitzailea, eraldatzailea, umoretik barre egin daiteke baina negar ere bai, emozioen etengabeko hartu-eman bat da.

“Euskaldunok “Maite zaitut” esaten bagenekien lehenagotik, akaso behar izan dugu eremu intimoago bat esateko”.

 

Eta euskaraz egiten duzue hartu-eman hori. Kukui lanean Pirritxek esaten du euskara dela koloretako maleta, haize ufada goxoa, laztana, ibaian hitz politak, karamelua, aterkia…

Abesti hori Miren Amurizaren hitzekin sortu genuen. Euskararen inguruko hainbat hausnarketa partekatu zituen gurekin eta bat zen euskara dela gauza harrigarriz betetako koloretako maleta. Pirritx zerbait baldin bada, euskara da. Eta Aiora ere hori da. Gure mundu-ikuskera transmititzeko tresna eta bizitzeko modua. Dena zor diot euskarari.

Zelan egiten die Pirritxek gonbidapen hori euskara hurbil ez duten haurrei?

Maitasunetik, enpatiatik, bestea ezagutzetik eta ulertzetik, inposatuz baino, eskainiz. Euskal Herrira haurrak iristen dira beste errealitate batzuetatik eta gu gerturatzen gatzaizkie gure hizkuntzan. Oso inportantea da euskarara ongi etorria ematea eta berea ez ahaztea, entzutea, hau da, haurra gonbidatzea beretik eman dezan, bere hizkuntzak, bizimoduak eta kulturak ere lekua izan dezan.

“Pirritx zerbait baldin bada, euskara da. Eta Aiora ere hori da. Dena zor diot euskarari”.

 

Zer moduz daude orain Aiora eta Pirritx?

Aiora eta Pirritx bakean daude elkarrekin. Aiorak 50 urte ditu eta beste serenitate batetik ari naiz, beste lasaitasun batetik, hor kokatzen ari naiz, sormenari lotuta, banbalina artetik taldekideei begira. Neumoniak eraginda erritmoa jaitsi behar izan nuen, baina hor nago. Ekainean Tolosako txistulari bandarekin saio berezia dugu eta Pirritx hor izango da. Bizitzako etapa berri baten atarian ikusten dut neure burua Taldea ere badoa transformatuz, pertsonak nagusitzen goaz eta eraldaketa hori erritmoetan joango da forma hartzen. Konturatu naiz egin daitezkeela beste gauza batzuk, beste pausa batetik. Eta hor gaude: bai neu, bai Pirritx.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pirritx eta Porrotx
Eguneraketa berriak daude