Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua Tabakaleraz, Chillida-Lekuz, Donostiako Zinemaldiaz eta Musika Hamabostaldiaz mintzo da, besteren artean, Gara egunkariak gaur plazaratutako elkarrizketan. Tabakaleraz esandakoak ekarri ditugu hona, "Gipuzkoako kultur egitasmorik handiena" den heinean.
"Kultur proiektua ez da stand by egoeran geratu: obrak aztertzeko epe bat eskatu genuen bezala, kultur proiektua aztertzeko ere epe bat behar genuela ikusi genuen. Ez dugu dagoen proiektua baztertzen, baina uste dugu berraztertu beharra dagoela, eta baldintza berrietara egokitu. (...) Uneotan proiekturik handiena da, eta behar bezala aztertu behar da. Egia esan, proiektua duela urte asko abiatu zen: hasi zeneko egoera ekonomikoak eta gaur egungoak ez dute zer ikusirik eta, hasiera batean, tartean dauden erakunde guztiek aurrera egiteko borondatea dute. Tabakalera garrantzitsua dela uste dugu, baina gaur egungo baldintzetara egokitu beharko dugu ezinbestean".