Jenofa Berhokoirigoinek jaso du 37. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, ARGIAn idatzitako Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik. Beste hiru finalistak hauek izan dira: Datuetatik tiraka Goiena Komunikazio taldearen saioa, Baleukok ETBrentzat ekoitzitako Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea ikusentzunezkoa, eta Nagore Arinek Berrian Boiseko Jaialdiari buruz argitaratutako dokumentala eta kronikak. Azaroaren 26an Andoaingo Bastero Kultur Etxean egin zen ekitaldia eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Josune Irabienek eta Andoaingo alkate Andoni Alvarezek eman zioten garaikurra Berhokoirigoini.
Milesker handi bat zinez. Hasteko pertsonalki, sinpleki plazer handia eragiten didalako.
"Besarkada bat Bilbo aldera, gaur jakin dugulako Bilboko Uriola eta Prest aldizkariak hetsiko dituztela, arrazoi ekonomikoengatik"
Baina batez ere mila esker sari horrekin urte luzeetan zehar egiten duzuen ekarpenagatik, fokua jartzen duzuelako euskaraz bideraturiko kazetaritzan. Bagabiltza diglosiaren erdian lanean, euskaratik eta euskaraz. Bagabiltza adimen artifizialak, algoritmoek, berri faltsuek eta ultra-aberatsek geroz eta botere gehiago duten errealitate honetatik, bestelako kazetaritza bat eskaini nahian, euskaratik eta euskaraz. Ez da testuinguru errazena, baina bagabiltza eta anitz gara. Hemendik besarkada bat Bilbo aldera, gaur jakin dugulako Bilboko Uriola eta Prest aldizkariak hetsiko dituztela, arrazoi ekonomikoengatik... Galera handia da. Egiten den horri garrantzia emateko balio du Rikardo Arregi Sariak, beraz, mila esker.
Bestalde, mila esker ARGIA lantaldeari, lantalde ederrari. Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian erreportajea, bada, ene ustez, adibide on bat lantalde horren izpirituaz ohartzeko: artzaingoarena ez da irakurlego alimalea, bai ala bai, bermatzen digun gai bat, ez da aktualitatean bero-bero den gai bat... eta hala ere, orriak eta azala bideratzen dizkiogu. ARGIAn
"Saritutako erreportaje hau bada adibide on bat ARGIA lantaldearen izpirituaz ohartzeko"
bagabiltzalako kazetaritza independentea egiten: mundu trakets honetan salatu eta argira eraman beharrekoa azaleratzen eta amesten dugun bestelako mundu horren alde gure ekarpena egiten. Eta artzain horien erronkak, gogoetak, pozak, trabak, kezkak eta ametsak azalera eramatea ere hortik egin zen.
Azken esker bat, hain justu, laborari horiei. Enetzat bada berezia sari hori erreportaje horrekin jaso izana. Sari hori eskaini nahi diet laborari ditudan lagun guztiei, baita laborari diren anaiari eta koinatari ere. Laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren hautua egiten duten pertsona horietan bada maitasun handia, determinazio handia eta erradikaltasun handia, zentzurik ederrenean. Sistemak ez zaituzte nahi baina jendarteak behar zaituzte, beraz, milesker egiten duzuenagatik. Eta ARGIAtik, baita BIZI BARATZEA ORRIAtik, segituko dugu zuenaren berri ematen, behin baino gehiagotan diogun bezala, ez garelako neutralak. Mila esker.