Ríos Montt Guatemalako diktadore ohia genozidioagatik zigortu duen epaia baliogabetu dute

  • Guatemalako epaitegi batek 80 urteko espetxe zigorra ezarri zion Efraín Ríos Montt diktadore ohiari duela astebete, 1982 eta 1983an ixil etniako 2.000 indigenen heriotza eragin zuen genozidioagatik eta gizateriaren aukako krimenengatik. Gorte konstituziogileak baliogabetu egin du epai hori. Biktimek eta giza eskubideen aldeko eragileen hitzetan, epaileek presio handia jasan dute.


2013ko maiatzaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ríos Rott zigortzeko eskatzen duen mezua (Argazkia: Analisis Libre)

Diktadore ohiaren abokatuek argudiatu dutenez, Ríos Montt defentsarik gabe geratu zen haren aurkako epaiketan, bere abokatua aretotik kanporatua izan zelako une batez, apirilaren 19an. Gorte konstituziogileko bost magistratuetatik hiruk defentsaren argudioak ontzat eman eta atzera bota dute Montten kontrako epaia.

Gauzak horrela, apirilaren 19tik aurrerako prozesua –epaiketa– berriro egin beharko da. Egun hura heldu bitartean, dena den, masakreen lekuko izan ziren maia ixil herriko 100 indigenak deklaratu zuten, eta ez dago argi haien testigantzak aintzat hartuko dituzten ala, aitzitik, epaiketa berria abiaraziko duten.

36 urte iraun zuen diktaduran 250.000 lagun hil edo desagertu ziren; indigenak eta zibilak ziren gehienak. Halaber, milaka emakumek sexu erasoak jasan zituzten. Nazio Batuen Erakundearen arabera, krimen haietako %93 militarrek eta paramilitarrek egin zituzten.

Epaiketak Otto Perez Molina presidentea bera zipriztindu du, diktadura garaian inteligentzia militarreko burua izan zelako. Diktadore ohiaren aurkako zigorraren berri izatean, Guatemalan ez zela genozidiorik izan adierazi zuen, eta kondena ez zela behin betikoa.

Berak soilik ez. Sektore kontserbadoreenek eta patronalak ere epaiketa gogor kritikatu eta zigorra baliorik gabe uzteko eskatu zuten. Biktimek eta giza eskubideen arteko eragileek salatu dutenez, epaiketaren aurkako kanpaina gogorra egin dute sektore horiek. Dokumentu batean, esaterako, "bakearen traidore" deitu zieten epaiketa sustatu zuten eragileei, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunari besteak beste.

Ríos Montt ospitale militar batean ingresaturik dago, hipertentsio arazoengatik.

Informazio gehiago:

Lander Arbelaitzen blogean, Ríos Montt diktadore ohiaren aurkako epaiketaren eta ixil herriko indigenen inguruan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Efraín Ríos Montt
Maien aurkako genozidioagatik Guatemalako diktadore ohia epaitzen ari dira

Efraín Ríos Montt Guatemalako diktadore ohiaren aurkako epaiketa berrekin dute astelehenean. Gizateriaren aurkako genozidioaren autore intelektual izatea egozten diote. Garai hartako inteligentzia militarreko buruzagi José Mauricio... [+]


Guatemalako diktadore ohia, maien genozidioagatik akusatua

Guatemalako epaile batek Efrain Rios Montt diktadore ohia genozidioagatik epaituko du, hori egiteko nahikoa oinarri badagoela argudiatuta. 36 urtez luzatu zen guda zibila, eta aipatu diktadoreak 1982-1983 bitartean agindu zuen. Tarte horretan 1.771 herritar maia hiltzeagatik... [+]


Eguneraketa berriak daude