Quilesek alde egin zuen, eta Iruñean istiluak izan ziren antifaxisten eta Poliziaren artean

  • Sortutako aurkako giroa ikusita, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean iragarritako ekitaldia ez egitea erabaki zuen. Hala ere, antifaxistek 17:30etarako egindako deialdiari eutsi egin zioten eta unibertsitatean bildu ziren.

Gedar

2025eko urriaren 31n - 10:52
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Vito Quilesen aldeko hogei bat lagun agertu ziren eta Espainiako Polizia bi taldeen artean jarri zen. Haien arteko oihu batzuen ondoren, Quilesen zaleek alde egin zuten. Polizia eta antifaxisten arteko hainbat ika-mika eta gero, antifaxistek Iturrama eta Azpilagaina auzoetara jo zuten. Ondoren, Iturraman, talde batzuek kaleak moztu zituzten eta istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera, bi atxilotu, eta bost zauritu izan ziren, horien artean lau polizia eta bestea El Español agerkariko kazetari bat, José Ismael Martínez, antifaxistek kolpatua, eta bekainean eta eskuineko begiaren azpian odol zauriak zituena.

Quilesen etengabeko gezurrak

Quilesek sare sozialetan zabaldu zuenez, milaka pertsona zain zituen hitzaldia entzuteko, baina Espainiako Poliziak jakinarazi zionez, ezin zuen bere segurtasuna bermatu. Gobernu Ordezkaritzak gezurtatu egin du halako ohartarazpenik egin zionik, ezta labanak edo gisakorik atzeman zituenik ere. Quilesek zabaldu zuenez, EAEtik bera aurkako mobilizaziora etorritako bi autobusetan harrapatu omen zituen Poliziak labanok.

Quilesen azken kapitulua Diario de Navarra egunkariaren egoitzaren inguruetan gertatu ziren. Egunkariko kazetari batek dioenez, egoitza atzean zutela ari zen grabaketa egiten Quiles, bere segurtasun zerbitzu pribatuko sei lagunek babestuta. Ea zertan ari zen galdetu ondoren, eskuin muturreko ekintzaileak erantzun zion ez zebilela probokazioetan: “Zuen lagun terroristak izan dira Nafarroan sartzea debekatu didatenak”, horregatik ari gara grabatzen hemen. “Kaleko terroristen konplizea da”, zioen Quilesek interpelatzen ari zitzaion kazetariari buruz, eta auto batean sartu eta alde egin zuen.


Eguneraketa berriak daude