Porroterantz abiada bizian

  • Santiagoko tren istripuak eta berau azaltzeko argudio eskasek, agerian utzi dituzte Espainiako Trenbide Sarearen gehiegikeria eta gabeziak. Giza akats baten ondorio izan dela zabaltzeak ez ditu segurtasun neurrien falta eta koordinazio arazoak estali.


2013ko abuztuaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Adolfo Barrio Espainiako Trenbide Eskubideen Elkarteko presidente ordea da, eta lehen eskutik ezagutzen duen sektorearen ajeak argitara emanez, artikulua idatzi du El País-en. Dioenez, trenbide sarearen ezaugarri estrukturalak daude istripuaren atzean. “Bi motatakoak: ekonomikoak eta deskoordinazioarekin loturikoak”

Porrotera kondenatutako proiektua

Espainiak 50.000 miloi euro bideratu ditu jada AHTa eraikitzera, baina erabilera datuek “oso baxuak” izaten jarraitzen dute. Garraiobideen kuotak aztertuz gero, bidaiarien %6k erabiltzen du AHT eta merkantziaren %3 garraiatzeko baliatzen da.

Adolfo Barrioren hitzetan, “porrotera kondenatutako proiektu antzuan murgildu da Espainia, aurretik errentagarritasun ikerketa duinik egin gabe”. “Munduko herrialde garatuenek ere horrelako zerbait eraikitzeko baliabiderik ez dutela erabaki dute”.

Dioenez, arrazoi politikoak medio eraiki dituzte AHTak, “errentagarritasun politiko handia” baitute.

AHTen gehiegizko eraikuntza Espainiarentzat karga eraman ezina dela uste du Barriok. “Beharbada, horrek aspektu garrantzitsuena ahaztera eraman gaitu: segurtasuna”. Espainian AHTrentzat eraiki diren 3.100 km-tatik 1.800 daude soilik balaztatze automatikorako sistemarekin hornituta.

Renfe eta Adif, Adif eta Renfe

Espainian, AHTren azpiegituraren kudeaketa eta zerbitzua bi enpresaren esku dago. Azpiegituraz Adif arduratzen da eta zerbitzuaz aldiz, Renfe. Banaketa horrek “koordinazio arazoak sortu eta gastuak biderkatu” egiten ditu Barrioren ustetan.

Segurtasunari ere eragiten dio ardurak banatzeak, ez baitago sor litezkeen arazoak aztertu eta irtenbideak bilatzeaz arduratzen den organorik. “Enpresa bakoitzeko arduradunek interes eta ikuspegi desberdinak izan ohi dituzte segurtasun arazoei dagokienean”. Santiagoko istripuaren ondoren Adif eta Renferen artean sortu diren hika-mikak lotsagarritzat jo ditu Barriok.

“Zaila dirudi honek guztiak Santiagoko istripuarekin loturarik ez duela pentsatzeak. Baieztapen batzuk zalantza ezinak dira: Trenbide Istripuen Ikerketarako Batzordearen arabera, errailetatik irten diren trenen kasua exponentzialki handitu da ardurak bi enpresaren artean banatzearekin eta AHTren eraikuntza masiboarekin batera”.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Eguneraketa berriak daude