Pedalei eraginez, pentsio duinen alde

  • Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko 20 bat lagunek egin zuten bizikleta martxa Gipuzkoan zehar maiatzaren 24tik 29ra. Hamasei bat txirrindulari egunero aritu ziren, beste lau pertsona furgonetarekin eta kamioarekin, eta lantzean behin beste pentsionista batzuk ere biltzen zitzaizkien. Hemen duzu biran parte hartu izan zuen Joxe Iriarte Bikila-ren kronika.

Argazkia: Pentsiodunak Gipuzkoa Argazkia: Pentsiodunak Gipuzkoa

2021eko ekainaren 16an - 12:49
Azken eguneraketa: 15:09
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Maiatzak 24, astelehena.

Pentsiodunen mugimenduan Orereta herri aitzindaria da. Handik abiatu gara 9:00etan ohiko lagunez inguratuta, dultzainero, zuziri eta parafernalia guztiaz horniturik. Atzean geratu da bi hilabeteko antolakuntza lana. Gipuzkoako biraren bidea xehetasunez marrazteaz gain, herrietako taldeekin batera antolatu behar izan da zer ordutan iritsi herrietara, nondik ibili, non eta noiz bazkaldu, afaldu, lo egin, eta abar luzea; eta, garrantzitsuena, txirrindulari talde egokia eta garraiolari ekipoa osatzea. Beraz, hori guztia ondo lotuta utzi ondoren, bideari ekin diogu.

Hasiera petrala dugu. Euripean, laster hezurretaraino blai gaude, oinak eta eskuak hotzez minduta, baina bihotza taupaka eta burua txinpartaz beterik; eguraldi txarrari oihuz, aldarriz eta aurpegi ona jarriz erantzun diogu. Pasaia, Trintxerpe eta Donostia-Sagues egin eta atsedenaldia egin dugu ELAko, Steilaseko eta LABeko kideekin. Hernanin izugarrizko ongietorria prestatu digute, berdin Andoaingo Goiko plazan, eta azken honetan antolatzaileak udalarekin xextran izan dira, honek ez duelako baimenik ematen furgoneta eta kamioia plazan sartzeko. Tolosa osoari bira egin ondoren, plazan bukatu dugu, pertsona ugariren txalo artean, Amaia Agirre bertsolariarekin, eta batukadaren burrunbaz.

Asteartea, 25.

Ziztu bizian heldu gara Legorretaraino. Beasainen ordezkari sindikalak herri sarreran dira. Lazkao eta Ordizia ditugu ondoren. Azken honetan ongi etorria dugu merkatu plazan, Adur Ezenarro alkatearen eskutik, eta bertan, Segurako Iparra-Hegoa taldeak kozinatuta kristoren paella dugu gure zain, oraindik gal-gal. Ormaiztegi. Zer pentsatuko zuen Zumalakarregi jeneralak gurea bezalako zutabea ikusita? Gure aldarriak ez dira jada Jainkoa eta Foruak, pentsio duinak lortzea baizik. Izagako malda. Erredios! Zutabea nahikoa luzatu da eta nork bere ahalmenaren arabera eutsiz egin dugu gora, azkenean aldapa mendean hartuz. Zumarraga, Urretxu. Piruloa-ren plazan bukatu dugu. Ongietorri bikaina, festa giroan, abeslariak eta guzti. Mendizaleak doinuarekin kantatu dugu: Pentsionistak aurrera, goazen guztiok kalera, bizitza duinak lortzera, triaralaratriaralara... Eta afari bikaina izan dugu, bertako taldeak egina (emakumeek kasu honetan).

 

Bikila paellari eragiten, Ordiziko azoka plazan.

Asteazkena, 26.

Legazpiko bidean, suhiltzaileen harrera hunkigarria izan da. Patrizio Etxeberria jaun eta jabe zenaren Legazpigrado-ren garaiko sarrera itogarria eta zantarra igaro ondoren, herri eder batekin egin dugu topo. Irakasleen eskutik, eskoletako haurrek oihuka eta txaloka agurtzen gaituzte. Udanako aldapa Izagakoa baino arinagoa da; hala ere, arnasa estutzen zaizu ohiturarik ez baduzu. Jaitsiera Oñatirantz, hauspoak beterik oihuka, bizi-pozez.

Oñatiko Foruen plazan herritar talde ederra dugu zain, tartean, ELA, LAB eta ESK sindikatuen banderak. Irteeran, suhiltzaileen egundoko zalaparta haien sirena eta tutuekin. Arrasate. Aita Menni Ospitaleko langileen protestarekin bat egiten dugu udaletxe aurrean. Bazkaldu eta gero Aretxabaleta, Eskoriatza eta buelta. Antzuolako herriko plazan geldiunea. Eta azkenik, Bergara. Gorka Artola alkateak hitz adeitsuak luzatu dizkigu. Performance moduan kapitalismoaren harresiaren suntsiketa, langile, pentsiodun, feministak eta gazteak tiraka. Eta bi bertsolari, horietako bat da Maite Aristegi, baserritar sindikalista, Amaiurko parlamentari ohia Madrilen, eta gainera bertsolaria. Pentsioei buruzko hitzaldi interesgarria eskaini zuen Jesus Mari Soubiesek, Pentsionistak Araba taldeko kideak.

Osteguna, 27.

Lehenengo geldi gunea Soraluze da eta handik Eibarreraino goaz. Untzaga plazan, II. Errepublika aldarrikatu zen toki historikoan izan gara. Elgoibarren jaia Maala plazan da. Rockero zaharren emanaldia lehenbizi eta, ondoren, bertsolaria argi eta garbi mintzo da: “Bidezkoa eta ederra izan da urte hauetako jarduna / bekatu al da galde egitea justiziaz zor zaiguna? / bildu gaitezen pentsiodunok, iritsiko da eguna / etsipenaren birusik gabe arnasa hartuko duguna”.

Debako bidean, Mendaroko eskolako haurrek “aititak datoz, aititak datoz” oihuka hartzen gaituzte. Aurrerago harrobi baten eremuan sartzen gara denak biltzeko asmoz, baina sarrerako ubidea estaltzen duen burdinazko parrilak duen hutsune batean sartuta, furgonetaren aurreko errobera lehertzen da. Lehenengo intzidentea. Errobera aldatu eta aurrera. Itziartik Mutrikura. Mutriku, herri polita bezain bihurria tropelean sartzeko... eta ateratzeko aldapatsua! Azkenik, Deba. Ongi etorri jendetsua eta harrera zoragarria prestatu digute. Gilen Garcia alkatearen ongi-etorria, musika eta guzti.

Ostirala 28.

Hasi eta Itziarko aldapa. Kontrako eztarritik sartu zait. Okerrena ez da aldapa igotzea, gure ondoan pilatzen diren kamioi eta kotxeak egiten duten traba baizik. Tropelak geldi une bat egin du karabanari pasatzen uzteko, eta nik erabaki dut aurrera egitea. Harez geroztik, gure tropelak egiten duen harresiari esker, nire erritmoan lasai ederrean egiten dut goraino. A ze diferentzia! Eta jaitsiera, flipagarria! Umea bezala noa, pozik eta alai. Zumaia. Sarreran hainbat adinetako ikasleak ditugu, bidearen bi aldeetan guri txaloka. Zirraragarria da. Ongietorrian Jon Maiak –a ze luxua!– bertso zoragarriak eskaini dizkigu. Irteeran, DBHko gazte andana dago guri animoak ematen. Bai lagunak, gure eta zuen pentsioaren alde ari gara.

Laster batean Getarian sartu gara eta gero Zarautzen. Han ere, ongietorri bikaina Musika plazan, eta Andoni Egañaren bertsoek gure belarriak gozatu dituzte. Ondo bazkaldu eta berriro aldapa gora goaz, Orioko bidean. Aldaparekin borrokan, gure kolkoarekin marmarrean pixka bat damu, “gutxixeago bazkaldu izan banu”... Hil eta gero, salda bero. Oriotik barrena, bi ume koskor eta haien ama aurrelari lanean aritu dira.

Usurbilen gaude, Zumetaren muralaren aurrean, Agurtzane Solabarrieta alkateak gure borrokaren aldeko hitzak utzi ditu eta Unai Muñoaren bertso ederrak gozatu ditugu. Azken eguna da eta kiroldegia dugu ostatu. Tolosan izan ezik, gau guztiak frontoi edo kiroldegietan eman ditugu; lur gogorrean eta esterillaren gainean gorputza nola edo hala egokituz. Esnatzerakoan komeriak. Urteek ez dute barkatzen. COVID-19 garaiko neurri gisa, ia talde osoak kanpin dendatan egin dugu lo gauero. Gainontzekoek bata bestetik urrunduta, izkinetan kokatuta. Alegia, segurtasun neurriak hartuta, gure gaua indioen tribu baten antzera antolatzen genuen.

Larunbata, 29.

Koronabirusak segurtasun neurriak hartzea eskatu digu, baina nork pentsatuko zuen furgonetak eta kamioi txikiak ere zaintza behar zutela? Nola jakin, gauaren babesean jendilajearen erasoa jasango genuela eta lau gurpilak zulatuko zizkigutela? Udaltzainak ere zeharo harrituta daude Usurbilen holakoak gertatzearekin, eta gainera gure aurka. Dena konpontzeak atzerapena ekarri digu, baina azkenean abiatu gara, Zubieta eta Lasarte barrena, Donostiara sartzeko. Santa Katalinaren zubian Donostiako pentsiodunen taldekoen harrera. Altza eta Intxaurrondo auzoak ere zeharkatu ditugu. Euskal Herriko beste hiriburuekin batera, manifestazioaren ordua da. Egundokoa izan da, kontuan izanik oraindik pandemiak jota gaudela.

Lehertzeko zorian utzi gaituzte Jon txoferraren berriketak, txisteek eta hamaika istorioek. Atzean utzi ditugu talde bizipenak. Nekeak eta pozak. Eta herrietako ekitaldiak, zeintzuen antolaketa lanetan emakumeen esku-hartzea oso nabarmena izan den. Hernanin izan ezik, beste herrietako aurresku dantzari denak neskak izan dira. Eta Alarde tradizionalekoak oraindik ohartu gabe, tradizioa biziko bada, besteak beste, emakumeen eskutik izango dela, edo ez dela izango.

Orokorrean, esan dezakegu aipatu herrietako taldeak berpiztu eta aktibatu direla, eta aurrera begira jarri. Izan ere, manifestazioko agirian genioen bezala, “Toledoko Itunak eta Kongresuko bozketak pentsio sistema publikoa bideragarria dela agerian uzten duten arren, pentsioak murrizten dituzten erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen dizkiete”. Eta hori guztia gutxi balitz, pentsioak pribatizatzearen aldeko haize erauntsia dator Europatik.

Aste honetako emaitza ederrenetakoak izan dira hainbat eragilerekin ehundu dugun harremana eta elkarrekiko landu dugun sinergia. Sindikatuak, feministak, gazte taldeak eta eragile sozialak gure ondoan izan ditugu gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzeko. Pentsio duin eta publikoa. Murrizketarik ez. Genero arrakalarik ez. Azken finean, gaurko langileen soldatak badu zerikusirik biharko pentsioekin; lan duina eta finkoa bermatzeak ere bai. Eta egun gazte direnek jakin bezate gure borroka haiena ere badela. Irakaspen bat izan da denontzat. Eta pandemiaren aurrean neurriak hartu, ez da txorakeria. Baina ez kikildu, ez uzkurtu, ez desanimatu, borrokak aurrera darrai. Lortu ahal da!

 


Azkenak
Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Europak Israeli masiboki armak erosten jarraitzen du: Elbit taldeak 1.600 milioi euroko kontratua sinatu du Serbiarekin

Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua... [+]


2025-08-19 | Gedar
22 langile kaleratuko ditu Bridgestonek azpikontratatutako Serveok

Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.


Jordaniak derrigorrezko soldadutza ezarri du “Israelgo eskuin muturraren mehatxuaren” aurrean

Komunikazio ministro eta gobernuaren bozeramaileak iragarri du neurria. Berehala galdetu diote ea mehatxuren batek bultzatu duen erabakia, eta horri erantzun dio "mehatxua Israelgo eskuin muturretik" datorrela.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


Portugaletik Turkiara, Europa hegoaldea sutan

Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.


2025-08-19 | Axier Lopez
Euskotren “animalien tratu txarren” iragarle

LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.


Trumpek dio Ukrainako gerra amaitzeko ez dela beharrezkoa su-etena, Kievek lurralde batzuei uko egitea baizik

AEBetako presidentea Zelenskirekin eta Europako haren aliatuekin bildu da astelehenean, Etxe Zurian. Badirudi Trumpek ontzat jo duela Vladimir Putinek ostiralean izandako bileran proposatutakoa: Ukrainako gerra amaitzeko Kiev "lurralde truke posibleez" hitz egiteko gai... [+]


2025-08-19 | Mikel Aramendi
Txina eta India: muga-gorabeherak baino gehixeago

Alaskan nahiz Etxe Zurian egindako bilkurek sortzen duten harrabotsaren parekorik ez du piztu. Eta protagonistek ere hala nahiago, esango nuke. Baina begien bistako garrantzia du Asiako bi potentzia nagusientzat eta, zeharbidez, kontinente osorako: Txinako Kanpo-arazoetako... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


2025-08-18 | Elhuyar
Munduko hegazti guztien zerrenda bateratua argitaratu dute: AviList

Ornitologia-arloko mundu mailako bost erakunde nagusiak elkartuta, eta zazpi urteko lanaren ondotik, munduko hegaztien lehenengo zerrenda orokor eta bateratuta argitaratu dute, taxonomia, sistematika eta nomenklatura bateratuarekin: AviList. Prozesua gardena eta irekia izan da,... [+]


Dozenaka mila lagun Tel Aviveko kaleetan “gerra amaitu eta bahituak askatzeko”, eta Netanyahuk “Hamas indartzea” leporatu die

Gaza Hiria osorik okupatzeko onartu berri duten planaz kezkatuta, milaka israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari exijitu die Hamasekin akordio batera iristeko "gerra amaitu" eta zerrendan dituzten bahituak aske uzteko. Herrialdeko lehen... [+]


Hainbat pertsona atxilotu dituzte eraso sexistak leporatuta Bilboko Aste Nagusiko lehenengo bi egunetan

Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".


Eguneraketa berriak daude