"Oso berezia da Palestinako eta Euskal Herriko selekzioekin aritzea"

  • Tabernaria eta bezeroak agurtzen aurkitu genuen Yaser Hamed Mayor Portugaleteko futbol taldeko jokalaria, etxe azpiko tabernan, oraindik Covid19aren krisia zabaldu aurretik. Hainbeste bidaia eta partidaren artean, futbolari gaztea tartea bilatzen zebilen etengabe hedabideekin hitz egiteko; izan ere, historia berezia du Hamedek bizkarrean. Aita palestinarra du, ama Miranda Ebrokoa.

Argazkia: Eneritz Arzallus.

2020ko apirilaren 02an - 09:36

Nolatan etorri zen aita Euskal Herrira?

Aita hamazazpi urte zituela medikuntza ikasketak egitera etorri zen Euskal Herrira, eta garai horretan ezagutu zuen nire ama. Harremana hasi zuten, ezkondu eta hemen nago ni.

Nola oroitzen dituzu haur zinela aitarengandik jasotako Palestinaren inguruko kontakizunak?

Dakizuen bezala, Palestinan gauzak zailak dira, eta askotan saiatzen naiz gertatzen denari buruzko gauzak ez entzuten. Bizitza oso ezberdina da han eta hemen. Nik, zorionez, hara joateko aukera izan dut, eta nire begiekin ikusi. Gauza batzuk oso politak dira, baina beste gauza arraro batzuk ere ikusten dituzu, eta arraro uzten dizu gorputza.

Noiz egin zenuen lehenengo bidaia Palestinara?

Joan den urtean joan nintzen lehenengoz, uztailaren amaieran. Hilabeteko bidaia izan zen, eta liluraturik geratu nintzen. Esperientzia ikaragarria izan zen niretzat. Hala ere, aireportuetan beldurra izan nuen.

Zer dela eta?

Palestinara joateko Israelgo aireportuetatik sartu behar genuen, eta poliziak galdeketan gu beldurtzen saiatu ziren. Nire sustraiak gainera Gazakoak dira, eta mehatxatu egin ninduten, ez nintzela itzuliko esanez. Ea Hamasekin zer nolako harremana nuen galdetzen zidaten etengabe. Nik futbolean jokatzera nindoala erantzun nien. Azkenengo kontroletan, baina, errazagoa izan da kontua.

Nola bizi zuen zure familiak Palestinako hautatzailearen deia?

Hasieran asko harritu nintzen, ez bainuen espero. Lehen deia jaso nuenean ez nion sinetsi eta moztu egin nuen. Bigarrengoz deitu ninduenean sinesten hasi nintzen, eta oso urduri jarri nintzen. Palestinako futbol taldearen hautzatzailea nuen telefonoaren bestaldean, eta hautaketaren inguruko azalpen labur batzuk eman zizkidan. Astiro-astiro bereganatzen joan nintzen, eta pozez ospatu genuen.

Nola joan da orain arte sailkapen fasea?

Lehen partidan Uzbekistan garaitzea lortu genuen. Saudi Arabiaren aurka berdindu eta beste partidak galdu egin genituen. Azkenak goaz lau punturekin, baina joaneko partidetan taldeko bi herrialde indartsuenen aurka puntuak lortu ditugula ikusita, gogotsu gaude datozen partidak jolasteko.

Euskal selekzioarekin ere aritzen zara.

Bai, euskal selekzioaren amateur mailako talderako hautatu naute, eta berehala dugu hurrengo partida Las Rozasen Galiziako selekzioaren aurka, eta saiatuko gara hurrengo faserako sailkatzen. Oso berezia da Palestinako eta Euskal Herriko selekzioekin aritzea, oso momentu polita da niretzat.

Zer nolako berdintasunak eta ezberdintasunak ikusten dituzu Palestinaren eta Euskal Herriaren artean?

Jendearen eguneroko bizitzan ikusi nituen ezberdintasun nagusiak, hemengo bizitza eta hangoa oso ezberdinak baitira. Egia esanda, Palestinan ez dago egiteko hainbeste gauza, eta lanetik kanpo egiten duten bizitza oso ezberdina da. Duten ikuspegia antzinakoagoa da, eta lehen aldiz joatean arraro egiten da.

Halako bizitza eredua duen herrialde batean zer nolako garrantzia dute futbolak eta selekzioak jendearentzat?

Jende askorentzat futbola guztia da. Partida bat iristear dagoenean jendea irrikitan egoten da, eta gol bat sartzen dugunean denek gogotsu ospatzen dute. Futbolaren zale amorratuak dira, eta guretzat oso garrantzitsua da, partida guztietan zelaiak gainezka egiten baitu, eta asko laguntzen digute.

Egunerokotasun krudel horretatik ihes egiteko bideetako bat dirudi.

Zoritxarrez, bizimodua eta gertakariak latzak dira, asko jasaten dute egunero, eta azken batean futbola egunerokotasun horretatik ihes egiteko bideetako bat da; partida baten aurretik oso pozik jartzen dira.

Futbolaren munduak zoratuta dirudi azkenaldian: Vallecasen bertan behera utzi zuen epaileak partida bat, Iñaki Williamsi irain arrazistak, ondoren Tenerifen elkartasun oihuak…

Denon artean saiatu behar dugu futboletik gauza negatiboak ateratzen. Futbola futbola da, eta halako adierazpenak ekiditen saiatu behar dugu. Jendeak partida ikustera joan behar du zelaira, eta ez jokalari bati oihu arrazistak egitera. Baina tamalez gauzak horrela jarraitzen du.

Hirugarren mailan eta beheragokoetan aritzen zareten futbolariek askotan beste gauza batzuekin uztartu behar izaten duzue kirola. Zure kasuan ere hala da?

Bai, Ingeneritza Kimikoa ikasten dut Leioan, hirugarren mailan. Saiatzen naiz futbola eta ikasketak uztartzen, zaila da baina biak aurrera ateratzen lortzen ari naiz, eta pozik nago.

Ondo ikusten duzu etorkizuna futbolaren eta ingeneritzaren munduan?

Saiatuko naiz orain arte bezala biak uztartzen, baina futbolean gora egiten ahaleginduko naiz, beti ere ikasketak albo batera utzi gabe.

Argazkia: Mugalari.

 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude