D ereduan ikasi duten ikasleei eta unibertsitatean euskaraz aritu direnei, euskara badakitela ziurtatuko duen agiri bana eman nahi dizkie Eusko Jaurlaritzak. Gai horri buruz hainbatek emandako iritziak datoz ondotik:
Imanol Igeregi, Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorra: "Eusko Jaurlaritzak galdetu izan baligu, segur asko proposamen bat baino gehiago egingo genituzke; baina berriro ere, ez digu galdetu. Euskal gizartean gai horiez dugun sentiberatasunaren barnean, eta prozedura desegokia tartean, beste aukera galdu baten aurrean gaude".
Ricardo Arana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Komunikazio arduraduna: "Hogei urtean ikasketa guztiak arrakastaz burutu ondoren, zertarako eskatu hizkuntza proba gehigarri bat? Euskarazko irakaskuntza normalizatuz doan neurrian, parekatu egin behar ditugu euskararekin eta gaztelaniarekin hartzen ditugun jokabideak. Hori da konpondu nahi duguna".
Lontxo Oihartzabal, EHUko irakasle titularra eta EAEko Eskola Kontseiluko lehendakari ohia: "Batxilergoa D ereduan egin duenari EGA eman nahi bazaio, beste hau aurrez frogatu beharko luke Jaurlaritzak: Europa Kontseiluaren Erreferentzia Markoaren C1 mailak eskatzen dituen erabilera gaitasunak, bai ahoz eta bai idatziz, frogatuak dituela ikasleak. Hori frogatzen ez den bitartean, iruzur egin nahian ibiliko lirateke".