Ez dakit egokia den idaztera noana. Ez dakit zuzena den alkate bat modu honetan mintzatzea. Dakidana da ez dela ohikoa. Ez dakit publikatuko dudan ere. Irakurtzen ari bazara ausartu naizenaren seinale. Eta bestela, gutxienik, balioko dit barruak askatzeko.
Betidanik jarraitu dut interes handiz, baina ez naiz ni politikari lotua egon. Beraz, hasi berria naiz honetan.
Azpeititik kanpo ere igaro ditut urteak. Baina, azpeitiar sentitu izan naiz beti. 2009ean itzuli nintzen neure herrira, Azpeitira. Bizi izan dut Azpeitian gauzatzen ari zen aldaketa. Identifikatua sentitzen nintzen Azpeitian ematen ari zen kudeaketa eredu berritzailearekin. Ikusi eta ikasi dut posible dela gauzak beste modu batera egitea. Borondate politikoa aski omen da gauzak aldatzeko.
Geroago egin zidaten alkategai izateko eskaintza EH Bildutik. Eta baiezkoa eman nuen. Uste dudalako merezi duela geure herriaren alde ahalegin bat egiteak.
Gehien maite ditudanengatik zin egiten dizut Azpeitiko Udalak ez duela Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik. Ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan. Ordu txikitan ari natzaizu idazten, baina nire loari ez dizkio orduak kentzen egia esateak. Beste batzuek, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut, ea horiek lorik egiten ote duten.
Beste batzuek, publikoki, proiektua badagoela esaten entzuten ditudanean, pentsatzen dut, ea horiek lorik egiten ote duten
Eta galdetzen diot neure buruari ea zerk bultzatu ote dituen publikoki gai hau modu horretan nahastera. Galdetzen diot neure buruari zerk bultzatu ote dituen proiektu ekonomikorik gabe, lantegia martxan jartzeko prozedura hasi ere egin gabe, enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik, ehunka lanpostu sortzeko "aukera paregabeaz" hitz egitera.
Gogoratzen naiz zailtasun ekonomikoak dituztenez. Langabezian edo lan baldintza kaxkarretan lanean daudelako loa galtzen duten horiez. Eta jakin nahiko nuke ehunka lanposturen iragarpen faltsuak zer eragin izan ote duen beren bizitzetan. Nik izugarrizko arduragabekeria moduan ikusi eta bizi izan dudan hori, nola interpretatzen ote duten beraiek.
Ikaragarrizko oihartzuna du boteredunaren kriskitin soil batek. Oihartzunaren oihartzunez, badirudi beraiek markatutako erritmora dantza egin beste aukerarik ez dagoela. Hedabide nagusien sintoniak errealitatea desitxuratzeko duen gaitasuna barrutik ikusteak beldurra ere ematen du.
Ez gara aberats berriak. Plaza mugatuak daude betiko aberatsen tokian. Herri langilea gara eta harro gaude garenaz.
Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Eta hemen, ofizialki abian egon den prozedura bakarra Corrugadosen eraistearena izan da. 2009an erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak PTP-an Trukutxoko eremua siderurgiarako izendatzea. 2013an, lantegia martxan zegoela, Azpeitiko Udalak, EH Bilduk eta EAJk adostu zuten Corrugados herrigunetik ateratzea. Eta erabaki hark bere bidea egin du. Egiazki, ez nik, ez eta Azpeitiko Udal Gobernuak ere ez dugu gai honen inguruan erabaki bakar bat hartu. Haiek erabaki zutena errespetatu eta bete besterik ez dugu egin. Tematia da errealitatea. Eta Corrugados eraisten hasi dira.
Ez naiz deskalifikazioei erantzuten hasiko. Ez zintuzket aspertu nahi. Eta, argumenturik gabeko eztabaidak ez ditut gustuko. Baldintza berdinetan eta errespetuz, publikoki, edonorekin eztabaidatzeko prest nengoke.
Ez dizut ukatuko. Gogorra da hau barrutik bizitzea. Antzeko olatu batek azpian harrapatu eta ito zaitzake. Batzuk gelditu dira bidean. Askoren artean egiten ari gara bidea. Eta horrelako egoerek erakusten dute oraindik ere asko daukagula egiteko, aldatzeko, hobetzeko. Horrelako egoerek erakusten dute bidea egiten ari garela ere.
Badakit hau ez dela kontu pertsonala. Askoren artean niri dagokit orain aurpegia eman eta ahotsa jartzea. Eskerrak eman nahi dizkizuet lan taldea osatzen dugun guztioi.
Denborak bakoitza bere lekuan jartzen du. Eta hemen, ofizialki abian egon den prozedura bakarra Corrugadosen eraistearena izan da.
Ederra da herriaren ahotsa entzutea. Eskerrak eman nahi dizkizuet nigana, gugana, babesa eskaintzera hurbildu zareten azpeitiarroi. Kalean gelditu nauzue banan-banan. Sentsibilitate askotariko azpeitiarrak, EAJko bozkatzaile fidel eta zenbait afiliatuetaraino. Eta egia osoa jakin dezazun, esango dizut herritar bakarra etorri zaidala Corrugados herrigunean zabaltzeko eskatzera. Eskertu nahi diot hari ere bigarren bueltan argi eta alai agurtu izana.
Eskerrak eman nahi dizkizuet udaleko teknikari eta aholkulari juridikoei. Profesionaltasunez aritu eta gidatu gaituzuelako. Ohartarazi nauzuelako herrigunean Corrugados irekitzeko baimena emateak ondorio penalak ekar lizkidakeela.
Eskerrak eman nahi dizkizuet sindikatuei. Gertutasunez eta konfiantzaz hartu gaituzuelako.
Eskerrak eman nahi dizkizuet hainbat enpresariri. Diskrezioz, zuen ikuspegia helarazi eta siderurgiako merkatuaren egoera zein den jakinarazi diguzuelako.
Eskerrak eman nahi dizkiot EH Bilduri. Onartzeagatik lehenik herria ta gero alderdia. Lehenik Azpeitia.
Eskerrak eman nahi dizkizuet asko eta askori; ez nuke bukatuko.
Eta eskerrak eman nahi dizkizut zuri ere hau irakurtzeagatik.
Ah! Ez ezazula pentsa hau agur bat denik. Egia esateak atsedena ematen du. Kontzientzia lasai daukat, loak hartuko nau eta indarberrituko naiz. Elkarrekin egingo dugu denontzako Azpeitia.
* Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea da
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]
“Hauxe titulu bitxia” erranen du aspaldian leitzen nauen ARGIAko irakurleak. Jakingo du halaber Stanley Kubrick zinegilearen azken filmaren zale amorratua naizela. Horrek hura esplika dezake. Funtsean, begiak zabal itxita begiratzen diogu munduari, bereziki Gazako... [+]
Badirudi Europar Batasuna eskalada beliko betean sartu dela. Munduaren ordena geopolitikoa kolokan dabil eta Europak bertan zuen pribilegiozko lekua galtzeko arriskua ikusi du. Autonomia estrategikoaren lemapean, beste neurri askoren artean, industria armamentistikoa... [+]
Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan... [+]
Diskrezioa edo zuhurtzia hitzak entzuten dizkiedanean buruzagi politikoei kezka sortzen zait. “Hobe izango da zuhurtziaz jokatzea”, esaten digute. Horixe izaten da estalkia jakiteko, era publikoan egin izan balitz, onargarria ez zatekeen operazioa era sekretuan... [+]
Aspaldi egin nuen lantegi batean, kapitalismoaren izaera alderatu zuten itsasoan koipe jario batekin, zabaltzen doan orbana, bidean hondakina eta miseria sortzen duena eta garbitzeko zaila dena.
Egun, AAren koipea nonahi dugu,beharbada ezagunenak honakoak direlarik:... [+]
Unibertsitateko ikasleak azterketa garaian dauden bitartean, irakasleoi ikasturtea ixtea dagokigu. Irakasleak talde txikitan biltzean oso ohikoa da urte batetik besterako aldaketen gainekoak konpartitzea eta hausnarketaren brindis gisara ikasle belaunaldiaren
ezaugarritzea... [+]
13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]
Zein da otordu egoki baten proportzioa. Nondik dator egunero ahora eramaten dudan ogia. Zergatik ez dut goserik. Nork erabakitzen du zu ez zarela ni, gu ez garela berdinak. Nola egiten da janaria. Non altxatzen dira dorre garaiak eta non harresi mortalak. Nork jaten du eskuekin... [+]
Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 egunetako su-etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: “Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen... [+]
Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]