LAB, Steilas, ELA, CCOO eta UGTk ratioak jaistea, behin-behinekotasuna murriztea, lan kargak murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea eskatu dute.
Grebara deituta daude gaur Nafarroako irakaskuntza publikoan aritzen diren 10.000 langileak. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek ikasturte honetan deitutako bigarren mobilizazioa da. Aurrekoa otsailaren 15ean egin zuten, administrazioko eta osasuneko langileekin batera.
Hezkuntzako etapa guztietan ratioak jaistea, behin behinekotasun "erreala" %8tik behera murriztea, lan gainkarga murriztea baliabide gehiagorekin, eta eroshalmena berreskuratzea eskatzen dute.
Iruñerrian, 10:00etan abiatu dira zutabeak, Cuatrovientosetik, Mendillorritik, Barañaindik eta Txantreatik; gero, 11:00etan, manifestazioa egiteko Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Era berean, elkarretaratzeak egingo dituzte Tuteran, Altsasun, Donezteben, Lizarran eta Tafallan.
LAB Nafarroak adierazi duenez, hasi da jendea biltzen.
Abiatu da. Ratioak jaitsi!!#GrebaA3AHuelga#NegoziazioaHezkuntzanOrain#NegociaciónEnEducaciónYa#NafarroakoHezkuntzaPublikoaBorrokan#GoraLangileBorroka pic.twitter.com/96q2ydqPZX
— LAB Nafarroa (@LABnafarroa) April 3, 2023
Negoziaziorik ez
Sindikatuek martxoaren 6an egindako egitaldian nabarmendu zuten aldarrikapenak irakasleen "lan baldintzak hobetzeaz" gain, eskatzen den zerbitzu publikoa "nabarmen hobetuko" dela. Haien esanetan, "hezkuntza da gizartea hobetzeko tresna nagusia".
Hori dela eta, astelehen honetako grebarekin bat egitera animatzen dituzte gainerako sindikatuak eta hezkuntza komunitateko beste eragile batzuk, eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diote "negoziaziorik ez dagoen bitartean eta aldarrikapenei erantzuten ez zaien bitartean" mobilizazioen dinamikarekin jarraitzeko.
Kazetariei erantzunez, Pilar Garcia CCOOko idazkari nagusiak adierazi duenez, hilaren 15ean greba "nahiko gogorra" izan zen: "Jarraipena hezkuntza sektoreak egin zuen gehienbat, osasun sektoreak eta hiriguneak baino gehiago, eta hala ere, ez dugu erantzunik jaso, ez zaigu deitzen. Dirurik ez dagoela eta ezin direla aurrekontuko partidak handitu esaten dietela adierazi du. Era berean, negozioazio eza salatu du.