MySpace: eskandaluen gainetik hazi eta hazi ari den komunitate birtuala

  • MySpace komunitate birtuala etengabe ari da hazten. Duela bi urte sortu zen eta jada 80 milioi erabiltzaile ditu. Orain bi aste, Ameriketako Estatu Batuetan sarrera gehien dituzten web guneen zerrendako aurreneko postura heldu zen. Sare osoak jasotako bisita guztietatik, MySpacek %4,46 lortu zituen. Dena den, bere arrakastak alde ilunik ere badu. Nerabeei zuzendutako komunitatea hainbeste lagunek osatzen dutenez, gezurren babesean asmo txarrez jokatzen duten internautak libre xamar mugi daitezke bertan. Hainbat erakundek eta gurasoek kontrol zorrotzagoa eskatu dute eta eskandalu uholdea baretu asmoz, MySpacek neurri zehatzak hartu behar izan ditu.


2006ko uztailaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

MySpace ataria Ruper Murdoch hedabideetako handikiaren News Corporation multinazionalaren esku dago. Milaka gaztek trukatzen dituzte bertan mezu, argazki, bideo eta musika artxiboak. Hitwise enpresak duela bi aste ezagutarazi zituen datuen arabera, uztailaren 1etik 8ra bitartean web gune horrek jaso zituen AEBetan bisita gehien, kopuru osoaren %4,46a. Bigarren lekuan Yahoo-ren e-posta zerbitzua (%4,42) zegoen eta hirugarrenean Yahooren orri nagusia (%4,25). Google-k bisiten %3,89 jaso zituen eta Hotmail-ek %1,92. Gainera, adiskide sareak sortzeko aukera eskaintzen duten web guneen kasuan, bere nagusigoa are nabarmenagoa da. Mota honetako atariek duten trafikoaren %79,97a berak jasotzen du. Haren atzean TheFaceBook.com ageri da, %7,58arekin. Kalkuluen arabera, komunitatea osatzen duten erabiltzaileen %25 adin txikikoak dira, MySpace-k 14 urte bete ez dituzten gazteei parte hartzea debekatzen dien arren. Eta datu horrek sortzen du, hain justu, ezinegon handiena. Are gehiago hizpide dugun web gunea zipriztindu duten eskandaluak azalera agertzean.

 

MySpace zikindu duen azken eskandalua orain gutxi gertatu da. Hamalau urteko neska batek atariaren aurkako salaketa jarri zuen, bertan ezagutu zuen hemeretzi urteko mutil baten esku sexu-erasoa jasan ostean. Neskak eta bere amak 30 milioi dolarreko demanda ezarri zuten Texaseko auzitegi batean, MySpacek erabiltzaileen adina egiaztatzen ez duela eta segurtasun neurririk eskaintzen ez duela argudiatuz. Demandak beste kasu batzuen txostenak jaso zituen. Besteak beste, 22 eta 27 urteko bi mutilen aurka jarritako salaketak ageri ziren. Ustez, aipatu web gunean ezagutu zituzten 14 eta 13 urteko bi neska bortxatu zituzten. Hala ere, gertaera horiek baino oihartzun handiagoa izan zuen bere gurasoei gezurra esan eta Jordaniara joan zen 16 urteko neskaren kasuak. MySpacen herrialde hartako mutil bat ezagutu zuen.

 

Sortutako polemika dela-eta, komunitate birtualak segurtasun neurri batzuk hartu zituen: euren helbide elektronikoa edo izen-abizenak ezagutu ezean, 18 urte baino gehiago dituzten gazteak ezin dira 14-15 urteko nerabeekin harremanetan jarri; erabiltzailearen profila pribatua da eta hark aukeratutako internautek soilik ezagutu dezakete; adin segmentu bakoitzak publizitate konkretua jasoko du… Dena den, AEBetako hainbat eskola, unibertsitate eta liburutegik MySpacerako sarbidea blokeatu dute eta gurasoek eta hainbat elkartek era honetako atarien gaineko kontrol zorrotzagoa eskatu dute. BlogSafety.com guneak, esaterako, adituen aholkuak eta gurasoei eta seme-alabei zuzendutako foroak biltzen ditu. Web gunea Larry Magid eta Anne Collier MySpace Unraveled : What it is and how to use it safely liburuaren egileek zuzentzen dute.

 

Bestalde, Parry Aftab abokatuak, Interneten gazteen intimitatea babestea helburu duten politikak bultzatzen dituen Wired Safety elkartearen zuzendariak, aipatu neurriak motz geratzen direla esan du. Adierazi duenez, “duela gutxi, MySpace erabiltzen duen hamabi urteko neska batek esan zidan beti jakin daitekeela hitz egiten ari zaizun mutila dioena baino zaharragoa den, bularretakoen neurriaz galdetzen baitizu lehenbizi”.

 

Pop kulturaren ikur

 

Wired aldizkariak MySpace atariari buruzko erreportajea argitaratu du uztaileko zenbakian, His Space izenburupean, Rupert Murdoch magnateari erreferentzia eginez. Spencer Reiss kazetariak dioenez, MySpace gizarte harremanetara bideratutako munduko web gune indartsuena da eta bere jabea, Rupert Murdoch, pop kultura hartzen ari den norabide berriaren gidaria. Eta badirudi enpresa txikiak nahiz korporazio handiak hortaz jabetu direla. Komunitate birtualak gazteen artean duen arrakasta dela-eta, AEBetako estatu guztietako areto, jatetxe, saltoki, irrati kate, musikari eta abarrek orri pertsonalak sortu dituzte bertan, euren produktu eta zerbitzuak publiko konkretu bati modu oso ekonomikoan saltzeko aukera eskaintzen duelako. Baina edari eta telefono marka ezagunek ere beraien iragarkiak jarri dituzte eta News Corporation konpainiak X-Men III eta The Devil Wears Prada bezalako filmak promozionatzeko erabili du bere komunitate birtuala.

 

Bien bitartean, MySpace hazi eta hazi ari da. Duela gutxi, esaterako, MySpace Comedy komunitatea jarri du abian. Jada 7.500 umorista biltzen ditu eta bertan, emanaldiei buruzko informazioa aurkitzeaz gain, umoristen bideo eta audio artxiboak topa daitezke. Gainera, umoristek zuzenean hitz egin dezakete euren jarraitzaileekin. Ez dirudi, beraz, eskandaluek min gehiegi egin diotenik.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!