Menderatzaile, menderatu eta salbatzaileen bidaia

Los Colonos

2023ko irailaren 24an - 08:00

Bere zapalkuntzen historia luzearen berrikuspen kritikoa aspaldi abiarazi zuen Txilek. Helburu horrekin egindako ekoipena zabala eta kalitate handikoa izan da azken urteotan, bai literaturaren –Nona Fernandezen Mapocho, Pedro Lemebelen No tengas miedo torero edo Alejandro Zambraren Formas de volver a casa datozkit gogora–, zein zinemaren aldetik –Andrés Wooden Machuca, León eta Cociñaren La casa lobo edo iaz Horizontes Latinos sailean lehiatu zen Manuela Martelliren 1976, besteen artean–. Txilen joputasunaren historiaren zauria ez da inondik inola ere itxi; are, odola dario oraindik.

Memoria ariketa emankor bezala jaio zen Los Colonos filma eta, 12 urtez ondu ostean, atzo izan zuen Felipe Gálvez zuzendariak Horizontes Latinos sailean aurkezteko aukera. Opera prima bikainak XX. mende hasieran kokatzen gaitu, Txile eta Argentina arteko Patagonia zabalean. Lur-jabe aberatsaren esanetara, Suaren Lurraldea gurutzatzen dute MacLenan teniente britaniarrak –Mark Stanley–, Bill mertzenario estatubatuarrak –Benjamín Westfall– eta Segundo mestizoak –gertutik jarraitu beharrekoa da Camilo Arancibia talentuduna–. Artaldearentzako bidea irekitzeko aitzakiaz, eremua “garbitu” behar dute hiru gizonek, Selk’nam herria masakratuz.

Filmak, zeinak bikain uztartzen baititu Patagoniako paisaien handitasun zanpatzailea eta protagonisten lehen plano adierazkorrak, amaierarik gabeko biolentzia zurrunbilora bultzatzen gaitu. Hala, biolentzia geroz eta esplizitu eta oldarkorragoa bihurtzen den heinean, hasierako plano orokor zabalak estutzen joango dira, biolentzia horren biktima eta borreroen erretratua miatuta. Natura menderatzeko beharra, jolas edo entretenimendu bezala ematen dena, hierarkiei propio zaiona, jatorrizko-herriek jasandakoa… Indarkeria modu askotan eta aurpegi askorekin irudikatzen da filmean. Interesgarriena, inolako zalantzarik gabe, amaiera aldera, modu lausoenean, ematen den hauxe: estatuaren indarkeria koertzitiboa eta jatorrizko-herrien asimilazioa.

Harrera zinez ona izan du Los Colonos-ek larunbateko emanaldian, eta sarean ere bolo-bolo dabiltza hainbat komentario, filma “urteko aurkikuntza” dela diotenak. Sortutako lilura ehuneko ehunera partekatzen ez dudan arren, ikusi beharrekoa dela deritzot, gure garaiko hausnarketen oinordeko fidela eta obra zinematografiko indartsua baita Gálvezen western kritikoa.

 

El viento que arrasa

 

Menderatzaile eta menderatuen dinamika ere du jopuntu, askoz modu lausoagoan, Zinemaldiko bigarren egunean ikusi dudan El viento que arrasa filmak. Horizontes Latinos sailean lehiatzen da Paula Hernández argentinarrak zuzendutakoa. Pelikulako protagonistak dira Pearson jauna –Alfredo Castro– eta Leni –Almudena González– alaba. Aitaren misio ebanjelizatzailea eta haren debozio sutsua besterik ez du ezagutu Lenik, ospakizunetik ospakizunera, elkarrekin herrialdea gurutzatzen dutelarik. Errepidearen erdian kotxea matxuratzen zaienean, ezerezaren erdian dagoen tailerrera heldu eta han ezagutuko dituzte Gringo –Sergi López– eta bere seme Tapioca –Joaquín Acebo–.

Entzuna eta maitatua izan nahi du Tapiocak; Lenik, aldiz, aitaren eta Jainkoaren (eta espiritu santuaren) babes itogarritik askatu nahiko luke. Udako sargorian, Pearson jaunak Tapioca ebanjelizatzeko hautu irmoa egiten du. Poliki, pertsonaien arteko tentsio eta botere-dinamikak agerian geratuz doaz, gaueko ekaitz bortitzak bezalaxe, urtez gordetako beldur eta gaitzespenek eztanda egin arte.

El viento que arrasa izen bereko liburuan dago oinarrituta, Selva Almadak idatzitakoa. Gogoz negoen Hernándezen moldaketa ikusteko eta, egiari zor, guztiz hotz utzi nau. Selva Almadaren azken urteotako obrak Argentinako landa-eremuko pertsonaia eta paisaien bilbe dekadentea erretratatzen du, prosa zeharo sentsual eta iradokitzailea baliatuta. Horrela izanik, aurrebaldintzak emanak zeuden edertasun handiko film aztoratzailea espero izateko. Hernandezenak baina, ez du tentsio gorakorra eraikitzen asmatzen eta, hartara, batasun falta nabaria egotzi dakioke bere proposamenari.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude