Mapek ere gezurrak esaten dituzte

  • Antoine de Saint-Exúpery (1900-1944) hegazkin pilotu frantziarrak Terre des hommes liburuaren aurreneko orrialdeetan idatzi zuenez, Espainia zeharkatzean laguntza moduan erabiltzen zuen mapan, Guadix herriaren alboan, hiru laranjondo marraztu zituen. Eta Lorcaren ondoan, granja bat. Bi marrazkiek Sierra Nevadak baino leku gehiago hartzen zuten, pilotuentzat erreferentzia garrantzitsuak zirelako. Granja horretan, soldadu frantziarrei laguntza eskaintzeko prest zeuden pertsonak bizi ziren eta gauaren iluntasunean, haren argiak pilotuak gidatzen zituen. Saint-Exuperyk bezala, beste hainbat soldaduk ere euren mapak irudiz josi zituzten, geografo eta kartografoek jaso ez zituzten xehetasunak bizirik irauteko ezinbestekoak izan zitezkeelako. Hala, berdinak ziren bi mapa izugarri desberdindu zitezkeen eta bakoitzak esanahi berezia zuen.


2006ko martxoaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Mapa kartografiko baten irudia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kasu horietan, mapetan aldaketak egiteak ez zion inori kalte egiten. Soldaduek euren poltsikoetan eramaten zituzten eta irakurriko zituzten bakarrak eurak edo euren lagunak ziren. Ez da horrela gertatzen, ordea, mapa geografikoak ofizial bilakatzen direnean. Nahikoa izan daiteke muga bat zehazten duen arrastoa zentimetro bat mugitzea bi herrialderen arteko haserrea sortzeko. Batzuetan, “mugimendu” horiek asmo txarrik gabe egiten dira baina askotan, kartografoek nahita egiten dituzte. Mapa geografikoak, pilotu frantziarrak zituenak zein edozein estatuk kaleratzen dituenak, ez dira lurralde konkretu baten isla osoki zintzoak, lurralde horren errepresentazioak edo “pertzepzioak” baizik. Kartografoek (edo haien nagusiek) erakutsi nahi dutena soilik erakusten diote publikoari. Errealitatearen irudi osagabe, partzial eta zenbaitetan faltsutua eskaintzen dute. Hala dio Philippe Rekacewicz Le Monde Diplomatique aldizkariko kartografo taldeko buruak, Kartografia: zientzia, artea eta manipulazioaren artean artikuluan.


Arrasto batek mundua alda dezake


Mapak irudi eder, zehatz eta batzuetan dezente landuak dira eta argitaratzen direnean, batez ere Estatu baten edo erakunde ospetsu baten babesean, egiazkotasun ia osoa lortzen dute. Mapak obra miresgarriak izan daitezke, baina baita herrialde baten aurkako azpikeria ere, elementu batzuk nabarmendu eta beste batzuk ezkutatu egin ditzaketelako. Eta horrek, hainbat herrialde, borrokan ari diren horiek bereziki, ikaragarri haserretu ditzake.


2001eko otsailean, esaterako, Ingurumenarentzako Nazio Batuen Programaren (PNUMA) konferentzian, Txinako ordezkariek aretotik ospa egin eta gainerako eztabaida guztiak boikoteatu zituzten, mapa batek eta hainbat dokumentuk Taiwan estatu independente moduan hartu zutelako. Paperak deuseztatu arte ez zuten etsi. Urtebete beranduago, uraren gestioari buruzko Pragako Nazioarteko Ekonomia Foroan, Azerbaijaneko ordezkariak izugarri haserretu ziren Kaukasoko mapa ikusi zutenean. Azeriarren (herrialde hartako etniaren) eta armeniarren arteko borroka gogorren lekuko izan den Karabaj herrialdea Armeniako mugen barruan azaltzen zen. Azerbaijaneko ordezkarientzat, ordea, Karabaj lurralde okupatua da eta horregatik, mapa aldatzeko eskatu zuten. Hala egin zuten, baina eztabaida sutsuen ostean, ordezkari armeniarrak ez baitzeuden prest edozein mapa onartzeko. Azkenean, bi aldeak konforme utzi zituen dokumentua prestatu behar izan zuten. Bestalde, Recep Tayip Erdogan Turkiako lehen ministroak zera esan zuen Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Zipreko arazoa gainditzeko aurkeztu zuen bake planaz: “Plana negoziatu daiteke, baina mapak higuingarriak dira”. Urte berean, Johannesburgeko Lurraren Gailurrean israeldar eta palestinarrak ukabilka aritu ziren beste mapa bat zela-eta.


Bi urte beranduago, 2004ean, Irango Gobernuak National Geographic aldizkaria bere mugen barruan saltzea debekatu eta hango kazetariei bisarik ez ematea erabaki zuen, argitaratutako atlas batean, agintariek babesten zuten “Persiako Golkoa” izendapenaren ordez, “Arabiako Golkoa” erabili zutelako. Aspaldikoa da, bestalde, Hego Korea eta Japonia banatzen dituen itsasoak hango herritarren artean sortzen duen liskarra. Aurrenekoentzat Ekialdeko Itsasoa da eta bigarrenentzat Japoniako Itsasoa. Darabilten izendapena arrazoitzeko argudio “sendoak” eskaintzen dituzte eta prentsa nahiz argitaletxeetako kartografoek itsasoari izenik ez jartzea erabakitzen dute. Zentsuratuak izan eta merkatua galtzeko nahiz gatazka diplomatiko bat sortzeko arriskuari aurre egin baino, nahiago dute ezer ez idaztea.


Berlingo Harresia bota zutenean, 1989an, Ekialdeko Alemaniako herritar ugari pasa zen Mendebaldera. Aurkako bidea oso gutxik egin zuten. Pertsona horiek hogeita zortzi urtez “ezkutuan” izan zen mundua ezagutu nahi zuten. Tartean hainbat geografo eta kartografo zeuden eta zituzten mapak errealitatearekin zerikusirik ez zutela ohartu ziren, elementu geografiko garrantzitsu guztiak (errepideak, herriak...) ez baitzituzten erakusten. Bazirudien mapek “inperioaren mugak” zehaztu nahi zituztela, terra incognita baten hasiera marraztuz.


Alemaniako kasuak mapen alderdi politikoa eta aurrez aipatutako ohiko bi gezur agerian jarri zituen. Batetik, egia osoa ez esatea eta, bestetik, manipulazioa. Mapa batek errealitate osoa jasotzea ezinezkoa dela onartzen du Philippe Rekacewicz Le Monde Diplomatique aldizkariko kartografoak, baina zer jaso eta zer ez erabakitzean, argudio objektiboetatik haratago, kartografoen edo agintarien ezagutzak eta intentzioak zeresan ugari dutela dio. Gaur egun ere, interes estrategiko, ekonomiko eta militarrak tartean direnean, agintariek satelite bidez jasotzen dituzten irudiak ezkutatu egiten dituzte.


Zein izango litzateke mapa fidelena?


NBEk, era honetako arazoak konpontzeko legez indar gehien duen erakundeak, munduko lurralde guztien errepresentazio kartografiko zehatza egiteko katalogoa argitaratu du, baina hark ere ika-mika handiak sortu ditu. Mendebaldeko Sahara, esaterako, Marokotik bereizia agertu behar dela dio eta horrek marokoarren artean kezka piztu du. Rabateko Unibertsitateko irakasle batek Le Monde Diplomatiqueri adierazi dioenez, “Munduko kartografia onenak ere ezin du lurralde batasunaren aldeko herri marokoarraren borroka ukatu, ez arrasto baten bidez, ezta puntutxo batzuen bidez ere. Herrialdeko parte batekin ados ez egoteak ez du banaketa adierazten. Zuek euskaldun edo bretoiekin haserretzen zaretenean, ez dituzue herrialde horien eta Frantziaren artean mugak marrazten”.


"Mapa hau gaixo dagoela dirudi"


Mapa kartografikoak, datu kualitatibo eta kuantitatiboak biltzen dituzten heinean, zientziaren adarra dira. Baita artearen adarra ere, batez ere forma eta kolore ederrez apaindutako antzinako mapa horiek aintzat hartzen baditugu. Hain juxtu, gaur egun ere, kolore bat ala beste erabiltzeak interpretazio desberdinerako bide eman dezake, baita kolore berak lurralde desberdinei aplikatzeak ere. Bizpahiru belaunaldik, adibidez, oraindik gogoan dute Gerra Hotzaren garaian, herrialde “gaiztoak” gorriz marrazten zirela eta “zintzoak” urdinez, lasaitasun ukitua ematen zuen koloreaz. Bestalde, kolore berdea Norvegian naturarekiko errespetuaren adierazle da, Saudi Arabian islamarena eta Irlandan, aberriarena. Aurkako muturrean, unionisten ikur den kolore laranja dago.


Halaber, Europan egindako Afrikako mapei begiratuz, okre ukituko horia eta berde iluna nagusi direla ohartuko gara. Sabana lehorra eta oihan handiak errepresentatu nahi izan ditugu modu horretan. Afrikarrek, ordea, hamaika kolorez janzten dituzte euren herrialdeko mapak. Frantziatik inportatutako mapak erabiltzen dituen Txadeko irakasle baten iritziz, “zerbaitek huts egiten du; mapak benetan zurbilak dira, gaixo daudela dirudi”.


Aipatu adibide guztiak sarri ikusezinak diren xehetasunek duten garrantziaren isla dira. Kartografoak, azken finean, bere “munduak” sortzen ditu; edo, zehatzago, asmatu egiten ditu. Koktel gozo eta fina irudikatu eta marrazten du, ikusten duen mundua, izatea gustatuko litzaiokeenarekin uztartuz.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!