Manuel Lasarte bertsolari eta idazlea otsailaren 12an hil zen Aretxabaletan, 84 urte zituela. Sortzez leitzarra, Aiara aldatu zen hamabi urte zituela, eta Oriora gero. Lanbidez errementaria izanagatik ere, berrogei urte eman zituen plazarik plaza, bertsolari handienekin bertsotan. Besteak beste, Xalbador, Uztapide, Basarri eta Lazkao Txikirekin.
Ez zuen txapelketetan parte hartu. Bere ahots musikalak eta osasun ahulak itxura hunkigarria ematen zioten oholtza gainean.
Idatzi eta irakurtzen ez zen garaiko ahozko kulturaren testigu bakana izan zen Lasarte. Alabaina, zenbait liburu utzi zituen. Horietariko bi, bertso jarri eta bat-batekoekin: Bertso-mordoxka (1970) eta Gordean neuzkanak (1975). Horrez gain, hainbat egunkaritan idatzitako artikuluak bildu eta argitara eman zituen, Beranduko lanak (1992) izenburupean.
Besterik ere argitaratu zuen: Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordainez (1997), eta Lazkao Txiki gogoan (1995) eta Uztapide gogoan (1999), bertsotan luzaro berarekin ibilitako bi lagunen omenez idatziak azken biak. Auspoa sailean, Manuel Lasarte. Iturria ondare, titulupean, bere bertsoen antologia antzekoa argitaratu zuen Iñaki Zubizarretak 2008an.
Estitxu Eizagirrek eta Ixiar Eizagirrek elkarrizketa luze-zabala egin zioten 2001ean, ARGIAn: "Eskola falta sumatzeko ere eskola behar da"