Malawiko emakume nagusiak, sorginkeriaren jomugan

  • Afrika hegoaldeko herrialdean ugaritzen ari dira sorginkeria egotzita erasotzen dituzten emakume nagusien kasuak. Legeak dio fenomeno hori ez dela existitzen, baina sinesmena oso zabalduta dago herrialdean: horrek dakar herritarrek “justizia” beren kontura egitea.

Epaileek gomendatu dute legean txertatzeko sorginkeria existitzen dela, jendeak "justizia" bere kabuz egin ez dezan. Argazkia: Benjamin Schilling / HelpAge International.

2023ko martxoaren 24an - 08:01

Azken urteetan ugaritu egin dira Afrika hegoaldeko ustezko sorginkeriaren aurkako erasoak. Malawiko kasua egin da ezagunenak; bertan, ohikoak dira ustezko sorginei emandako jipoiak. Eraso horien biktimak jende heldua dira, eta emakumeak dira ia guztiak. 2019tik gutxienez 75 lagun hil dituzte herrialdean arrazoi horregatik; aurten, gutxienez bost. Legez, sorginkeria ez da existitzen herrialdean, britainiar kolonoen herentziaz, baina herritarren artean sinesmena guztiz zabalduta dago: adituek gomendatu dute legez onartu dezatela bere existentzia, debekatu eta erasoak gutxiagotu ahal izateko.

Herrialdeko zenbait erakundek kezka adierazi dute, eraso horiek jende nagusiaren aurka doazelako. Jendearen ezbeharren errudun egiten dituzte sorginkeria leporatzen dieten pertsonak, eta jipoitu, hil edota etxegabetu egiten dituzte. Praktika horiek, batez ere, landa eremuko lurraldeetan egiten dira, hiriburutik urrun daudenetan, eta horrek zailtzen du giza eskubideen alde dabiltzan erakundeen esku hartzea.

“Herri justizia” izengoitia hartu dute eraso horiek; uste dute emakume nagusi horien errua dela edozein ezbehar, eta bere aurka egitea bidezkoa dela. Kontua da eraso horien biktimak, oro har, emakume nagusiak direla. Kasu horretan, agintarien esku hartzea zaila da, jendearen sinesmenetan ez dutelako nahi eskurik hartu; baina, era berean, kolektibo jada zaurgarri bat ari dira are gehiago baztertzen.

Lege koloniala

Eztabaida bizia da Malawin: alde batetik, biztanle gehienek sinisten dute sorginkerian, eta horri botatzen diote ezbeharren errua. Beste alde batetik, sineste hori ezin frogatzeak dakar berau ezin epaitzea, eta, beraz, legez ezin debekatzea. 1911n sortu zuten sorginkeriaren aurkako legea, britainiar kolonia zirela, eta egun ere lege hori dago indarrean. Bere helburua zen “praktika arriskutsuak” galaraztea, bere premisa baita sorginkeria ez dela existitzen; horregatik, legea martxan jarri zutenean, epaiketa metodoak Erdi Arokoak ziren.

Egun, lege hori moldatzeko saiakerak izan dira, batez ere sorginkeria existitzen ez dela dioen zatia aldatzekoa. Zenbait txostenetan baieztatu dute sinesmen sendoa dagoela herrialdean, eta horretan sineste hutsak egiten duela erreal. “Legeak ezin ditzake jendearen sinesmenak zapaldu”, azaldu du Robert Chinangwa Auzitegi Goreneko epaile eta txostena egin duen batzordearen buruak.

Horrela, bada, gomendioa argia da: legez onartu behar dute sorginkeria existitu egiten dela. Horrek lagun dezake, beren hitzetan, jendeak legea bere kabuz betearazi ez dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Malawi
2013-08-07 | Lander Arretxea
Joyce Banda: "Afrikako emakumeak zutitu egin dira merezi duten lekua aldarrikatzeko"

Joyce Hilda Banda Malawiko Errepublikako presidentea da 2012ko apirilaz geroztik. Afrikan estatu buru kargua lortzen duen bigarren emakumea da, eta lehen eskutik ezagutzen du kontinenteko emakumeen egoera. Genero berdintasunera bidean, hainbat neurri bultzatu ditu Bandak... [+]


2008-06-26
Body Mind & Soul: "Voodjazz-ak handi egingo gaitu"

"Malawin bertan, geure herrian, jendeak sekula ez du geurea bezalako musikarik entzun, baina egiten dugun lana esperimentatu eta entzun duten gutxiek geure musika gozatu eta aintzat hartu dute. Europan bestalde, entzuleen erantzuna orain arte oso ona izan da, geure lana eta... [+]


Net Hurbil: Tabako orriak bi aldiz hilko ditu Malawiko laborariak
Tabakoa kolpetik uzteak abstinentzia sindromea eragiten dio erretzaileari, aspalditik dakigunez. Beste edozein adikziorekin gertatu bezala, tabakoarekiko menpekotasuna gainditzeko ere hainbat estrategia eta teknika erabiltzen da. Baina hori horrela bada kontsumitzailearen... [+]

Eguneraketa berriak daude