Maien piramide bat suntsitu du eraikuntza enpresa batek Belizen

  • Maien piramiderik garrantzitsuenetariko bat suntsitu du aurreko astean hondeamakina batek Ertamerikako Belize estatuan, Karibeko kostaldean. Piramidetik ateratako hartxintxarra errepideak eraikitzeko baliatu dute.


2013ko maiatzaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
2.300 urte baino gehiago zituen piramideak (argazkia: rt.com)

Piramideak 2.300 urte baino gehiago zituen. Noh Mul izeneko konplexu historikoaren parte zen –izenak “muino handia” esan nahi du–, eta hondar prehispaniko bezala erregistratu ziren 1897an. Maiak bertan urte luzez egon zirela frogatu ahal izan da zenbait indusketa arkeologikoren bidez: hezurrak, itxura antropomorfikoko eskulturak eta ontziak aurkitu dira.

Belizeko Arkeologia Institutuko zuzendari Jaime Awek Associated Pressi esan dionez, muino formako piramidearen erdiko zatia bakarrik utzi dute zutik. Albisteak haserrea eragin du aditu eta arkeologoen artean, hondeatzaileen jabe zen enpresak erakutsi duen “ezjakintasun eta sentikortasun eza” dela eta.

Enpresak piramidea deskuiduan eraitsi izana ezinezkoa dela uste du Awek. Eraikuntzak 30 metroko altuera zuen, eta ezin zuen muino natural bat izan, inguruko paisaia laua delako. Bestalde, Noh Muleko hondarrak Belizen oso ezagunak direla dio arkeologoak.

Belizeko legeek, hondar prehispaniko guztiak Estatuaren babespean daudela diote. Estatuko polizia kasua ikertzen ari da eta, ziurrenik, enpresaren aurkako karguak aurkeztuko dituela adierazi du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Belize
Eguneraketa berriak daude