Sareko Argiaren euskarri elektronikoen kanalean Mac OS X Euskarazen inguruan herenegun (11) argitaratu genuen berria dela-eta, gaizki ulerturen bat izan dela jakinarazi digu Joxe Rojas proiektuaren arduradunetako batek. Momentuz Mac OS X Euskarazen debekuaren aurkako helegiterik egiteko inolako asmorik ez dutela esan digu. "Applek aurtengo erdialdera arte itxaroteko eskatu digu, gurea bezalako itzulpenak bideratzeko formula legalen bat prestatzen duten bitartean. Askotan azaldu dugunez, Applek muzin egiten badio doan egin dugun lanari, eta doan banatu dugun emaitzari, harentzako kalte, baina txorakeria litzateke doan lan egiten uzteko abokatu kontuetan sartzea!", azaldu digu Rojasek.