“Lau koloreko Euskadi politikoa ez da erreala”

  • Elkarrizketa: Mikel Asurmendi / Argazkia: Dani Blanco

    Ordizia, 1973. Ezker Anitza-IUko koordinatzailea da. Legebiltzarkidea Gasteizen. Ezker Anitza Espainiako Estatuko Izquierda Unidarekin (IU) konfederatuta dago. Ezker Batua eta Ezker Anitza bi aukera dira honezkero. Ezkerra, anitza ez ezik, zatituta dagoenaren erakusgarri.


2012ko martxoaren 3an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
“Bilduk Kutxabank osatu den bezala onartzea guretzat onartezina da”.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Estatuko Izquierda Unida, Ezker Anitza-IU da Euskal Autonomia Erkidegoan. EA-IUko koordinatzaile Mikel Aranarekin luze hitz egin dugu espazio politiko honen iraganaz: Jaurlaritzan osatu zuten Hirukoaz, Ibarretxe Planaz, ezkerraren krisiaz... Besteak beste, hauxe ikasi du: “Ezin zaitezke politikan modu zintzoan aritu, baldin eta ez baduzu politika ulertzen gizartea aldatzeko baliabide bezala”. Ondorioz hauxe ere esan digu: “Politika sinesgarria egiteko, alderdiek dioguna betetzen hasi behar dugu, demokrazia irekia eta parte-hartzailea bultzatuz eta gardentasunez jokatuz”.

Ezker Anitzak EAEn “bosgarren espazioa” bete nahi du, EAJ, Bildu-Amaiur, PSE eta PPren ondoren. Azaldu iezaguzu zuen asmoen nondik norakoa.

Guk bosgarren espazio politikoaz hitz egitean, ikuspuntu elektoral batetik ari gara, funtsean alderdi nagusi horiek bezala. Beraiek Euskadi lau koloretan agertzeko berebiziko interesa daukate, soilik lau koloretan. Guk, jakina, lau horietaz beste, gutxienez beste espazio politiko bat dagoela diogu. Lau esparru horietan beren burua eroso kokatzen ez dutenena. Izan ere, esparru horietan izateko independentista edo konstituzionalista izan behar duzu. Ezker Aintzak independentistak eta konstituzionalistak izan gabe, bestelako esparru politiko bat aldarrikatzen du, guk eraiki nahi dugun esparrua.

“Burua eroso kokatzen ez duena” ez da Ezker Anitza soilik beraz.

Inkestek diotenez, alderdi sozialista baino ezker alderago eta ezkerreko nazionalisten erdibidean badago espazio bat. Ezker Anitza hor dago, baita ezkerreko beste alderdi txikiak ere: Gorripidea, Antikapitalistak, Equo bera... Horiekin batera espazio hori landu eta zabaldu dezakegu. Herri honetako %30k baino gehiagok ez du bozkatzen eta herritar horietako askok ezkerreko esparruan kokatzen du bere burua. Lau koloreko Euskadi politikoa ez da erreala.

Ezkerreko boto horiek hauteskundeetan lehiatzeko, edota bestelako asmoz ere bildu nahi dituzue ezkertiarrak?

Noski. Izan ere, guk akats nabarmena egin dugu gure lan politiko guztia hauteskundeei begira landuz. Hauteskunde-zerrendak osatzeak berak politika zailtzen du. Horrek alderdien arteko elkarlanaren aukerak zapuzten ditu, baita susmo txar interesatuak zabaldu ere. Uneon, Ezker Anitza bezala ikusten dugu gure burua hauteskundeei begira, halere, egoera ekonomikoak are gehiago behartzen gaitu ezker alternatiboa eta erradikala osatzera. Alderdi horiekin bilerak izan ditugu elkarlana sustatzeko. Konfiantza sendotu, sakondu eta elkarlanaren emaitzak aurkeztu nahi ditugu datozen hilabeteetan, betiere, hauteskundeetako dinamikaz harago joateko, jakina.

Aralar eta EArekin ari zara Legebiltzarrean. Zer moduz ezker ikuspuntutik?

Legebiltzarreko gure elkarlana erraza da. Egitasmoen ehuneko 75ean ados gaude. Aralarrekin errazagoa da ezkerreko alternatibaren asmo sakona duelako. Etorkizuneko Euskal Herriak zer izan beharko lukeen adierazterakoan desberdintasunak ditugu, ezker ikuspuntutik aritzeko bat ere ez. EArekin, aldiz, adostasuna bestelakoa da sozial-demokraziatik datorrelako. Adibidez, Bilduk Kutxabank osatu den bezala onartzea guretzat onartezina da, Aralarrek ere ez du bat egin, EAk bai.

Zein izan da Ezker Anitzaren lanaren ardatza Legebiltzarrean.

Hasieratik, Ezker Batua lehen eta Ezker Anitza orain, saiatu gara dagokigun esparru politikoan kokatzen. Hiruko gobernutik gentozen, deskokatuak geratu ginen. Legebiltzarrean lehendakaria hautatu zenean funtsezko erabakia hartu genuen. PPk eta PSEk bat egin zuten batetik, eta EAJk, EAk eta Aralarrek bestetik. Gu ez ginen ez alde batean ez bestean kokatu, birkokatu ginen. Hortik aurrera, ezkerrak, niretzat ezkerra denak, gehienez bost boto batzen ditu, gurea eta Aralarreko lauena. Gure helburua, benetako ezkerrak gizarteari eskaini nahi dion politikaren ardatza agertzea da. Zaila da, baina saiatzen gara ezkerraren politika-marka uzten.

EAJ (Iñigo Urkullu buru) eta Jaurlaritzaren arteko tirabira izan da Jaurlaritzako diru kontuak direla-eta. Altxortegian dirurik ez dela dio EAJk. Zer irakurketa egin duzu zuk?

Aspaldiko Los Roper telesaileko eszenak gogoratu dizkidate. Bikote hori beti haserre zegoen etxean, baina azkenik, hala edo nola moldatzen ziren. Hau ere antzekoa izan da: antzezlana. Urkulluk –ez dakit bere burua lehendakari ikusten duen edo, EAJk jakingo du hori– Lopez lehendakariari oposizio lana egin dio zuzenean eta lehendakariak ere ikusi du tirabira horretatik etekina atera zezakeela nonbait. Bi kontu esanguratsu daude: EAJ Jaurlaritzaren aurrekontuetan abstenitu zen, ez zuen kontrako botorik eman. EAJk ahalmena badauka Jaurlaritza zein egoera ekonomikoan dagoen jakiteko, halere, ez zitzaion egoera hain larria iruditu nonbait. Bestetik, Lopez Bizkaiko Foru Aldundiaren aurka ari da zergak direla, ez direla, baina alderdi sozialistak Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuaren aldeko botoa eman zuela esan behar da. Hau da, aurrekontu horiek ontzat emateaz gain diru sarrerak onartzen ditu. Beraz, diskurtsoa erabat erortzen da. Halaber, Lopezek politika orekatu behar dela dio, eta Gipuzkoan Bildurekin ere zergen inguruko adostasuna lortu du. Neurriak ez dira aski, baina bozkatzeko garaian EAJk nahiz PSEk status quoa-ri eutsi nahi diotela agerikoa da: zergen inguruan, diru sarreren inguruan, zorpetzearen inguruan... Alegia, den-denak, Bildu barne, haien desberdintasunak eszenifikatu dituzte hauteskundeei begira.

Gobernu honek iraun al dezake? Iraun behar al du?

Iraungo du. Irautea PPren esku dago. Batzuei [EAJri] gustatuko litzaiekeena baino gehiago iraungo du, legealdia agortzeraino, edo gutxienez udazkenera arte. Gure ikuspuntutik hori ez da txarra, normaltasunaren seinale delako. Sortu alderdiaren legalizazioaren zain gaude, eta datozen hauteskundeetan aukera politiko guztiak presente egotea ezinbestekoa da. Sortu hauteskunde garaian legalizatua egotea beharrezkoa da normalizazio bidean. Koalizioan joango den edo ez beren erabakia da. Funtsezkoa da ez eztabaidatzea hurrengo legealdian, Legebiltzarra zilegia izango den edo ez.

PPko Fernandez Diez Barne ministroak gatazka politikoaren izaera onartu duela zabaldu da. Bai ote?

PPk ezker abertzalearen proiektu politikoari ezetz esateko indarkeriaren aitzakia erabili izan du orain arte, orain berriz, aitzakia hori bukatuta, Fernandez Diezek “ikuspuntu politiko batetik proiektu horri ezetz esan behar diotela” esan nahi zuen, nik uste. Ministro honek ez du behar den eskarmentua ordea. Alderdi gehienak egiten ari direnaren kontrako norabidean agertu da. Alderdi gehienek ere ezker abertzalearen proiektu politikoa ezezten genuen ETAren indarkeria zegoelako. ETAk indarkeria uztea erabaki duenean, PPk proiektu politiko hori onartu eta bideratzeko arazoak dauzka. PP ez dago prest proiektu politiko horrek eskatzen duen autodeterminazioa onartzeko, baina ETAren aitzakia bukatu zaio. Espainiako Gobernuaren nahia orain ETA eta autodeterminazio eskubidea lotzea da. PPren kezka ETAk ez hiltzea erabakitzea izan da. PP ez dago ohitua egoera berrian politika egiten. Beraz, “autodeterminazioaren aitorpenak ETAri mesede egiten dio” leloa errepikatzen du.

Ezker abertzaleak une batean, aurrerapausotzat jo ditu adierazpenak.

Nik ez ditut horrela jo. Hasteko, Fernandez Diezek gauzak ez dituelako garbi esaten. Eta hori ez da poztekoa, are gutxiago autodeterminazio eskubidea defendatzen dugunontzat.

EPPK-k eman dituen urratsez eta euren jarreraz zer diozu?

Euskal presoen kolektiboa ETA da. Ez dut nik esaten, ezker abertzaleak ere badio hori. Kolektiboak bere burua horrela jotzen baitu, ETAk bizien daukan kolektiboa da. Berez ez da gaizki horrela izatea, horrek bidea errazten du. Gobernuak hor ditu mintzakideak neurri batean, ETAko presoak ETA baitira. Noski, Gobernuak eta ETAk nahi dutenaren artean aldea dago. Preso horiek legeak ematen dituen onurak modu kolektiboan garatzea nahi dute, eta horrek irtenbidea zailtzen du. Langraitzeko presoen bidea ere hor dago. Nik irtenbidea batzuen eta besteen jarreren erdibidean ikusten dut. Hau da, presoen eskubideek egungo legediarekin zerikusia daukate, beraz aurki dezagun erdibidea. Langraitzeko presoen bidea egin gabe, onurak aplikatu ahal izateko moduak bilatu behar ditugu.

Adibidez, damua eta barkamena terminoak, biak gure tradizio katolikoaren eraginez erabiltzen ditugu. Gu laikoak bagara, etakideei egindako minaren errekonozimendua eskatu behar zaie. Damua eta barkamena norbanakoaren esparruan geratu behar dira. Egindako minaren errekonozimendua onartuta erdibidera iritsi daiteke. Zentzu horretan, biktimei begira, preso bat bere herrira bueltatzen denean heroi bat bezala hartzea saihestu behar da, horrek min izugarria egiten baitie biktimen senitartekoei.

Lokarrik eta ezker abertzaleak bake prozesua kolokan ikusten dute.

Izan ere, ezker abertzaleak eta orobat ETAk denboraren perspektiba galdu dute neurri batean. ETAk demokrazia garaian ehunka hildako egin ditu. Orain, 30 urte eta gero, gizarteak gelditzeko behin eta berriz adierazi ondoren, ETAk uste du indarkeria uztea erabaki duelako gizarteak hasi behar duela berek nahi duten erritmoan mugitzen. Gizarteak bere erritmoak ditu. Gobernua hiru hilabetetan ez delako mugitu, ezin duzu esan bake prozesua kolokan dagoela.

Lopez lehendakariak hau esan du: “Itun politiko berriaz hitz egingo da hurrengo legealdian”.

Noski. PSE konturatu da euskal gizartearen gehiengoak onartzen duela –indarkeria desagertu ondoren– gatazka politikoari buruz hitz egin behar dela. Alderdi sozialistak ezin du diskurtso originalik egin, eta datozen hauteskundeetan ezin daiteke aurkeztu Konstituzioaz hitz egiten, aurrekoetan egin zuen bezala. Zerbait ezberdina eskaini behar dio euskal gizarteari. Lehendakariak baina, modu orokorrean hitz egiten du. Zer da itun politiko berria? Auskalo! EAJ ere orokorrean ari da. Zerbait berria behar da, noski. Baina ez batak ez besteak ez du argitzen zer den itun berria delakoa.

Ezker Anitzak berriz, zer proposatzen du?

Guk federalismoari eusten diogu. Atxikimendu libreko federalismoa proposatzen dugu. Autodeterminazio eskubidea egikaritzea da gure xedea, nazio eta kultura anitzek osatutako Estatua, ongizatearen Estatua bermatzeko asmoz betiere. Ezker abertzaleak independentzia proposatzen du. Zilegia da. PSOEk eta EAJk, aldiz, hauteskundetik hauteskundera nahasten gaituzte, ez baitute proposamen argirik egiten. Halere, nik hauxe azpimarratuko nuke: alderdi sozialistak herri honek arazo politiko bat duela barneratu du eta irtenbidea eskatzen duela konturatu da. Hori horrela, PP bakarrik geratuko da. Gero, noski, itun berria nola egikarituko den? Datorren legealdian edo bi barru? Hor daude auzia eta lehia.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!