Itzulpen arazoak medio, EHUk Kimikako azterketa bi modutan zuzenduko du

  • Selektibitateko Kimikako azterketaren euskarazko bertsioak itzulpen-akatsa zuela aitortu du EHUk. Hau errepikatzea eskatzen zuten azterketa euskaraz egin zuten ikasleek, baina hori egin beharrean, hau bi modutan zuzenduko du EHUk. Batetik, azterketak zituen bost galderak zuzenduko dituzte eta nota kalkulatu, eta bestetik, akatsik ez zuten lau galderak zuzendu eta kalkulatu. Bietatik notarik altuena duen kalifikazioa hartuko dute kontutan. Azterketa sortu zuten irakasleek eta fakultateko eta EHUko eskoletako doktoreek hartutako erabakia izan da. Hala ere, galdera guztiak ikasgai-zerrendan zeudela zabaldu dute.


2011ko ekainaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-04 14:21
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Joan den ostegunean unibertsitaterako kimikako sarbide proba egin zutenek haserrea azaldu dute enuntziatuetako bat okerra zelako, gaztelaniatik euskarara gaizki itzulia. Ikasle, irakasle eta zentroek, EHUn gertatutakoa salatzeaz gain, proba errepikatzeko eskatu dute.

Euskarazko galderan 'iodo molekularra' 'ioduro potasikoa'-rekin nahastu da, eta era honetan, eskatutako arazoa ezin zitekeen konpondu. "Hau gertatu da azterketa euskaraz ez dakien Kimikako irakasle batek prestatu duelako, eta itzulpena egin duena kimikaz ez dakien euskara teknikaria delako", salatzen zuen akatsa pairatu zuen ikasleetako batek.

Unibertsitateko arduradunei, “akatsa” egin izana aitortzen badute ere, ez zaie iruditzen azterketa berriz egiteko nahikoa arrazoi denik eta lehendik zehaztutako epeetan bigarren zuzenketa eskatu beharko dutela diote. Medikuntza, Odontologia edo Fisioterapia ikasketak egin nahi dituztenak dira akatsa pairatu duten ikasleetako asko.

Arazoa:

Gazteleraz: El tetraoxomanganato (VII) de potasio (permanganato de potasio) en medio ácido sulfúrico transforma el ioduro de potasio en yodo molecular a la vez que el primero se transforma en sulfato de manganeso (II) y se forma sulfato de potasio y agua.

Euskaraz: Azido sulfurikoz osasutako ingurune batean, potasio tetraoxomanganato (VII)ak (potasio permanganatoak) eta potasio iodurak erreakzionatzen dute; ondorioz, manganeso (II) sulfatoa, potasio ioduroa, potasio sulfatoa eta ura lortzen dira.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude