Kenyan jirafak lasai zeuden baina herritarrak haserre

  • Kenyak iazko abenduaren 27ko hauteskundeen ondoren kaosean murgildua dirudi. Mila herritar baino gehiago hil dira poliziaren eskuetan, bi hautagai nagusien jarraitzaileen arteko liskarretan edo tribuen arteko mendekuetan. Nola iritsi da horretara Afrikako paradisutzat saltzen zena?


2008ko otsailaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12

Zer gertatzen da Kenyan? Film, erreportaje eta dokumentaletatik saltzen zuen irudia –safariak, natura aberats eta salbaia, masaiak bezalako giza talde ikusgarriak...– errealitatea asko apaindurik lortzen zela ezaguna zen. Baina Kenyatik azken hilabeteotan iritsi direnak bezalako irudiak helduko zirenik ez zuen inork esperoko, ez eta justu orain urtebete Nairobira Munduko Gizarte Forora joan eta hango auzo txiroetako mixeria ikusi zutenek ere.

 

Baina iritsi ziren abenduaren 27ko hauteskundeak, bermerik gabeko hauteskundeak irabazitzat eman zituen Mwai Kibaik, oposizioko Orange Democratic Movement-eko (ODM) Raila Odingak ez zituen onartu emaitzak, liskarrak hasi ziren, poliziaren jazarpena ere bai, oposizioko parlamentari bat hil zuten... eta herrialde osoa sutu zen. Kenyako gertakizun lazgarriak, oraindik baretu ez direnak, esplikatzeko aipatu izan dira tribuen arteko ezinikusiak, sentimenduok manipulatzen dituzten politikarien kalkulu zinikoak, agintarien ustelkeria... Britainia Handiak bere inperialismoarekin utzitako heredentzia ere aipatu izan da.

 

John Lonsdalek ondo ezagutzen du Kenya. Cambridgeko Trinity College-n irakasle emeritua den honek beste artikulu askoz gain bi liburu dauzka argitaratuak honetaz: Unhappy Valley: conflict in Kenya and Africa (Zorigaiztoko Harana: gatazka Kenyan eta Afrikan) eta Mau-Mau and Nationhood (Mau-Mau eta naziotasuna). Open Democracy aldizkari elektronikoan berrikitan plazaratu du “Kenya: ethnicity, tribe and state”, beste gune aurrerakoi gehiagotan gero erreferentziatu dena. Historiak ez du esplikatzen gaur gertatzen dena, baina gaurkoa ezin ulertu da historiaren argirik gabe.

 

Lonsdalek gaur Kenya den estatuaren sorreraraino atzeratu du begirada. Herrialde honetan XIX. mendean ez zen estaturik. Herritar gehienak nekazaritzan edo abeltzaintzan ari ziren, ehizetik eta bilketatik bizi ziren gutxiengoak ahaztu gabe. Lonsdalen hitzetan, orduko Kenyan tribuak baino gehiago familia eta leinuak zeuden, eta aginte zentralik ere ez zegoen. Britainiarrek inportatu zuten Estatua XIX. mende bukaeran, eta beren aldean oso ahulak ziren lider afrikarrak berenganatu zituzten.

 

Estatu kolonialak pixkanaka aberastasunaren araberako piramidean antolatu zituen herritarrak, lehen mosaiko anitzean era dispertsoan antolatuta zeudenak. Bi polo indartu ziren, bata “zuria” eta bestea “beltza” eta periferia marjinalizatu asko eragin.

 

Kolono zuriek berenganatu zituzten XX. mendean barrena Kenyako lur emankorrenen %20. Baina horiek Inperioa asetzen ez zutenez, gainerako %80an afrikarren nekazaritza sustatzen hasi ziren britainiarrak, kenyarren %20 diren kikuiu jendearen eskualdean, Nairobi ondoan. Afrikarrak kristautzera etorritako misiolarientzako ere eskualde hori zen erakargarriena, eta bertan kokatu ziren eskola gehienak. Kikuiutarrak lehenago hasi ziren modernotzen gainerako herritarrak baino.

 

Gainerako etnietakoak ere hasi ziren beren leku bila. Batzuetan misiolariek berek eman zieten halako tribu-nazio kontzientzia, Biblia zaharraren irakurketa lokalekin. Txirotasunetik ihesi, ekonomia berriaren bazter auzoetara jo zuten lan bila: trenbideetan, lurjabe zurien morrontzan edo soroetan, polizian, armadan, ganadu tratuan. Ugazabak eta agintariak etnien artean mesfidantza ereiten saiatu ziren.

 

Mau-Mau gerrillaren hotsak

Kikuiu jendeak –gaur ere kenyarren ia laurdena– giro horretan hartu zuen etniaren kontzientzia. 1945etik aurrera Rift haraneko goialdeetako baserri handietako ugazabak bere soroak mekanizatzen hasi zirenean, urte batzuk lehenago bertara eramandako langile kikuiutarrei bizibaldintza okerragoak ezarri zizkieten. Hauek saiatu ziren beren sorlekuetan berriro nekazaritzan hasten, baina ez zuten lortu, eta Nairobi inguruko txabolategietara jo behar izan zuten, nola edo hala bizimodua ateratzera.

 

 

Kikuiutar txiroon egoerak zerikusi gutxi zeukan ordurako lurjabe kontserbadoreagoak bihurtuak ziren beste kikuiutar batzuenarekin. Hauen artekoa zen Jomo Kenyatta, beranduago independentziaren ondorengo Kenya kudeatuko zuena, eta deserrotutako txiro haiek aldiz, kopuru handitan egin zuten borroka Mau-Mau gerrillaren lerroetan britainiarren kontra.

 

Mau-Mau gerrillak aipamen bat merezi du, behin eta berriro azaltzen da-eta Kenyako bizimoduan. 1952 eta 1960 artean gerrilla hau borrokatu zen ingelesen kontra, eta garai hartan Europa osoak izan zuen bere berri, britainiarren desinformazioaren galbahetik pasata noski. Desmasia guztiak, kanibalismoa barne, egozten zitzaizkion Mau-Mau taldeak urte horietan 600 militar ingeles edo beltz hil zituen. Aldiz, hauek 10.500 gerrillari hil zituzten, 30.000 zauritu eta beste 100.000 susmagarri preso hartu kontzentrazio eremuetan. Zibilen artean, 1.800 afrikarren heriotza dago dokumentatuta, baina beste 50.000 gehiago hil zirela uste da.

 

Kenyako ekintzaileen kontra trebatu zen Frank Kitson militar gaztea –oraindik bizi da–, gero jeneral bihurtuta Ipar Irlandan IRAren kontrako kontraintsurgentzia antolatu zuena, eta Espainian batzuek ezaguna dutena. Kenyako estatu independientea ere Mau-Mau zanpatuz sortu zen, eta urte luzez gerrilla honen historia tabu izan da bertan. Bizi diren gerrillari beteranoen izenean ari diren abokatuek sustatuta, asteotako batean izatekoa da Londresen gobernu britainiarraren kontrako epaiketa, Kenyan egindako txikizioen kalte-ordainak eskatzeko.

 

Lonsdaleren analisira itzulita, independentziaz geroztik Estatua bihurtu zaie kenyarrei gizarte mailetan gora egiteko bide ia bakar. Jomo Kenyatta presidentearekin estreina eta hura hildakoan Daniel Arap Moi, herritarren ezinegona baretzeko lurrak banatzen aritu ziren, horretan ere etniekin jokatuz, izan masaiei lagunduz edo kikuiuei edo kalanjin-ei. Presidentetara Daniel Arap Moi agintera iritsi zenerako asko zaildu ziren gauzak. Populazioa asko handitzen ari zen, eta aldiz lehorteak gertatu ziren, gero eta lur txarragoak zeuden banatzeko.

 

2002an Mwai Kibaki iritsi zenerako, maniobratzeko tarte urriagoa zeukan, oraindik bizi den Kitson jeneralak. Jakina denez, 2007ko abenduko hauteskundeen emaitza ilunak lehertu ditu harresiak, eta Kenyan duela mende erdiko borroka giro krudela berpiztu da, nagusiki kikuiu eta kalenjin jendeen artean, baina etnia gehiagoren artean ere bai.

 

John Lonsdale ez da ausartu etorkizuna iragartzera. Badirudi etnien arteko haserreak urrutiegi joan direla, eta Estatuak ez duela bere buruaren erreforman asmatzen. Alegia, “Burke-ren ideiei jarraituz, bere burua eraldatzeko adinako tresnarik ez daukan Estatuak, irauteko adinakorik ere ez dauka”. Edozein erakunderentzako balio duen epaia. Kenyakoa espejismoa zen: orain safariak kario pagatuko dira.

 

Lotura interesgarriak


Azkenak
2024-09-25 | Gedar
Bilboko Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du etxegabetze batean

Poliziak hiru pertsona etxegabetu ditu asteartean Alde Zaharrean, eta protesta egiten ari zirenen kontra jo du.


Sail Ofiziala. 5.eguna
Langile klasearen erretratu bat

Marko baten barnean beti, baina denetarik ikusten ari gara Zinemaldiko Sail Ofizialean. Eta hori, egia esan, eskertzen da. Alde handia dago toreatzaile horren pelikulako dozenaka “olé tus huevos”-etatik On Falling-eko isiltasun amaigabeetara.

Sare... [+]


EHUn euskaraz ikasi nahi eta gaztelaniaz egitera behartuta

Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Libanon “ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadak

Asteartean Beirut hiriburua bonbardatu du Israelek, aurreko egunetan erasoak nagusiki herrialdearen hegoaldean eta ekialdean egin ostean. “Ofentsiba areagotzeko” asmoa azaldu du Israelgo Armadako burua Herzi Halevik. Gerra “eskualde osora” zabaltzeko... [+]


NBEko Batzar Orokorrak gehiengo zabalez agindu dio Israeli okupazioa amaitzeko urtebeteko epean

181 estatu kideetatik 124k babestu dute neurria, eta hamalauk soilik bozkatu dute kontra. Ez da erabaki loteslea, eta ez da espero honen ondorioz Israelek jarrera aldatzerik.


2024-09-24 | Mikel Aramendi
Mintegi akademiko batek astindu ote dezake potentzien geoestrategia?

Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.


2024-09-24 | ARGIA
6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, gehienak hegoamerikarrak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 5.158 emakume eta Nafarroan 817 ari dira prostituzioan, orotara 5.975, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan, 18 urtetik gorako emakumeen  %0,56 ari da prostituzioarekin... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


2024-09-24 | ARGIA
Musika munduko emakumeen erantzuna Alex Sarduiri: “Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago”

Musikan inoiz ez dela diskriminaziorik egon adierazi du Alex Sardui abeslariak, eta haserre erantzun diote Euskal Herriko musikagintzako emakumeek*, 150 lagunek sinaturiko komunikatuan: “Denbora asko daramagu tankera honetako egoerekin nazkatuta”. Barkamena eskatu du... [+]


2024-09-24 | ARGIA
Otsoa babesteko neurriak salatu dituzte abeltzainek Amurrion, hildako ardiak jendaurrean erakutsita

Abeltzainek otsoen azken erasoak salatu dituzte igandean ospatutako Amurrioko Artzain Egunean, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak deitutako elkarretaratzean. Iragan astean otsoek Kuartangon hildako zortzi ardiak eraman dituzte Amurriora, erakusteko artaldeak otsoen erasoetatik... [+]


2024-09-24 | Mondraberri
Faxistek fusilatutako arrasatearrak omenduko ditu irailaren 26ko ekitaldiak

88 urte eta gero, Intxorta 1937 kultur-elkartearen ekimenarekin, lore eskaintza egingo da aurten ere, monolitoetan. Ostegun honetako ekitaldian, kultur-emanaldiez gain, kalejira eta ‘Orratz-begia’ erakusketara bisita izango dira.


Ehunka sare komunitarioa martxan da Bilbon

Larunbatean aurkeztu dute Ehunka San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako sare komunitarioa, hiru auzoetako bizi baldintzak hobetzearen alde lanean dabiltzan eragileek osatua.


Eguneraketa berriak daude