Iratxe Esnaola: “Eus domeinua abantailaz josita etorriko da”

  • Atzo goizean aurkeztu zen PuntuEus elkartea Euskaltzaindiko egoitzan. Iluntzean berriz, Durangoko Plateruenan jaialdia egin zuten. PuntuEus elkartea apirilaren 2an eratu zen, euskararen eta euskal kulturaren arloko hainbat talde elkartuta eta .eus domeinua eskuratzea du helburu, “euskara eta euskal kultura Interneteko espazioan ikusgarri” bilakatu dadin.

    Iratxe Esnaola PuntuEus elkarteko kidea da. Berarekin hitz egin dugu Plateruenako jaialdiaren osteko ajeak jo aurretik. Esnaolak hemendik aurrera egin beharreko lanaz hitz egin digu, elkartearen zabaltze asmoez, .eus domeinuak suposatzen duenaz eta webgunearen bidez ekimenari atxikimendua erakusteak duen garrantziaz.


2009ko urtarrilaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Iratxe Esnaola

Zerk bultzatu zintuen ekimen hau aurrera eramatera?

Informatikaria eta euskaltzalea izanik, teknologietan eta teknologiekin euskaraz bizi eta lan egitea ezinbestekoa da niretzat. Teknologietan euskaraz egiteko, software librearen hautua egin nuen eta teknologiekin euskaraz egiteko, berriz, katalanen kasua ezagutu eta Interneteko euskararen espazio propioari, forma ematea, izen bat jartzea ezinbestekoa zela sinetsi nuen. Hor hasi zen dena. Diseinatua dagoen bideari ekitea zen gure lana eta bide horretan jarraitzen dugu.

[Katalanek 2005ean lortu zuten .cat domeinua eta eredu horri jarraituz .eus domeinuaren aldeko ekimenaz gain, beste batzuk ere sortu dira: .gal (galegoena), .bzh (bretoiena), .cym (galesena)].

Zer fasetan daude .eus domeinua lortzeko eman beharreko pausuak?

Hasierako urratsetan gaude soilik, baina urrats gutxi eman ditugun arren, emandakoak handiak dira. Eus domeinua Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen (EEKK) domeinua izango da eta, komunitate bati erantzuten diolako, komunitate hori ordezkatuko duen erakunde edo elkarte bat eratzea ezinbestekoa da. Alegia, eskaria aurkezteko, komunitatea artikulatu behar da eta hori da orain arte egin dugun lanik garrantzitsuena: PuntuEus Elkartea sortzea. Horretarako, eremu ezberdinetako hamaika erakunde eta elkarte bildu gara. Baina abiapuntua besterik ez da. Alegia, PuntuEus Elkartea ahalik eta gehien zabaldu behar dugu, EEKK modu esanguratsuan ordezkatu behar baitu. Lehen lan handia, beraz, PuntuEus Elkartearen sorrera izan da. Orain elkartea zabaldu eta eskaria aurkezteko uneari begira prestatu behar gara, onartuko den eskari bat aurkeztu ahal izateko.

 Behin eskaria aurkeztuta, .eus domeinua aitortuko digutela uste al duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Eus domeinua lortzeko, domeinuen esleipenaz arduratzen den nazioarteko eta irabazi asmorik gabeko ICANN erakundeak, gure eskaria onartu behar du. Labur-labur esateko, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen babesa, bideragarritasun teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa erakutsi behar ditugu. Alegia, EEKK-k benetan domeinua nahi duela eta horregatik babesten duela, teknikoki suposatzen duen guztia egiteko modua badugula eta aurrera begirako .eus domeinuaren proiekzio erreal eta bideragarri bat ere egina dugula erakutsi behar dugu. Hori dena ondo egiten badugu, onartuko digute eskaria. Beraz, neurri batean gure eskuetan ere badago, nahiz eta azken erabakia, zalantzarik gabe, ICANNen eskuetan egongo den.

Noizko aurreikusten da hori?

Oraindik ez dakigu eskaria noiz aurkeztu ahal izango dugun, ICANNek berak markatzen baititu epeak. Aurtengo urri ingururako edo aurreikusten da, baina ezin da jakin. Demagun halere, urrian eskaria aurkezten dugula. Urtebete beharko da, gutxienez, behin-betiko erantzuna ezagutzeko. Bidea luzea da beraz, pazientzia eta lana lagun izanda egin beharrekoa.

Lortuz gero, zer baldintza bete beharko dira .eus domeinu bat eskuratzeko?

Eus domeinua eskuratzean, PuntuEus Elkartea, PuntuEus Fundazioa bilakatuko da. PuntuEus Elkartearen ardura, .eus domeinua eskatzeko egin behar diren lan guztiak egitea da. Behin onartua denean, PuntuEus Elkarteak bukatu du bere lana. Une horretan, .eus domeinua martxan jarri eta martxan mantendu behar da eta hori PuntuEus Fundazioak egingo du. Fundazioa izango da .eus domeinuaren administrazioa, kontrola eta kudeaketaren arduraduna. Eta berari eskatu beharko zaizkio domeinu izenak. Irizpideak aurrez markatu beharko dira, eskarian bertan, ICANNek eskatu egingo dizkigulako. Ez dira oraindik zehaztu, baina proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duten irizpide guztiak hartu beharko dira kontutan.

Eus domeinua lortzeak zer abantaila ekarriko dizkigu?

Eus domeinua abantailaz josita etorriko da. Interneten EEKK-k izango duen izena izango da, sinbolo bat, EEKK bera Interneteko espazio birtualean identifikatzen lagunduko duen ikur bat. Sinbolo hori euskara eta euskal kulturaren sustapenerako tresna izango da, mundu mailako hizkuntza politikarako tresnatzat har baitezakegu. Modu berean, noski, EEKK bera ere indartuko du eta euskal hiztunen artean IKT eta Internet zabaltzen, eta Informazioaren Jendartea deitzen zaion hori indartzen ere lagunduko du. Euskara eta euskal kulturari nazioarteko aitortza eskainiko dion ikur bat izango da, ikur birtual bat, Internetek berezkoa duen kultura-aniztasuna egiazkoagoa bilakatuko duena.

Euskal internauten babesik ba al du ekimenak?

Nik, zalantzarik gabe, baietz esango nuke. PuntuEus Elkartearen aurkezpenera arte, ez da atxikimendu pertsonalik egiteko aukerarik izan. Orain badago bide bat. Webgunearen bitartez atxikimendua erakutsi daiteke eta hori ere eskarian sartuko da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude