IPESek 40. urteurrena ospatzeko mahai-inguru bereziak antolatu ditu

  • Irailerako, urrirako eta azarorako hainbat saio antolatu ditu. IPESen sorrera garaitik gaur egunera bitarteko errealitatearen bilakaera aztertuko dute Bilbon egingo dituzten eztabaida saioetan.


2018ko irailaren 18an - 11:26
Jardunaldi bakoitza 10€ da.

Jardunaldi bakoitza galdera batekin lotu dute eta hilean bat egingo dute.

Lehenengo saioa: Paradigma aldaketa ezker mugimenduetan?

Ezkerraren eboluzio hurbilaren gaineko lehen eztabaida saioa irailaren 20an, 19:00etan izango da, La Bolsako Areto Nagusian. Brigada Gorrietako militante historikoa den Barbara Balzeranik eta Brigada Gorrietako ikertzaile italiar Silvia de Bernandinisek Italiako matxinadaren inguruko hitzaldia emango dute.

Bigarren saioa irailaren 22an egingo dute Boluetako Areto Nagusian, 9:45etan. Joseba Alvarezek gidatutako 68a eta GU hitzaldiko gonbidatuak Pako Letamendia, Itziar Aizpurua eta Joseba Marina izango dira.

Egun berean, 12:00etan, artikulazio berriak ezker mugimenduetan? izeneko hitzaldian sindikalgintzaren, feminismoaren, ekonomia sozial eraldatzailearen eta gazteriaren inguruan eztabaidatuko dute. Arratsalden eztabaida irekia egingo dute Bira Kultur Gunean.

Bigarren saioa: Europar Batasuna, haustura ala erreforma?

“Jakina da Europar Batasuna ez dela begikoa den Erakunde bat, eta bere sorrera eta garapena sistema kapitalistari hertsiki lotzen zaiola ere ez zaio inori eskapatzen. Dena dela, gero eta gatazka gehiagoren erdigunean kokatzen da Europaren etorkizun politikoa nondik-norakoa izan beharko litzatekeen. Izan burujabetza prozesuetan diren estaturik gabeko nazioen ikuspegitik, izan ezkerreko mugimendu anitzetatik, bai eta posizio neo-faxistetatik, Europar Batasunaren haustura edo erreforma galdera gero eta arruntagoa da”.

Europako ezker mugimenduen eta estaturik gabeko nazioen burujabetza indarren posizioa ezagutuz, eztabaidatzeko aukera, urriaren 20an eskainiko dute.

Hirugarren saioa: Euskal Herriko prozesu konstituziogilea(k)?

Azaroaren 17an egingo dute azken saioa eta Euskal Herriko prozesu konstituziogileen gaineko ikuspegien inguruko mahai-ingurua antolatu dute.

 

Jardunaldietan parte hartu nahi izanez gero, hemen egin matrikula.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eraldatzaileak
Eguneraketa berriak daude