Ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bermatzeko kuotak ezartzea eskatu du Kontseiluak

  • Espainiako Gobernuak aurkeztu berri duen Ikus-entzunezko Lege Orokorraren proiektuari ekarpenak aurkeztu dizkio Kontseiluak. Hainbat eragilerekin lankidetzan aurkeztu dira ekarpenak, horien tartean, Behategia, Hekimen, Tokikom, Euskaltzaleen Topagunea eta Pantailak Euskaraz.


2021eko uztailaren 09an - 15:06
Azken eguneraketa: 17:22
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Iazko abenduan aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektua. Orduan ekarpenak egiteko aukera baliatu ez arren, berriki gobernuak dokumentu berria jarri du mahai gainean, eta gizarte eragileek dokumentuari ekarpenak egiteko aukera izan dute. "Gobernuak aukera izan du bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilera bermatzeko neurriak txertatzeko, baina halakorik ez du egin, eta beraz, berriz ere gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi du", azaldu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Koten beharra

Tamalez, berezko hizkuntzei dagokienez, Espainiako Gobernuak lehen aurreproiektuko gabeziei aurre egiteko proposamenak izan bazituen ere, ez die horiei erreparatu eta, bigarren aurreproiektuan, berriz ere uzten du euskararen erabilera babesik gabe eta borondatearen baitan. "Hizkuntzen erabilerari lotzen zaionean, gaztelania "edo" gainerako hizkuntza ofizialen erabilera ezartzen du; hortaz, lasai aski gerta daiteke ikus-entzunezko guztiak gaztelaniaz egotea".

Kontseiluko eledunaren arabera, urrezko aukera litzateke legeak euskararen eta gainerako berezko hizkuntzen erabilera ezartzea: "Horrexegatik, hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan 'edo' untagailua 'eta' juntagailuarekin aldatzeko eskatzen dugu, bai eta kuota zehatz batzuk agintzeko ere. Horixe baita gurea bezalako hizkuntzen erabilera bermatzeko bide bakarra". Hainbat artikulutan eskaera zehatz hori egiteaz gain, ekarpenetan jaso da Legeak estatuko hizkuntza-aniztasuna propio sustatu behar duela, egoera gutxituan dauden berezko hizkuntzetan arreta berezitua jarriz."Kontuan hartuta zein egoera bizi duten hizkuntza gutxituek ikus-entzunezkoen eremuan, beharrezkoa iruditu zaigu legearen printzipioetan berariaz jasotzea", azaldu du Bilbaok


Azkenak
Eguneraketa berriak daude