Hiru pertsona epaitegira, Zornotzako talde erasoagatik

  • Igandean Lemoako gazte bati Zornotzan emandako jipoiagatik zortzi pertsona atxilotu dituzte. Adin nagusikoak diren hiruk Durangoko epaitegian deklaratuko dute ostiralean; adin txikikoentzako zentroetara eraman dituzte beste lau, eta azken adingabea zaintzapeko askatasunean gelditu da karguekin. 23 urteko lemoarra larri dago Gurutzetako Ospitalean.


2021eko uztailaren 30an - 08:49
Azken eguneraketa: 10:53
Lemoan uztailaren 29an egindako elkarretaratzea. Argazkia: Eitb

Ertzaintzak zortzi pertsona atxilotu ditu igandean Zornotzan izandako erasoan parte hartzeagatik. Erandion, Bilbon eta Barakaldon atxilotu dituzte 15 eta 38 urte bitarteko gazteak. Horietako bost adin txikikoak dira: lau adingabeentzako zentroetara eraman dituzte (guztiak desberdinetara, elkarrekin egon daitezen saihesteko) eta azkena zaintzapeko askatasunean gelditu da karguekin. Adin nagusiko hiru erasotzaileek Durangoko epaitegian deklaratuko dute gaur (ostirala), Naiz hedabideak emandako datuen arabera.

Gertatutakoa aztertzeko, ikerketa zabalik daukate Ertzaintzak eta Zornotzako Udaltzaingoak. Zortzi lagun atxilotu badituzte ere, 20 gazte inguruk hartu zuten parte jipoian. Josu Erkoreka lehendakariorde eta segurtasun kontseilariaren arabera, delituaren izendapena “askotarikoa” izan daiteke: "Zapuztutako hilketa saiakera baten aurrean egon gaitezke". Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, litekeena da "gorroto delitua" ere egotea, erasotuaren “ezaugarrietan” oinarritutako erasoa izan daitekeelako. 

Hermanos Koala

Erkorekak prentsaurrekoan azaldu du atxilotuetako inor ez dutela lehenago epaitu ezta zigortu ere. Halere, erasotzaileetako batzuk Hermanos Koala izeneko “talde bortitz” bateko kide direla zehaztu du. Taldeak belaunaldiak daramatzala horrelako delituak egiten, eta orain, jende gazteagoak hartu duela erreleboa, diote Jaurlaritzatik. Bizkaian zehar antzeko delituak egotzi dizkiete urte hauetan. 

Igandeko erasoa

Azken erasoa Zornotzan egin zuten, igandean. 23 urteko Lemoako gazte bat jipoitu zuten, ostikoak, eta ukabilkadak emanez, eta makilekin eta botilekin jo zuten lurrean zegoela. Konorterik gabe utzi zuten, eta aldean zeramana lapurtu zioten. Gertatutakoa bideoan grabatu eta sare sozialetara igo zuten gerora. Hor, “hil ezazue” bezalako oihuak entzuten dira, gaztea jipotzen duten bitartean. Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten, eta oraindik larri dago. 

Salaketa bi herrietan

Igandekoa salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Zornotzan eta Lemoan, asteazkenean eta ostegunean, hurrenez hurren. Erasoa gertatu zen udalerrian, “Hau ez da eraiki nahi dugun herria” lelopean batu ziren, eta azken asteetan Zornotzan jasandako “giro jasanezina” salatu zuten (eraso matxista eta homofobo ugari gertatu dira ekainean eta uztailean). Lemoan, berriz, udaletxearen parean 15 minutuko elkarretaratze isila egin zuten. Ondoren, udal ordezkariek adierazpen labur bat irakurri zuten.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazte bandak
Boli Kostako 'mikrobio' gazteak ez dira beldur ez hiltzeko, ez erailtzeko

Kaleetan ze-suma dabiltzan gazte noragabeak, gerra zibila amaituta egokitu ez diren gudariak, jauntxo militarrek xaxatutako gaztetxo heldu gabeak... Nor eta zer dira Boli Kostako Abidjan hiriburuan izua zabaltzen duten 8-25 urte arteko mutikook? Erdialdeko Amerikak marak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude