Hiru milioi pertsona galdu dira Kongon


2003ko maiatzaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pello Zubiria
Afrikaren historia osoan heriotza gehien eragin duen gerra izan da. Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez da hain triskantza hilgarririk izan mundu osoan. Esaldi latz horrekin laburbildu du International Rescue Committee (IRC, Nazioarteko Erreskate Batzordea) erakundeak, Kongoko Errepublika Demokratikoan azken bost urteotan gertatu dena. Salaketa gogorregia, Mendebaldeko prentsak gertakizun horiei eman dietena baino leku handiagoa eskatzen zuena. Lau urte eta erdian gertatu direnak kontrolatu ditu IRCk: Kongoko bigarren gerra sutu zen 1998ko abuztuan eta itzali bidean jarri zen 2002ko azaroan. Denboraldi horretan, Kongon "normalean" hil behar zutenez gain beste 3,3 milioi biztanleren heriotza kalkulatu dute IRCko arduradunek. "Katastrofe humanitario bat izan da", adierazi du IRCko buru George Krupp-ek, zera gaineratuz: "Ez Irakerako egin diren kalkulurik okerrenak eta ezta Balkanetan gertatu diren izugarrikeriak ere ez dira iritsi Kongoko sarraskiaren kopuruetara". 2000 eta 2001. urteetan egin zituzten kalkuluak berrikustera behartuta, IRCko arduradunak ohartu dira hilero 30.000 heriotza "extra" jazo direla Kongon, Afrikako herrialde bateko normaltasunean ere erraz sendatzekoak diren gaitz, zauri eta gose arazoen ondorioz. Eta ekialdeko zenbait lekutan, jaiotako haurren erdia baino gehiago hil zen bigarren urtera iritsi aurretik. Badirudi aztertu den epe horretan, azken aldera asko jaitsi direla heriotza kopuruak, eta hori ongintza erakundeak bake elkarrizketekin loturik dakusa. Hegoafrikan burutu ziren elkarrizketa horiek eta bere emaitzek (atzerriko armadak Kongotik ateratzea, Nazio Batuetako 5.500 soldadu ekartzea, eta abar) herrialdea erabat baketzea lortu ez arren egoera asko baretu da eta hori ondorioetan ere nabari da. Hala ere, 50 milioi biztanle dituen Kongok jasandako odolusteak luzaroan utziko ditu markak Afrikako lurralderik aberatsena den horretan. Euskal Herritik, Irak dagoen bezain hurbil edo urrun dago Kongoko Errepublika Demokratikoa, baina askoz ezezagunagoa zaigu haren egoera, bistan denez. Gure kaleetan "Kongo" izena aipatu eta asko izango dira bi daudenik (Kinshasa eta Brazzaville hiriburutzat dituztenak) ez dakitenak, eta askori "Zaire" aipatu beharko diozu zertaz ari zaren jabetu dadin. "Afrikako Lehen Gerra Handia" Burrunba puska bat sortu zuen gure artean Kongok 1997an. Mendebaldeak urte luzez babestu zuen Moburu lehendakari ustela kendu eta bere betiko arerio zaharrak, Laurent-Désiré Kabila-k, agintea hartu zuenean. 60ko hamarkadako gerrillari mitikoetan azkena zen Kabila, eta Che Guevara bera harekin ibilia zen, gero honek astazakil bat zela esanez mespretxatuko bazuen ere. Kabila Kinshasan sartzearekin amaitu zen Kongoko lehen gerra, baina ez zen gatazka erabat itzali, zeren agintea hartzen lagundu zioten atzerriko tropekin (eta dirudienez Mendebaldeko potentzia handiekin ere bai) laster haserretu zen eta 1998ko abuztuan Banyamulenge etniako militarrak oldartzearekin hasi zen Kongoko bigarren gerra. Batzuek "Afrikako Lehen Gerra Handia" izenez ere bataiatu dutena. Aintzira Handietako errepublika ttikiekin (Ruanda, Burundi, Uganda...) mugakide da Kongo, eta harreman handi horiek bata bestearen arazoetan muturra sartzea ekarri dute aspalditik. Hala, Kabilaren kontra jazartutako errebeldeen laguntzera azkar azaldu ziren Ruanda eta Ugandako militarrak. Eta ordainetan, Kinshasako gobernuaren laguntzera hurbildu ziren Zimbawe eta Angolako militarrak. Tartean, etnia arazoez aparte interes ekonomiko nabarmenak zituzten guztiek ere. 1999ko uztailean Zambiako hiriburuan (Lusaka) bake ituna sinatu zuten esku hartzen zuten alde guztiek, baina paperetik haratago ez zen pasatu tratua. Kabila berak ez zuen errespetatu, arerioek ere ez, eta masakreek bata bestearen ondoren jarraitu zuten. Saltsa are nahasiago bihurtzeko, 2001eko urtarrilean Kabila hil zuen bere bizkarzain batek. Egun batzuetako zalantzen ondoren, Kinshasako militarrek haren seme Joseph Kabila ipini zuten lehendakari, eta honek berehala erakutsi nahi izan zuen aitaren arazoak estali nahi zituela. Lusakako akordioari bultzada eman, Mendebaldeko (eta batez ere Estatu Batuetako) agintari eta enpresei garantiak eskaini eta Hegoafrikako elkarrizketen ondoren liskarrak baretzea lortu zuen. Ez erabat. Oraindik interes handiegiak daude jokoan, eta Kongok dituen aberastasunek edonori ematen diote-eta sua pizteko gogoa. 1960tik Zaire izenez ezagutu genuen herrialde hau, urte hura artean Belgikaren kolonia izana zen, eta geroztik -1997an akabatu zuten arte- Mobutu jenerala eduki zuen buru, Estatu Batuetako CIAren eta Frantziako lehendakarien laguntzarekin beti, Afrikako buruzagi odoltsuenetakoa izan arren. Bere azken urteetan indar hartu zuten aspaldiko gerrilla zaharrek, eta Mobutu agintetik kendu eta hil ondoren hasi zen 3,3 milioi herritar heriotzera eraman duen gatazkaren sasoirik gogorrena. 51 milioi biztanle dituen herrialde hau da Afrikako handiena (Nigeria, Egipto eta Hegoafrikarekin batera) eta aberastasunez gainezka ditu bere lurrak, munduko estatuen zerrendan bukaera aldeko txiroenen artean azaltzen den arren. Indar hidroelektrikoan duen ahalmen izugarriaz gain, zura eta mineral ugaritan oso da aberatsa. Diamante meatze oso famatuak ditu, eta hori gutxi balitz, azken urteotan telefonian hain modan jarri den "koltan" minerala, kasik hemen baizik aurki ezin daitekeena. Horiei guztiei etekina ateratzeak piztu du ondoko herrialdeetako agintari eta militarren gosea, baina arazo etnikoek ere zeresanik izan dute. Kabila aitak Mobuturen kontrako gerran besteren artean Paul Kagame Ruandako lehendakariaren eta Yoweri Museveniren Ugandakoaren laguntza izan zuen. Kagameri "Ruandako khmer beltza" izena ezarri izan diote, han hutuen kontra burutu zituen masakreengatik irabazita. Laguntzarekin batera pasa zizkioten hainbat arazo ere nonbait Kabilari, eta agintea hartu eta biharamunean Uganda eta Ruandako tropekin gerran ari zen. Eta hauek seguruenik hankaz gora botako zuten Kabila zaharra 1998an, baldin eta Zimbaweko Mugabek eta Angolako Dos Santosek lagundu ez baliote. Bertako eta kanpoko tropen saltsa-maltsa ulertzeko, Kongon 2001ean zeuden soldadu kopuruei begiratu besterik ez dago: Kabila aitak 50.000 soldadu zeuzkan, eta bere alde ari ziren Angolako 5.000 soldadu, Namibiako 2.000 eta Zimbaweko 12.000 gehiago. Horien guztien aurrez aurre, talde hauek zeuden: gerrillari errebeldeetan 25.000, Ruandako 17-25.000 eta Ugandako beste 10.000. Zer egiten zuten kanpoko soldadu horiek guztiek? Batetik, nork bere Kongoko aliatuari lagundu. Bestetik, Kongon zeuden beren etsaiei eraso: Kongoko basoetan babestuta bizi dira Ugandako gobernuaren kontra ari diren bost taldetako gerrillariak, Ruandako agintearen kontra ari diren gerrillari hutuak, eta Angolako gobernuarekin gerran ari zen Unitak ere hemen zeukan atzegoardia. Eta bide batez, gerra egitearen aitzakiatan, kanpoko talde armatu bakoitzak hartu zuen hainbat meategiren kontrola, Kongoko diamante, zur eta mineralak inolako kontrolik gabe kanporatuz, bertako biztanleak sarritan esklabu bezala erabiliz... eta munduko merkatu beltza elikatuz. Interes, diru beltz eta etnia arteko gorrotoz hornitutako eltzekari odoltsu horrek eraman ditu mundutik Kongoko 3,3 milioi biztanle. Baina horien falta ez dugu askorik nabaritu. Beltzak zirelako, akaso. Lotura interesgarriak: Kongoko gertakizunen jarraipena OneWorld Net gunean Amnesty International-en azken informea Kongori buruz Kongo "Le Monde Diplomatique" hilabetekarian Kongoko ondasunak ("Le Monde Diplomatique"ko mapa aberatsa). Kongoko albisteak AllAfrika.com gunean

Azkenak
Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Udaltzaingoan arreta euskaraz bermatzeko gomendatu dio Arartekoak Erandioko Udalari

2024ko irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek arreta euskaraz ukatu eta jokabide hori behin baino gehiagotan errepikatu zela, baita telefonoz kexatu zenean ere. Salaketak erakusten duenez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik eman... [+]


2025-06-24 | Gedar
“Gazteon erantzunari esker Durangoko Gaztetxeari eustea lortu dugu”

Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


2025-06-23 | Axier Lopez
asteko argazkia
Isolamendua

Israelek aldebakarrez eraso egin dio Irani eta 585 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik %90 zibilak. Nazioartean atxilotzeko agindua duen Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak dio "eraso prebentiboa" izan dela, bere inguruan inork ez dezan eduki berak aspaldian... [+]


NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek

Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


2025-06-23 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnek 2025eko programazio osoa argitaratu dute

Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]


“Ongi etorrien” auziko inputatuei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete eta ez dira kartzelara joango

Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta... [+]


Ugatza Azazetan: kontserbazioa edo txikizioa?

Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]


AEBak gerran zuzenean sartu ostean, Iranen “erregimen aldaketa” behar dela esan du Trumpek

Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso egin ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak "Iran berriz handi egiteko" erregimen aldaketa bat behar dela adierazi du sare sozialetan. NBEren Segurtasun Kontseiluak larrialdizko bilera egin du, eta Errusiak, Txinak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude