Hiriaren aitorpena eta esker ona jaso dute Realeko neskek Urrezko Danborrarekin

  • Realaren hockey eta futbol taldeek hiriko aitorpen nagusia jaso dute astelehen eguerdian alkatearen eskutik. Emakumezkoen kirolak gizartean merezi duen lekua aldarrikatu eta orain arteko bidea egin dutenen lana eskertzeko baliatu dute saria.

Artikulu hau CC BY-NC-ND 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko urtarrilaren 21an - 09:08
(Argazkia: Iñaki Agirre)

 

Urrezko Danborra haien eskuetan dago jada. Astelehen eguerdian, udalbatzar aretoan eginiko ekitaldian, Realaren hockey eta futbol taldeetako jokalariek Urrezko Danborra jaso zuten Eneko Goia alkatearen eskutik, Donostia emakumezkoen kirolaren erreferente bilakatu izanagatik. Nereba Belzunegik eta Nahikari Garciak jaso zuten saria taldekide guztien izenean, euren hitzartzean mezu argi bat bidaliz: “Lehen eskerra, urteetan zehar emakumeen kirola sustatu eta bultzatu dutenentzako da. Hau, zuei esker da”.

Aretoan, ordezkari politikoez eta hiriko hainbat eragileetako kideez gain, kirolaren munduko hainbat beterano bildu ziren. Hor izan ziren, besteak beste, Sandra Ramajo,  “Chini” Pizarro, Aintzane Encinas, Maialen Zelaia eta Larraitz Lucas, eta baita Mari Ayestaran ere, Realaren hockey taldeko jokalari mitikoa.

Halako ikurrez inguraturik, ekitaldia emakumezkoen kirolak gizartean merezi duen lekua aldarrikatzeko baliatu zuten hitza hartu zuten guztiek. Izan ere, alkateak azaldu zuenez, “gaur hemen saritu eta ozen aldarrikatu nahi duguna da, gizarteko beste alor guztietan bezala, kirolean ere emakumezkoek zuen lekua duzuela, eta, gainera, kirolaren goi-mailan bikain aritzen zaretela”.

Udaleko Txistulari Bandaren eta Union Artesanaren doinuekin hasi zen ekitaldia Juan Carlos Etxeberria kazetariak gidatu zuen. Omenaldiarekin hasi aurretik, aurkezleak abenduan zenduriko Gorka Reizabal kazetaria ekarri zuen gogora, hura ere realzale sutsua zela azpimarratuz.

Ondoren, berriz, Maite Azkoagak eta Garbiñe Etxeberriak hartu zuten hitza, besteak beste, lurraldeko gainerako emakume kirolari eta taldeei euren lanagatik eskerrak emateko. Etxeberriak, bere partetik, duela lau urte hil zen Juan Carlos Samaniego prestatzaile fisikoa ere ekarri zuen gogora: “‘No pain, no gain’ esaten zuen gure ‘Tximist’ maiteak. Zenbat zenekien!”.

Haien ostean hitz egin zuen alkateak, danborrada eta Reala donostiarrok partekatzen dituzten “sinboloak” direla nabarmenduz: “Partekatzen ditugun eta estimatzen ditugun bi elementu horiei, aurtengo Urrezko Danborra definitzen duten beste bi ezaugarriak batu behar dizkiegu: kirola eta berdintasuna”.

Danborra jaso eta gero, Belzunegik jokalari guztien esker ona laburbildu zuen bere hitzekin: “Badiote zailena etxean aintzat hartua izatea dela; zure lurraldean profeta izatea. Gaur hala gara, eta sinetsi iezaguzue, ez da ohore gehiagorik sartzen hitzaldi honetan. Eskerrik asko bihotz-bihotzez”.

Azkenik, ekitaldia amaitzeko, bi taldeetako jokalariak agertokian elkartu ziren udal ordezkariekin batera San Sebastian martxa eta Realaren ereserkia abesteko:

 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude