Hibernazio pandemikotik esnatzeko, Gernikako Lekuek jaialdia

  • Martxoaren 12tik 19ra bitartean, Gernika-Lumoko kaleak hartuko ditu Lekuek jaialdiak. Azken bi urteetako gorabeheren ondoren, desberdina denaren ikusgarritasuna aldarrikatu dute antolatzaileek.


2022ko otsailaren 08an - 00:09
Azken eguneraketa: 01:19
J Martina taldea Gernikako Astran iaz (argazkia: Astra).

Musikazaleen agendetan toki berezia dauka Gernikako Lekuek festibalak. Urteko aurrenekoetarikoa izaten da eta antolatzaileek detaile guztiak zainduz lan egiten dute. Baina azken bi urteak ez dira errazak izan: 2020ko edizioa bertan behera geratu zen lehertu berria zen pandemiari aurre egiteko neurriengatik –martxoan egiten da Lekuek, duela bi urte mundu guztia konfinatu zuten hilabetea zen–; eta iazkoa ez zuten festibal gisa aurkeztu, ez zegoelako izen hori merezi zuen zerbait egiteko baldintzarik, nahiz eta formatu txikiko kontzertuei esker aurrera egitea lortu zuten.

Bi urte horrela pasa ondoren, “Badator IX. Gernikako Lekuek hibernazioarekin bukatzera” iragarri dute antolatzaileek prentsari bidalitako oharrean. Astelehenean jakinarazi dute aurtengo programazioaren zati bat eta Gernikan arituko diren taldeak ikusita, denbora aprobetxatu dutela argi dago.

ZA! talde kataluniar sailkaezina, Verde Pratoren minimalismo esperimentala, J Martinaren auto-tunez bustitako popa edo 20 urteren ondoren berriz bueltan den -Gailu egitasmoa ikusi eta entzun ahalko dira Gernikan martxoaren 12tik 19ra bitartean, beste askoren artean. Egitarau eklektikoa, soinu eta jarrera ugari barnebiltzen dituena, proposamen berriak ezagutzeko aukera ematen duena.

Ekimenaren izaera “boluntario eta autogestionatua” gogora ekarri dute antolatzaileek. Martintxo artista lokalaren kartelarekin batera publiko egin duten manifestu poetikoa berriz, asmo deklarazio argia da: “Gizenok espazioak betez / oker, trabes, makurrok, bidea gurea eginez / bihurri eta aldrebesok, kalea gurea eginez / baimenik eskatu gabe” aritzeaz dihardute, hitzak eta bizitzak dislokatzeaz, gorputzez eta gorputzetik, “uniformetasunak dakarren infernuaren aurka”.

Jaialdiak ohikoa duen moduan, Gernikako leku ugaritan izango dira kontzertuak: kalean bertan, Astran, Iparragirre Rock Elkartean, Kult Parnason eta Lizeoan. Dagoeneko salgai daude bonoak 25 euroan Gernikako Astran, Aterpen eta Ospa tabernan, baita jaialdiaren webgunean ere. Zuzeneko programazioaz gain, hitzaldiak, disko eta arte azoka, tailerrak, erakusketak eta beste zenbait jarduera ere izango da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gernikako Lekuek
2019-12-20 | ARGIA
Gernikako Lekuek festibala 2020ko martxoan ospatuko da zazpigarrenez, filosofia bereziari eutsiz

2020ko martxoaren 7tik 14ra bitartean ospatuko da Gernikako Lekuek festibala. Jaialdiaren 7. edizioaren kartela publiko egin dute ostiral honetan.


Zer entzun ahalko da aurtengo Gernikako Lekuek festibalean?

Aurtengo edizioan joko duten musikariak zein izango diren jakinarazi du Gernikako Lekuek festibalak. Bizkaiko herrian antolatzen den festibal berezia martxoaren 9tik 16ra bitartean ospatuko da aurten, Euskal Herriko eta atzerriko artistak elkartuz.


2018-02-27 | Zebrabidea
Gernikako Lekuek Festibala: "Irekia, horizontala eta merkatuaren logika nagusietatik kanpo"

Lekuek festibala ospatuko da martxoaren 3tik 11ra, Gernikako hainbat espaziotan. Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta antolatzaileen hitzetan “eklektikoa, irekia, horizontala eta merkatuaren logika nagusietatik kanpo dagoen” festibala da.


Martxoaren 11n hasiko da Gernikako Lekuek festibalaren laugarren edizioa

Gernika-Lumo musikaz beteko da martxoaren 11tik 19ra. Hainbat estilotako 28 musika taldek hartuko dute parte festibalean, “herri osoa musikaren bueltan jartzeko”.


Gernikako Lekuek: musika festibala eta gehiago

Badator bigarren edizioa, lehenbizikoaren harrera onak hauspoturik. Musika zaleen festibala da Lekuek, herri osoa musikaren bueltan jarri nahi dutenek antolatua.


Eguneraketa berriak daude