Bederatzi herritarrek gaur, azaroaren 9an, 19. eguna daramate batere jan gabe Estrasburgon (Altsazia, Frantzia), han agintariak oihan historiko bat suntsituz eraikitzen hasi berri diren autopista baten obrak gelditzeko eskatuz.
Urriaren 22an ekin zioten gose grebari hamar lagunek, Estrasburgo inguratuko duen GCO autopista-saihesbidearen obrak geratu eta gaia berriro aztertzeko eskatuz. 24 kilometroko autopista, pagatuzkoa izango dena, 1970eko hamarkadan proiektatu zuten eta promotoreek haren beharra argudiatzen dute Estrasburgoko trafikoa mendebaldetik arinduko duela. Kontrakoek, aldiz, auto eta kamioien trafikoa are gehiago sustatuz proiektu honek beste askok bezala klimaren aldaketaren kontrako edozein estrategia eragozten duela. Promotorea Vinci multinazionala da, Frantziako autopista gehienen kudeatzailea eta beste herri-lan askoren kontratatzaile nagusienetakoa.
Le village de Kolbsheim (Sstrasbourg) en lutte contre le GCO. Vidéos Taranis Newshttps://t.co/uDRvnFCDst pic.twitter.com/EtSkS3k9Kw
— riff-raff (@_riffraff_) September 16, 2018
Autopista berriari aurre egin diotenek –GCO Non Merci elkartean koordinatuta– hasieran ZAD bat antolatu zuten obrek erdiz-erdi harrapatu duten oihan batean baina jendarme tropa handi batek indarrez kanporatu zituen. Protestek, hala ere, egunero jarraitzen dute obretan eta inguruetan. GCO autopistak 350 hektarea baso, soro eta zelai suntsitu eta artifizialduko ditu. Horren guztiaren kontra ekin zioten urriaren 22an gose greba den ekintza baketsuan hamar lagunek.
Hiru asteotan zehar ehunka herritarren sostengua jaso dute protestalariek, batzuetan huelgarako hautatu duten egoitzan bisitatuz baina baita ere behin eta berriro kaleetan elkarretaratzeak antolatuz.Duela bost egun Mahatma Ghandiri Estrasburgok aspaldi eraikitako irudiaren aurrean egin zuten ekitaldi bat grebalariek:
Baraualdiaren zazpigarren egunean urgentziaz deitu zioten medikuari, grebalarietako baten ondoezagatik. Medikuaren aginduz batek utzi behar izan zuen protesta baina gainerakoek aurrera egin zuten, medikuek beren osasun arriskuez ohartarazi arren. Grebalarien artean dago Maurice Wintz Alsace Nature elkarteko lehendakariordea eta esan du: "Zerbaiten alde gosea pasatzeko prest baldin bazaude, adierazten duzu ez zarela bakarrik zure etxe ataria defenditzen ari. Hau urrutirago doa, etorkizunaren alde ari gara. 2050n Altsazian 50ºC harrapatuko ditugu eta hori geldi arazi beharra daukagu. GCO autopistaren kontrako hau da egin behar dugun borrokaren ikurra. Dena autoz betetzen jarraitzearen kontra, naturaren eta ingurumenaren alde".
Grebaren 17. egunean France 3 telebistak erreportajea eskaini zien hainbeste egunen buruan ahulduta baina indartsu mintzatu ziren grebalariei: