Hiriko zenbait puntutan sentsoreak jarri dituzte, bertatik igarotzen diren pertsonen portaera aztertzeko. Merkataritza eta turismo eremuetan eguneroko mugimenduak ezagutzeko plataforma bat nahi dute, Turismo Inteligentziarako Sistema izendatutakoa. 62.000 euro bideratuko dituzte horretarako, Europako Next Generation funtsen kargu.
Arabako Aleak jasotako berriaren arabera, sentsore bakoitzak 500 eta 15.000 metro koadroko eremua erregistratzeko ahalmena izango du, pertsonen gailu mugikorraren seinalea hartuz, gune horietako portaera eta errepikapen ereduak detektatzeko. Datu horiekin jakingo dute turistak ala bertakoak diren. Udalak, martxan jarriko duen enpresari, gutxienez pasatzen diren %70 detektatzeko ahalmena eskatu dio.
Alde Zaharra eta beste toki turistikoz aparte, sentsore hauek ondorengo lekuetan jartzeko asmoa dute: aireportuan, bus geltokian, tren geltokian, Lakuako autokarabanentzako aparkalekuan, Europa Jauregian eta Parke Berdean. Sentsore bakoitzak 16 GB-eko gaitasuna izango du, hilabeteko informazioa gordetzeko nahikoa, eta udalari 30 segunduro bidaliko dio informazioa.
Datuak anonimoak izango direla ziurtatu du udalak, informazio pertsonalik jaso gabe alegia. Datu hauen analisiaz gain, bigarren fase baten inguruan ere hitz egin dute, bisitariei mezuak bidaltzeko aukera. Honekin, erregistratutako bisitariak mezuak jasoko lituzkete interes puntu batera hurbiltzean.