Metano isuriak salatu dituzte Gasteizen eta Durangon

  • Ekologistak Martxan talde ekologistak jakinarazi du metano isuriak daudela Gasteizko eta Durangoko Enagasen gasbideetan, eta ohartarazi du Irungoa handitzeak horretarako arriskuak areagotu ditzakeela.  

Gasteizko eta Durangoko gasbideetan metano isuriak topatu dituzte / Ekologistak Martxan

2022ko urriaren 04an - 15:57
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joan den uztailean, Ekologistak Martxan erakundeak metano isuriak identifikatzeko ikerketa bat abiatu zuen. Gasaren irudiak hartzen dituen kamera baten bidez, Hego Euskal Herriko gasaren garraio sistema eta Espainiako Estatuan Errioxako, Gaztela eta Leongo, Kantabriako eta Asturiasko gas eta petroleo azpiegiturak aztertu dituzte. Orotara, 21 izan dira ikertutako instalazioak, eta horietatik hamarretan metano isuri “esanguratsuak” topatu dituela salatu dute asteartean.

Gasteizko gasaren garraio zentroaren egoera “bereziki kezkagarritzat” jo du Ekologistak Martxanek, Europako emari handienetako isuriak baitaude bertan. Hamabost isuri puntu aurkitu dituzte, “emari handi eta jarraituak”: balbula, hodi edota neurgailuetan topatu dituzte. Horretaz gain, azpiegitura “hautsiak eta herdoilduak” topatu dituztela salatu dute.

Durangoko transmisio guneari dagokionez, jakitera eman dute metanoa zuzenean haizatzen dutela atmosferara bertako enpresek. Hori egin beharrean, enpresa batzuk metano erre egiten dute, eta hala, karbono dioxido bilakatzen da. Metanoaren aldean “aukera ez hain kutsagarria” da, ekologisten arabera.

Bestalde, ikertzaileek metano isuri gehiago topatu dituzte Errioxako, Gaztela Leongo, Kantabriako eta Asturiasko beste hiru gunetan, batez ere balbula eta hodietatik eratorriak.

Ekologistak Martxanek airea metanoz kutsatzeak dakartzan ondorioak azaldu ditu: “larrialdi klimatikoa larriagotzeaz gain, lurreko ozono kapa sorrarazten du, eta horrek milaka heriotza eragiten ditu urtero, arnasketa arazoengatik eta bihotzeko gaixotasunengatik”.

Gaineratu dute gas kutsagarri hori ez dagoela “behar bezala araututa”, eta neurriak eskatu dizkie Europako Batasunari eta haren kideei gasaren garraioan “isuriak murriztu daitezen”.

Neurri horiek “berehala” hartu behar direla nabarmendu du, kontuan harturik EAEk eta Espainiako Estatuak Europarako gas eta petrolio gehiago bidaltzen ari direla azkenaldian. Horren adibide da Irunen eraiki duten instalazio berria, Euskodour deritzona, eta nola haren bidez Europara doan gasbidearen edukiera %18 handitu duten. Horren aurrean, erakunde ekologistak ohartarazpena egin du: “Gasa lantzeko ahalmen handiagoak, arrisku gehiago dakar”.

Hala ere, erakundeak argi du ezinezkoa dela isuri guztiekin amaitzea. Nord Stream gasbidean gertatu berri den ezbeharrak erakutsi du hori. Hortaz, metano kutsadurak amaitu daitezen, aukerarik onena erregai fosilak erabiltzeari uztea dela uste dute ekologistek, baita haiek garraiatzeko azpiegiturak eraikitzeari uztea ere.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude