Gasteizko antzokietako eserlekuetan ez dira kabitzen gorputz lodiak

  • Lodifobiaren aurkako hitzaldira joan eta jabetu ziren antzokiko eserlekuak ez zirela irisgarriak pertsona lodientzako. Horregatik, protesta egin zuten bertan, eserlekuak seinalatu eta sarrera oztopatuz.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko abenduaren 19an - 07:03

Ezin Kabitu Euskal Herriko kolektibo lodiak eman du jazotakoaren berri, lodiek egunero pairatzen duten indarkeria instituzionalaren enegarren adibide bezala. Abenduaren 15ean, ostirala, Gasteizko Aldabe Antzokira lodifobiaren aurkako Nadie Hablará de Nosotras podcasteko kideak etorri ziren haien ikuskizuna egitera. Bertan zeudela, jabetu ziren Ezin Kabituko kideak Gasteizko antzoki publikoetako eserlekuak ez direla mundu guztiarentzako irisgarriak, gorputz lodiak ez baitira kabitzen.

"Nazkatuta gaude eraso lodifoboak jasateaz", adierazi dute, eta erasoak irainetatik haratago doazela mahai-gaineratu dute. Horregatik, antzokiko eserleku lodifoboak seinalatu zituzten pegatinekin eta sarrera oztopatu zuten, protesta gisa.

"Gizarte lodifoboa hirian, arkitekturan eta azpiegituran ere islatzen da, fisikoa da, materiala da. Arazoa sistematiko eta estrukturala da. Gorputz konkretu baterako eginda dago hiria. Gorputzak anitzak dira, eta pertsona lodiok existitzen gara. Gasteizko udalak ematen dituen aukerak irisgarriak  izan behar dira gorputz eta pertsona ororentzako".

Gasteizko Jabenkuntza eskola feministak lodifobiaren kontrako lanketa agendan txertatu duen arren, lodifobiaren kontrako borroka jorratzen duen ikuskizunean ez kabitzea «guztiz paradoxikoa» dela esan dute. Indarkeria dela uste dute irisgarritasuna lehentasunezkoa ez izatea.

Honako eskaera luzatu du kolektiboak: espazioak eta estrukturak (antzokiak, aulkiak, komunak, garraioak…)  birpentsatzea eta aldaketa materialak egitea, Gasteizko zein Euskal Herriko espazio guztietan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lodifobia
Eguneraketa berriak daude