Edari energetikoak debekatuko zaizkie adin txikikoei Galizian

  • Edari energetikoak alkoholdun edariekin parekatu ditu Galiziako Xuntak, osasunari kalte egin diezaioketen substantzia estimulatzaile asko dutelako. Horregatik, 2024tik aurrera debekaturik egongo da Monster, Red Bull, Burn eta gisakoak adin txikikoei saltzea, are, gazteok ezingo dute produktu horiek kontsumitu.

Argazkia: Jorge Franganillo / Wikimedia

2023ko urriaren 17an - 09:00

Kafeina eta taurina bezalako bizigarriek adin txikikoen arten eragin ditzaketen kalteak (kontzentratzeko zailtasuna, bihotz-frekuentzia handitu, arazo digestiboak, adikzioa...) zerrendatu ditu Galiziako Gobernuak. Alkoholdun edariekin alderatu ditu eta, horiekin gertatzen den moduan, produktu energetikoen kontsumoa debekatu egingo du. Halaber, edari energetikoen markek ezingo dute adin txikikoei zuzendutako publizitaterik egin.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, 14 eta 18 urte arteko galiziarren %40,4k kontsumitu ohi ditu edari energetikoak, eta kopurua gorantz egiten ari da azken urteetan. Mutilen kasuan kopurua (%49,6) handiagoa da nesketan baino (%31,2). Compostelako Unibertsitateak egindako azterketaren arabera, bestalde, 12 eta 17 urteko gazteen %12,5ek astean gutxienez behin kontsumitzen ditu produktu energetikoak. Haietako askok, gainera, alkoholdun edariekin nahastuta, zeina "erloju-bonba" den.

Espainiako Estatuan, non edari energetikoen kontsumoa (%50) Galizian baino handiagoa den, gisako erabakia hartu duen lehenbiziko erkidegoa da hura. Aldiz, beste herrialde batzuetan (Letonian, Lituanian, Australian, Zeelanda Berrian edota Uzbekistanen) 18 urtez azpikoek debekaturik dute edari horiek kontsumitzea. Kolonbian, bestalde, 14 urtetik beherakoei aplikatzen zaie debekua.

Galizian onartuko duten lege berriak bapeatzaile edo zigarro elektronikoak ere barnean hartzen ditu, eta horiek kontsumitu eta saltzea debekatu egingo da, adin txikikoen kasuan betiere. Hain justu, zigarro horiez artikulua plazaratu zuen hilaren 11n Mikel Garcia kazetariak ARGIAn: Haurrei zuzendutako zigarro elektronikoek alerta gorria piztu dute.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude