“Fantasiaz” beteko da Durangoko Azoka 58. edizioan

  • Abenduaren 6tik 10era bitartean Fantasia DA! lelopean ospatuko da euskal kulturaren aldeko urteroko ekimena. Kartel berria ere aurkeztu dute antolatzaileek, Ximon Agirre hernaniarraren eskutik.

Durangoko Azokaren 58. edizioaren aurkezpena // Argazkia: Durangoko Azoka

2023ko urriaren 05an - 09:15
Azken eguneraketa: 12:41

58. edizioa beteko du Durangoko Azokak datorren abenduaren 6tik 10era. Fantasia DA! lelo berria ez ezik, aurtengo kartela ere aurkeztu dute Landakon eginiko prentsaurrekoan. Ximon Agirre (Hernani, 1994) izan da aurtengo kartelaren egilea. Antolatzaileen nahia euskal kulturari “bultzada” ematea dela adierazi du Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak: “Durangoko Azoka jendetsua eta aberatsa izatea da gure fantasia”. Aurtengo leloaren zergatia ere azaldu du: “Fantasia da sortzaile berrien ilusioa, liburuen usaina, diskoen kolorea, kulturzaleen irribarrea, boluntarioen lana, aspaldi ikusi gabeko lagunekin topatzea, sormen bakoitzaren istorioan dagoen magia, jende alaiaren berbaroa, bizigogoa, kulturaren beroa”.

Azoka “euskal kulturaren ezinbesteko hitzordua” bilakatu dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Hasierako bultzatzaileen amets, fantasia hura errealitate bihurtu zen”. Mujikak azpimarratu du “denetariko eskaintzak” eta “emozioa eta fantasia” nabarmenduko direla aurten: hitzaldiak, musika, solasaldiak, proiekzioak, tailerrak, liburuak... Bestalde, Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak gogorarazi du egitarauaren inguruko proposamenak egiteko aukera zabalik dagoela urriaren 15era arte, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Prentsaurrekoan parte hartu dute azokako gune ezberdinetako arduradunek: Miren Narbaiza (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Martxel Zubia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia) eta Oihane Agirrek (Azoka Telebista), baita erakunde kolaboratzaile zein babesleen ordezkariek ere.

Aurten aurrez aurreko azokaren aldeko apustua egin dute antolatzaileek. 2020az geroztik online azokaren aukera mantendu dute, baina aurten presentzialtasuna lehenetsiko dute. Gaztelurrutiak adierazi du online ereduaren leihoa “itxi” egingo dutela, oraingoz behintzat: “Pertsiana guztiz bota barik; izan ere, etorkizunean horren premia egonez gero, egoerara egokitzeko adi egongo gara”.

Kartel koloretsua, 3Dn

Ximon Agirre (Hernani, 1994) da aurtengo kartelaren egilea. Artista hernaniarrak hainbat lan egin ditu musika talde ezagunekin, eta ilustrazioan, bideogintzan eta animazioan aritu da. Agirreren hitzetan, Durangoko Azoka “kulturaren erakusleiho handi bat” denez, “ilusio handiz” jaso zuen proposamena. “Kartelaren ideia nagusia mundu propio bat sortzea izan da, azokaren ohiko elementuak (liburuak, musika, bideogintza, teknologia berriak...) pertsonaia fantastikoekin uztartuz, kolore alai eta saturatuekin”, adierazi du. Errealitate birtualaren “askatasunaz” baliatu nahi izan du Agirrek kartela egiteko: “Hasieratik argi nuen 3Dn egin nahi nuela, gero mundu horren barruan sartu ahal izateko”. Kartelaren bidez Durangoko Azokaren “festa izaera” bistaratu nahi izan du artistak.


Eguneraketa berriak daude