Ezezagun bat askaturik

  • Matematika hizkera erabiliz, ezezagun bat askatu dute Nafarroako hauteskunde hauek: Navarra+ ala Navarra‒? Bigarrena atera da, edergarririk gabe. José Javier Esparzaren apustuak erreka jo du. UPNk ez du gora jo UPN-PP koalizio zaharrarekin alderatuz gero, berri honetan Ciudadanosekin bat egitean.


2019ko apirilaren 29an - 12:14

Izan al du zerikusirik foruzaletasunari utzi izanak, foruzaletasunaren maskara erantzi izanak? Behintzat, Ciudadanosek erantsitako boto bezain bertze galdu du UPN-PPk hauteskunde hauetan. Egon daiteke bertze eragileren bat, baina ez da bertzerik gabe baztertzekoa aipatzen dudan hau.

Gertuegi datoz hurrengo hauteskundeak, baina ezagun da hautesleen portaera ezberdina hauteskundeen arabera. Hortik datoz ezezagun matematiko berriak: zein neurrian mantendu ahal izanen ditu PSNk PSOEren arrakasta? Pedro Sanchezen hanka sartzeen gorabehera, Maria Chivite ez da Pedro Sanchez, kultura politiko zaharmindu batekoa dugu andre politikari nafar hau, eta gai da, berez, berriro ere Navarra+koekin akordioak hobesteko Foru-gobernuarentzat abertzaleekin ordez, batik-bat EH-Bilduri sarrera eman beharko balio aldaketaren aldeko gobernua osatzerakoan. Maria Chiviteren kultura politiko zaharminduan, abertzaletasuna eskuinekoa da eta kito. Ezezagun matematikoa honetan datza: berreskuratuko ote duen PSNk nafar gobernua osatzeko giltza.

Gertuegi datoz hurrengo hauteskundeak, baina ezagun da hautesleen portaera ezberdina hauteskundeen arabera. Hortik datoz ezezagun matematiko berriak: zein neurrian mantendu ahal izanen ditu PSNk PSOEren arrakasta?

Unidas Podemosen beherakadan Podemosen krisiak izan du zerikusi handia, Izquierda-Ezkerraren solidotasunak leundurik hala ere, eta nahikoa ez da izanen Uxue Barkos gabeko gobernu bat osatzeko. GBairen emaitza urriak, ia 8000 boto berreskuratu arren 2016tik, bertze ezezagun matematiko bat da: hauteskunde moten araberako hautesleen portaera ezberdinak emanen al dio aukerarik gaurko lauko koalizioari Aldaketaren politika mantentzeko?  I-Ek bere emaitzak mantendu arren, Ahal Duguren beherakada aurreikusgarriak eta GBairen ezezagunak (matematika hizkerakoa) elkarrekin osatzen dute ezezagun nagusia, askatu beharrekoa.

EH Bilduren igoera nabarmenak eta GBairenak (apalagoa berau) ba ote dute zerikusirik 2016ko Ahal Duguren aukera berriztaileak gaur higatu izanak? Ez ote zuten boto kopuru bat galdu, bai Bilduk bai GBaik, Ahal Duguren alde, hauteskunde orokor  haietan, hainbat jendek uste izan zuelako espainiar eremuko birzentralizazioari aurre egiteko aukera egokia izanen zela? Ene ustez bai, nahiz eta ez Bilduko ez GBaiko barneko analistek ez hartu hori kontuan. Edonola ere, bertze ezezagun matematiko bat.

Ezezagun funtsezko bat askatuta, bertze ezezagun anitz gelditzen dira askatzeko Foru hauteskundeei begira, eta lan ederra gelditzen zaio lauko gobernu koalizioari bere alde askatuko badu ezezaguna.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude