Euskal kultura ezagutarazteko bide berrien bila jalgiko dira Aiaraldean

  • Maiatzaren 23tik 29ra Arabako eskualdeko bederatzi herrietan programazio kultural zabalarekin batera eztabaidarako emango duten jardunaldiak antolatu dituzte, komunikazioa eta transmisioa ardatz hartuta.


2016ko maiatzaren 04an - 19:05
Jalgi ekimenaren sustatzaileak martxoan egindako argazki batean.

Maiatzaren 26an ariko dira komunikazioaz, hainbat hedabidetako ordezkariekin –tartean ARGIA–. Jardunaldiaren bigarren zatian Estitxu Garaik, Leire Palaciosek, Lander Garrok, Gaizka Arangurenek eta Josu Amezagak mahai-ingurua egingo dute “Zein dira euskal sormen lanen berri hedatzeko zailtasunak?” gaiaren inguruan.

Biharamunean, hilak 27, transmisioa izango da ardatza euskalgintzako eta kulturgintzako eragileen ordezkarien ponentziak entzun ondoren, Andoni Tolosa “Morau”, Oier Araolaza, Lorea Agirre, Oihane Perea eta Idurre Alonso “Nola bermatu kultur sorkuntzaren transmisioa?” galderari erantzuten saiatuko dira.

Programazio askotarikoa eta bete-betea

23tik izango da zer ikusi eta entzuna Aiaraldean: tailerrak, antzezlanak, dantza ikuskizunak, filmak, erakusketak, kontzertuak… Larunbatean, maiatzak 28, izango da festa handia Laudion, besteak beste Anari, Uluka, Gorka Urbizu, Aguxtin Alkhat eta Hesian taldeen emanaldiekin –kasu batzuetan ezohiko formatuan ariko dira: Urbizu edo Hesian akustikoan entzuteko aukera eskainiko du Jalgik–.

Egitaraua leku bakarrean zentralizatu ordez, eskualde osora hedatzearen aldeko apustua egin dute antolatzaileek. Eszenaratze batzuek esperimentu kutsua izango dute gainera: Mikel Ayllon idazleak eta Igor Arzuaga musikariak egingo duten ipuin musikatuen emanaldia (Urduñako gaztetxean, maiatzak 26) edo Xabi Solanori Laudion eta Urduñan egingo dizkioten elkarrizketa musikatuak berbarako.

Programa osoa Jalgika.eus webgunean ikus daiteke.

Elkarlanean antolatua

Ahotsenea, EHAZE, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Hik Hasi, Jakin, Sortzen Ikasbatuaz eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa dira Jalgi ekimenaren sustatzaileak. Babesle ugariren laguntza ere izan dute, eskualdeko udalak, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza besteak beste.

ARGIA ekimenaren laguntzailea da, beste hainbat hedabide nazional eta tokikorekin batera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jalgi ekimena
2016-05-30 | Arabako Alea
Kulturaren plaza izan da Aiaraldea astebetez

Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa ospatu dute Aiaraldean; joan den astelehenean hasi eta larunbata bitarte hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan.


Koordenatuak eman, eztabaidak sustatu

Jalgi ekimenaren barruan euskal kultura nola komunikatu eztabaidatu da ostegunean. ARGIAtik begirada hau eskaini dugu.


Eguneraketa berriak daude