Koordenatuak eman, eztabaidak sustatu

Gorka Bereziartua
0

Tira ba, goazen euskal kulturaz pixka bat informatzera eguraldi ona dago eta.
Tira ba, goazen euskal kulturaz pixka bat informatzera eguraldi ona dago eta.

(Jalgin euskal kulturaren komunikazioaz antolatutako jardunaldian irakurri dudana)
Lehenik eta behin gaurko ponentzia prestatzeko izan ditudan zailtasunak aipatu nahi nituzke: pentsatzen dut hemen gauden gehienok kezka berdina daukagula, zerbait huts egiten ari dela euskal kultura gizarteratzerako orduan. Baina diagnostikoan bat egiten dugun arren, ez daukagu etorkizuna igartzeko gaitasunik eta are gutxiago soluzio magikorik.
Dauzkagun problemen jatorrian beharbada ez gara hain ados egongo, baina uste dut marko orokor batean kokatu ditzakegula: bizi garen gizartean bigarren mailako hizkuntza da euskara ia alor guztietan, eta horrek bigarren mailara eramaten du euskarazko kultur produkzioa ere. Pertsonalki, arazo horren hurbileneko jatorria, Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, 1978 osteko markoan kokatzen dut: Koldo Izagirrek Autopsiarako frogaken ondo seinalatu zuen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren idazkerari berari dario euskara justifikatu beharra –gaztelania ez bezala–: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren maila izango du gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”.
Alegia, gaztelania hizkuntza ofiziala dela ez da justifikatu behar. Euskara “berezko hizkuntza” dela esan beharra dago ofizialdu nahi bada.
Marko horretatik abiatuta egiten dira hizkuntza politikak eta politika kulturalak. Eta markoak politika horiek baldintzatzen ditu.
Horregatik, nahiko ezkorra naiz: iruditzen zait egunero eragiten diguten legeetan euskarak leku subordinatu hori daukan bitartean, ez dela aurrerapen handirik posible izango, oinarrizko lege horien eskutik kultura politiko bat sortzen baita, normalak diren praktika sorta batzuk eta horietan euskal kulturak asko jota berdinketa lor dezake –partidua irabazteko moduko baldintzak sortzeaz hitz egite hutsak diskriminatzaile bihurtzen zaitu–.
Baina hori dena badakigunez, hitz egin dezagun behingoz gure esku dagoenaz. Zorionez, marko horrek ezarritako bideen bazterretan belar-izpiak sortzen joan dira urtetan eta besteak beste horri esker bildu da hemen fauna eta flora aberats hau.
slide1920
Komunikazioa eta kazetaritza ez dira gauza bera
Flora horren baitan, euskarazko hedabideok zer egin dezakegu euskal kultura ikusgarriago egiteko? Oinarrizko funtzioa dagoeneko betetzen ari garela uste dut: euskaraz produzitzen denari lehentasuna ematen diogu eta horrekin sortzaile batzuen lanak ziurtatuta dauka leku bat eguneroko informazioaren jarioan. Leku xumea nahi bada, baina leku bat azken finean. Gela bat norberarena, Virginia Woolfi titulu bat lapurtuz.
Orain kontua da euskal kultur produkzioaz egiten dugun jarraipen hori nola hobetu, nola egin eraginkorrago. Uste dut alor horretan garrantzitsua litzatekeela bi plano bereiztea: komunikazioa batetik eta kazetaritza bestetik. Hau da, kultur kazetaritzak badu zeregin berezi bat komunikazioaren esparru zabalagoan eta funtzio hori zein den zehaztea merezi duela iruditzen zait.
Kultur komunikazioak ekoizten den horretaz hitz eginaraztea du helburu: ekoizpen jakin bat du abiapuntu eta harekin lotutako balio-kate bat helarazi nahi dio publiko bati. Kultur kazetaritzak berriz, beste edozein esparrutako kazetaritzak bezala, jasotzen duen informazio horri filtro batzuk pasa behar dizkio. Mezua lehengai gisa harturik, materiala baloratu, galderak egin, landu, kokatu, sailkatu eta hierarkia bat ematen dio.
Eta hori ere egiten ari gara, baina agian gutxi eztabaidatzen dugu erabiltzen ditugun irizpideez. Berritzen ditugu gure informazio iturriak? Erdi-normalizatutako sistema bat izatea lortu du euskal kulturak, bere komunikazio kanal profesional edo erdi-profesionalak ditu, baditu kultur ekoizpenean diharduten enpresak, baditu hainbat eragile kultural… Eta horiek informazio iturri esanguratsua dira; baina batzuetan inpresioa daukat “araututako” iturri horietatik kanpo gauza asko gertatzen direla eta ez diegula (edo nik pertsonalki behintzat ez diedala) behar besteko arretarik eskaintzen –eta har bedi autokritika bezala, beste ezer baino gehiago–.
Gure lana iristen zaigun informazioa filtratzea baita, baina kontatu nahi ditugun historiak bilatzea ere bai. Inon agertzeko ahalegin berezirik egiten ez duen artista hori behar baino gutxiago hartzen dugu kontuan agian. Eta agian gure menuan leku gehiago izan beharko lukete bokazio nazionalarekin jaio ez diren arren, fenomeno lokalak diren arren, tokikotasun hori gaindi dezaketen ekimenak eta sortzaileak.
Jakinda inoiz ez dugula euskal kulturaren argazki erabateko, fidel eta objektiborik eskaini ahal izango (ezinezkoa delako), oreka bat behintzat bilatu genezake gure ohiko iturrien eta hain araututa ez dauden bideetatik ezagutu ditzakegun gauzen artean. Horrek freskotasuna emango ligukeelakoan nago.
hautatu behar da
 
Sailkatu, izendatu, gidatu
Kazetaritzatik egin dezakegun beste ekarpen bat kualitatiboa da: lau aurrelarirekin jokatzeak gol gehiago ziurtatzen ez dituen bezala, tematika bati buruz etengabe informatzeak ere ez du zertan publikoaren erantzunik probokatu (eta barka, bigarren metafora futbolistikoa erabili dut jada). Beste era batera esanda: euskal kulturari buruz etengabe aritzeak ez du zertan ekarri euskal kulturaren hedapen hoberik.
Gure kultur produkzioaz informatzen hasten den edozeinek badauka problema bat: zaila da aurkezten diren ekoizpenen artean desberdintasunak egiten hastea. Gure asaben garaitik datorren espiritu demokratikoak hor dirau eta mundu guztiari tratu berdina ematea da, egoera normal batean, normaltzat hartzen dena.
Zaila da euskal prentsan publikatzea, adibidez, idazle baten lana B seriekoa dela (nahiz eta denok dakigun kultur sistema normalizatu batek bere B seriea eduki behar duela eta nahiz eta denok imajina dezakegun zein izan daitekeen B serieko idazlea eta zein ez). Zer esanik ez, oso zaila euskarazko ekoizpenari buruzko kritikak publikatzea beharrezkoa litzatekeen zintzotasunez. Mota horretako sailkapenak eremu pribaturako uzten ditugu. Eta ondorioz, publikoak jaso dezakeen irudia da euskal kultur ekoizpena lautada bat dela, dena onaren eta txarraren gainetik dagoela. Eta ez baldin badu ezagutzen, ez du jakingo nondik hasi.
Uste dut hor ahalegin bat egin behar dugula: gertakizun kulturalei kokapen bat eman behar diegu, beti eztabaidagarria izango dena, noski, baina gutxienez identifikagarri bihurtuko dituena, baita iniziatu gabekoentzat ere. Bestela agian ezinezko zerbait eskatzen ari gara publikoari: apenas gida-lerrorik gabe liburu hau edo bestea, kontzertu hura edo beste hau, antzezlan bi hauetako bat… aukera dezala. Bestela ere eskura ditu ekoizpen kultural identifikagarriagoak hizkuntza nagusietan.
Gai honetaz biziki gomendagarria da Eduardo Apodakak Identitatea eta anomalia liburuan egindako ekarpena: askoz sakonago eta zabalago ari da, baina kontuan izan beharko genuke kazetaritza egitean zenbat zentzu konfiguratzen ditugun.
Guk jartzen dugu gaia
Hirugarren gai batean ere jarri nahi nuke azpimarra: eztabaida publikoa piztu behar da. Zer gertatuko litzateke, adibidez, programazio publikoetan euskaraz ari diren sortzaileei lekurik egiten ez zaien bakoitzean albiste bat egingo bagenu? Normalean nahiago dugu positiboak izan eta euskaraz egiten den horretan fokua jarri. Baina uste dut ez genukeela bestea baztertu behar ere: sortzaile euskaldunak ez dauden lekuetan, zergatik ez dauden sistematikoki galdetuko bagenu, programatzaileengan eragina izango lukeela seguru nago.
Programazio publikoetako hizkuntza-banaketak aztertzeari ekingo bagenio, “naturalak” diruditen zenbait hautu zenbateraino baldintzatuta dauden ikusiko genuke. Hedabideok bete dezakegu markaje-funtzio hori, lagundu dezakegu problema batzuk ikusarazten. Batzuetan, intuitzen ditugun arazoen inguruan datu zehatzagoak edukitzea besterik ez zaigu falta.
arazoak seinalatu
Ez dira hedabideetatik sustatu daitezkeen eztabaida bakarrak. Subjektu-posizioen ugaritasunak ezaugarritutako garai hauetan, merezi luke galdetzea ea zein gradutan kontsumitzen dituen publiko euskaldunak kultur ekoizpenak bere euskalduntasunaren bektoretik. Ez ote dira beste subjektu-posizio batzuk nagusitzen ari? Zein dira? Erantzunak etor daitezke euskararen bektorea beste batzuekin harremanetan jarriz (klasea, generoa, bizi-estiloak…), gaitegi oso bat dago hedabideentzat hor, euskal kultura beste ardatz identitario horiekin harremanean jarriz eta harreman horiek esplizitatuz landu daitekeena.
Eta gai hauek esplizitu egiteak badu bere garrantzia. Azken finean, euskal kultura aukeratu egin behar da oraindik, aukeraketak eskatzen du kontzientzia bat edo, Ustela aldizkarian duela 40 urte idatzi zuten moduan, sindrome bat, sintomatologia bat. Askotan, euskarazko hedabideok funtzionatu dugu kontu hauek inplizituki ulertuko balira bezala. Euskaraz ari garen momentutik gauza asko esan gabe doazela pentsatu izan dugu. Baina uste dut esan gabe doan hori ere pixka bat esan egin behar dugula, badaezpada, inork ez dezan pentsa ez esatearekin balioa kentzen ari garela euskaraz egiteari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA