Euskal Herriko hainbat kirolari eta klubek Euskal Herria Kirola sortu dute, nazioarteko lehiaketetan munduko beste edozein nazio bezala aritzeko helburuz. Nazioarteko federazioarekin lehiaketak kudeatzeaz elkarte hori arduratuko dela adierazi zuten atzo egin zuten aurkezpenean, Arkaitz Goñi, Iker Acero, Irati Anda eta Mikel Troitiñok.
Hala egiterik ez dagoen kasuetan “nazioarteko txapelketa alternatiboak” antolatuko dituztela jakinarazi zuten. Gaineratu dutenez, egungo egoeran zaila da euskal selekzioaren alde egitea, Euskal Herriko kirol federazioen jarduna Frantziako eta Espainiako federazioek mugatzen dutelako. Hori dela eta, EH Kirola “dagoenaren aurka ez, dagoen hutsunea betetzera doa”, adierazi zuten.