Euskal Girotze Barnetegiak. Ikasleen barrunbeak arakatzen

  • Astebetez jolas giroan euskaraz bizitzeko aukera. Horixe da Euskal Girotze Barnetegien eskaintza. Mende laurdena igaro berri da lehen esperientziatik, egitasmoaren beharra dagoen seinale.


2010ko azaroaren 7an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Euskal Girotze Barnetegiak
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Etxeko eta kaleko erdal giroan bizi diren ikasleen euskararen erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzeko prozesuak antolatzea da barnetegien helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak sortu zituen Euskal Girotze Barnetegiak orain 25 urte, NOLEGA (Euskararen Normalizazio Legearen Garapena) programaren baitan. 1985-86 ikasturtean antolatu zen lehendabiziko barnetegia Euban (Bizkaia). Gaur egun, bost barnetegi daude martxan: Alkizako Erretore Etxean, Elgoibarko Aubixa baserrian, eta Segura, Barria eta Urduñako aterpetxeetan. Iñaki Iturain koordinatzailearekin izan gara solasean egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko.

Eskolentzako laguntza-zerbitzu modura sortu ziren barnetegiak; ikasleek nahitaezko ikastaldiak amaitzerako bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharraren testuinguruan.

Norabide berria

Azken urteetako hausnarketen ondorioz norabide berria hartu dute lan metodologiari dagokionez. Astebeteko epean, eta egindako neurketen arabera, haurren arteko euskararen erabilera areagotu egiten zen, astelehenetik ostiralera. Baina epe laburreko bilakaera zen han gertatzen zena, eskolara itzuli eta euskaraz egiteko amuak eta testuingurua desagertuta, erabilera berriro jaitsi egiten zen.

Lan egiteko ikuspegiaren erdian erabilera zuten, euren jardunen ardatza zen. Egun, barnetegietako jardunaren erdigunean erabileraren ordez, pertsona jarri dute; hizkuntzaren aurrean, hiztuna. Motibazioa da garrantzitsuena. “Gaur egun, ‘Euskaraz egin behar duzu!’ eta horrelakoak esatea alferrik da. Errietek eta zigorrek ez dute lekurik barnetegietako lan jardunean. Haurrak berak nahi duelako hitz egingo du euskaraz eta guk bideratu behar dugu horretara. Alferrik da hori behartuz lortzea”, esan digu Iturainek.

Egitasmoaren arduradunek haurraren identitatean arakatzea beharrezkoa dela ikusten dute: haurra zein ingurunetan bizi den ezagutzea, nola bizi dituen hizkuntzak jakitea, zergatik aukeratzen duen bata edo bestea... Haurraren identitatera iristeko ahalegina egin behar delakoan daude. Emozioak, sentimenduak, baloreak eta usteak era kontzienteagoan eta planifikatuan lantzea litzateke kontua. Barnetegietan haurrek ondo pasatzeko, dibertitzeko eta gozatzeko, eskola kutsurik gabeko jardunak izaten dituzte eta ekintza horietan haurrak hizkuntzen inguruan hausnartzea lortu nahi da. Haur batzuengan ereiten da hizkuntza beste begi batzuekin ikusteko hazia, eta horrek epe luzeagoan fruituak emango dituelakoan daude.

Barnetegi guztiek metodologia bera darabilte, baina bakoitzaren aukeren araberakoa izaten da astebeteko programa. Alkizako barnetegian Lehen Hezkuntzako 3. 4. eta 5. mailetako haurrak izaten dituzte. Esaterako, barnetegi horretan ondoko ekintzak burutzen dituzte, besteak beste: jolas kooperatiboak, animalien jolasak, ipuin tailerrak, zaldi gainean ibili, abestien cd-ak prestatu, herria ezagutu eta mendi irteerak.

Jarraipena irakasleen esku

Taldearekin batera bertaratzen diren irakasleentzat ere prestakuntza gune izaten dira barnetegiak. Hizkuntzaren erabilera bultzatzeko landu eta probatu dituzten metodologia eta baliabideak eskaintzea eta gai honen inguruan laguntza eta aholkua ematea ere Euskal Girotze Barnetegien xedeak dira. Barnetegietan landutakoa eskoletara eramateko aukera daukate irakasleek. Hori dela eta, irakaslearen jarrera funtsezkoa da landutakoari zukua ateratzeko. Hainbat ikastetxek urtero egiten dute barnetegietara joateko eskaera, horien kasuan taldeen bilakaera gertutik jarraitzeko aukera dago, irakasleak ezagutzen dituztelako. Baina, oro har, egonaldia amaitu ondoren, ez da ikasleen jarraipen sistematikorik egiten.

Gurasoek ere izaten dute aukera haurrek barnetegietan egindakoa ezagutzeko. Egonaldia amaitzen denean, ikasle bakoitzak CD bat eramaten du etxera. Bertan, astean zehar egindako ekintzen argazkiak eta bideoak egoten dira. Gurasoek haurrekin batera ikusi ohi dituzte CDak, esperientziaren berri zuzenean jasoz. Monitoreek gurasoentzako mezuak ere grabatzen dituzte; egonaldian egindako lanak jarraipena izatea, hein batean, euren esku dagoela adieraziz. Urteak joan ahala, haurrek ere hor izango dute oroigarria noiznahi begiratzeko eta nahi izanez gero hausnarketarekin ere jarraitzeko. Iñaki Iturainen iritziz, gurasoek egonaldien inguruan egiten dituzten ebaluazioak fidagarriak izaten dira eta, oro har, balorazio onak egiten dituzte. Alde batetik, haurrek oso ondo pasatzen dutela ikusten dute, eta hainbatetan gurasoak harrituta geratzen dira haurrek eurei euskaraz egiten dietenean. Nolabaiteko jarrera aldaketa sumatzen dute.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!