Espainiak inoiz baino arma gehiago erosten dizkio AEBei

  • Azken bi urtetan Espainiak Amerikako Estatu Batuetako armetan egindako erosketak izugarri handitu ditu. Trumpek Sanchez publikoki kritikatu du defentsako gastua berak nahi beste handitu ez duelako, baina 2023tik hona AEBei ordaindutakoa azken 75 urtetan erositako guztiaren ia laurdena da.


2025eko urriaren 17an - 11:59
Azken eguneraketa: 15:33
Trump eta Sanchez NATOko bilera batean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Donald Trump muturtuta agertu da Pedro Sanchezekin asteotan. NATOko herrialde guztiek defentsa gastua euren Barne Produktu Gordinaren %5a izatea nahi du Trumpek. Espainiako Gobernuak, zentzu honetan, hainbat urte daramatza defentsa aurrekontuak igotzen, aurten BPGaren %2 gainditzera arte. Trumpentzat, ordea, ez da nahikoa, eta Espainiako produktuei muga-zergak ezartzearekin mehatxu egin du. Hala ere, azken bi urtetan Espainiak AEBetan egiten duen gastu militarra izugarri handitu da.

Ameriketako Estatu Batuetako DSCA Defentsa, Segurtasun eta Lankidetza Agentziaren urtekari estatistikoaren arabera, Espainiak 2.907 milioi dolar utzi zituen AEBetako armamentuan 2024an. Urtebete lehenago, 2023an, gastua 1.682 milioi dolarrekoa izan zen. Alegia, datuak dauden azken bi urte osoetan, Espainiak inoiz baino gehiago erosi zion munduan gastu militar handiena duen herrialdeari: 4.500 milioi dolar baino gehiago, El Paísen arabera. Kontestuan jartzearren, Espainiako Defentsa Departamentuaren urtekari estatistikoaren arabera, 1950. urteaz geroztik Estatu Batuetan egindako gastu militarra 16.973 milioikoa izan da. Hau da, azken bi urtetan ordaindutakoa azken 75 urtetan erositako guztiaren ia laurdena da.

Sanchezen gobernuak gastu hori kudeatzeko buruhausteak izan ditu eta finantzaketa bide posible guztiak berraktibatu ditu, Defentsa Ministerioak aurreikusten ez dituenak barne. Horien artean, Industria Ministerioaren eta I+G jardueretarako aurreikusitako partidak.

AEBen bezero hoberenen artean ez da herrialde europarrik ageri, azken 75 urtetako datuak kontuan izanik. Defentsa Sailak helarazitako datuen arabera, gastu gehiena euren aliatu nagusiak eta hainbat gerratan menderatu dituzten herrialdeek egiten dute. Alde handiarekin Saudi Arabia da bezerorik hoberena, 181.000 milioi dolarreko gastuarekin. Bigarrena, urruti, Japonia, 69.000 milioi dolarrekin. Israel, hirugarrena 63.000 milioiekin. Ondoren, Australia dator, 61.000 milioi dolarreko gastuarekin. Europar Batasuneko lehen bezeroa Polonia da, 41.000 milioi eurorekin. Zifra horren erdia 2022tik hona kontzentratzen da, hots, NATOk Errusiaren aurrean duen azken muga indartzeko beharra handitu zenetik.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude