ARGIA.eus

2022ko urtarrilaren 25a

Esklerosi anizkoitza sortzen duen birusa aurkitu du ikerketa batek: mononukleosiaren berbera da

  • Harvardeko Unibertsitateko zientzialari talde batek egin du ikerketa 20 urtez, AEBetako 10 milioi militarren analisiak aztertuta. Ondorioztatu dutenez, “seguruenik” Epstein-Barr birusak eragiten du esklerosi anizkoitza. Gaixotasun degeneratiboa saihesteko aurrerapausotzat jo dute aurkikuntza.

Leire Artola Arin @aleirea
2022ko urtarrilaren 14a
Munduan 2,8 milioi pertsonak dute esklerosi anizkoitza. / Argazkia: isanidad.com

“Kausalitatezko froga sendoak ematen dituen lehen ikerketa da”, definitu du Alberto Ascheriok, Harvardeko Unibertsitateko ikerketa-taldeko zientzialariak. Adituen esanetan, Science aldizkarian argitaratutako makro-ikerketa aurrerapausoa da esklerosi anizkoitzaren sendabidea aurkitzeko. Gaitz degeneratiboa eragiten duen birusa identifikatu dute: “seguruenik” Epstein-Barr birus infekziosoak sortzen du; mononukleosia eragiten duen berbera. Beraz, Epstein-Barren kutsatzea eragotzita, esklerosi anizkoitza saihestu liteke, ikertzaileen arabera.

Lotura horren ondoriora iristeko 20 urtez AEBetako 10 milioi militar aktibori analisiak egin dizkiete bi urtez behin. Azterketa “zaila” izan dela azpimarratu dute, helduen %95 kutsatzen baita Epstein-Bar birusaz (eta betirako geratzen da gorputzean, ezkutuan), baina esklerosi anizkoitza ezohiko gaitza da eta birusaz infektatu eta hamar bat urtera agertzen dira sintomak. Ikerlari-taldeak honelaxe azaldu du bien arteko harremana: “Esklerosi anizkoitza pairatzeko arriskua 32 aldiz biderkatu zen Epstein-Barr birusaz infektatu ostean, baina ez zen aldatu bestelako birusak hartu eta gero”.

Kalkulatzen da munduan 2,8 milioi pertsonak dutela esklerosi anizkoitza eta, egun, ez dago hura saihesteko edo sendatzeko modu eraginkorrik. Gaixotasun degeneratibo kronikoa da, nerbio-sistemari eragiten diona. Mielinak erasotzen ditu, alegia, bizkarrezur-muina eta burmuineko neuronak babesten dituen geruzak.

Kanal honetan artxibatua: Esklerosi anizkoitza

Esklerosi anizkoitza kanaletik interesatuko zaizu...
Esklerosi anizkoitza eta erlea: Maryseren lekukotasuna

Egunotan, zehazki uztailaren 14an, hainbat jende busti baita borondate onez esklerosi anizkoitza daukaten pertsonekiko elkartasunez, nire aldetik bustitzeko modu ona iruditu zait aipatzea gaixotasun bera duten batzuek erlea darabiltela beren arazoa hobetzeko edo gutxienez... [+]


Irakurrienak
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude